IKASLE ANDANA, LANDAKOKO KORRIDOREETAN BARRENA
Oihuka eta algaraka sartu ziren Landako guneko atetik. Lehen betekada izan zuen Euskal Herriko ikasleen eskutik. Atartea, aurtengo espazio berrietako bat ere bisitariz bete zen, iazko Sormen Bekaren emaitza den erakusketa bertatik bertara ikusteko. Eta artisau profesionalak zain izan zituzten zaleek Euskal Dendan.

Ilarak, kanpo zein barru. Auto eta autobus ilarak -160 heldu ziren Euskal Herriko makina bat txokotatik- Durangoko kaleetan, eta Landako gunean, berriz, gustuko musikarien selfie eta sinadura bila zebiltzan ikasleek sortu zituzten ilarak.
Ikustekoak ziren, esaterako, ETS eta Zetak taldeen salmahaiek, aurten ere, eskaintzen zuten irudia. Ordubetez egon ziren zain haur eta gazteak Iñigo Etxezarretaren selfiea edo sinadura lortzeko. Irribarrez hartu zituen zale denak Ekorako musikariak.
Goiztiarrenak Landako gunearen kanpoaldean zeuden goizeko 9.30ean, ateak ireki baino ordubete lehenago. Txikienak irakasleekin eta zaharragoak bakarrik, kuadrilletan. Izan zen etxetik goiz atera beharrarekin, behin Durangora ailegatuta, lehenik ogitarteko ederra jan zuenik. Lehentasunak lehentasun. Porrotx eta Marimotots zain zituzten sarreran, ongietorria ematen. Gaztetxo askok haiekin argazkia egiteko baliatu zuen unea. Oihu eta algara artean, minutuek aurrera egin ahala, korridoreak berotzen joan ziren. Tenperaturak eta giroak, biek egin zuten gora. Elena Marguello Azokako komunikazio arduraduna batetik bestera zebilen. Azokarentzat Ikasle Goizak duen garrantziaz galdetu genion. «Oso garrantzitsua izaten da goiz hau. Izan ere, ikasle asko lehenengo aldiz datoz eta ikastetxeen bidez ezagutzen dute Azoka. Gunez gune egiten diren tailerretan askotariko kultur diziplinak ezagutzeko aukera dute, ezagutzen ez dituzten sortzaile berriak ezagutu eta hartu-emana edukitzeko. Garrantzitsua da, gazteen artean kultur transmisioa sustatu nahi dugulako, eta, era berean, euskaraz dela ikustea eta ikasleek hori jasotzea oso garrantzitsua da Azokarentzat», adierazi zion GARAri. Denera 2.500 ikaslek baino gehiagok parte hartu zuten Landakon zein herriko beste guneetan barreiatutako tailerretan.
SEKTORE BIZIA
Landako utzi eta Merkatu Plazan egin genuen bigarren geldialdia. 29. urtez ireki ditu ateak Euskal Dendak Durangon, Azoka Plazan. 1.600 metro karratutan banatuta, denera 53 salmahai prest daude eskuz egindako produktuak saltzeko. Bitxigintza, bisuteria, ehungintza, koadernaketa, zeramika, larrua, ilustrazioa, jostailuak, kosmetika... gustu guztietarako eskaintza dago. Sektore bizia da. Horren erakusgarri, bertaratutakoen %28 baino gehiago, hau da, 15 enpresa, berriak dira Durangaldeko plazan. «Enpresa horietako batzuk oso garai zailetan sortu berri dira, eta jasota geratu dira bai sektorearen belaunaldi berrikuntza, bai erakundeen laguntza behar dela». Arbaso elkarteko arduradunen hitzak dira.
Hauxe azpimarratu zuen Txus Gruzeta artisauak, Herediatik iritsitakoak. Arabako ordezkaria da Arbaso elkartearen zuzendaritzan. Kezka nagusiez galdetuta, hau esan zuen: «Erakunde publikoen laguntza da kezka handiena. Mikroenpresa bezala, dirulaguntzei lotuta gaude. Eta merkatua behar den bezala antolatzea eskatzen dugu. Gu autonomoak gara eta batzuetan udalek, azokak antolatzen dituztenean, ez dute bermatzen parte-hartzaileen artean hala denik». Hiru hamarkadako ibilbidea du atzean.
Alex Gonzalez bilbotarra aurkitu genuen beste postu batean. Bere zeramika lanek bisitarien arreta pizten dute. Urte dezente daramatza Durangora etortzen. Pena agertu zuen desagertzen joan diren ofizioengatik. Bere lanbidea da horietako bat, buztingintza. «Beste artisautza lan batzuk errazagoak dira, gureak lan-tresna ugari eskatzen ditu».
ATARTEA, ESPAZIO BERRIA
Euskal Dendatik Durangoko Arte eta Historia Museora. Pozik aurkitu genuen Garazi Arrizabalaga zuzendaria Atartea espazio berriaren irekieran. «Ilustratzaileen lana azaltzen da bai liburu, bai diskoetan. Azokan beraien txokoa ere behar zela ikusi genuen eta, kulturaren jaialdia denez, espazioak zabaldu beharko zirela. Arte eszenikoek badute presentzia, musikak eta zineak ere bai eta arte plastikoak kanpoan geratu izan dira», esan zigun. Iazko Sormen Bekari esker ondutako artelanak jarri ditu ikusgai Irati Bazetak, eta aurtengo liburuetan argia ikusi duten obrak ere aurkituko ditu bisitariak Atartean. “Euskara jendea”; horixe, Gerediaga Elkarteak Sormen Beka eskuratzeko iaz proposatu zuen gaia. Gure hizkuntzari erreparatu dio bere proiektu artistikoan Irati Bazetak. «Euskararen egoerari jarri diot arreta. Larrialdi linguistikoan gauden honetan zapalduak izatearen kontzientziarik ba ote daukagun hausnartu nahi izan dut. Buelta eman eta erantzun kolektiboak nola sortuko ditugun, horren inguruan ere bai», azaldu zuen. Kontzientziatik ahalduntzera garamatza Bazetak. «Kontzientzia ez da inoiz indibiduala, beti kolektiboa izan behar du. Euskarak bizi duen zapalkuntza ekarri nahi izan dut biriken irudiaren bitartez, arnasguneen galera irudikatu. Eta, era berean, euskalgintzak egin duen lana, bestela ez ginateke hemen egongo». Hainbat ispilu jarri ditu erakusketa aretoan, eta azpian galderak. Kolektiboki zer egingo dugu euskararen alde? Zapalkuntza egoeraz jabetzen al gara? Nola gauzatzen da euskararen bazterketa? Zein jauzi kolektibo behar dugu? «Gustatuko litzaidake hona etortzen denak ispiluen parean jarri eta galderak erantzuteko ahalegina egitea, nire helburua baita elkarrekin hausnartzea eta eztabaidak sortzea». Horretarako aukera emango dute bisita gidatuek. Bihar, 17.00etan, izango da lehenengoa, eta abenduaren 10ean, 18.30ean, bigarrena.

López de Gereñu, primer muerto con Juan Carlos I

El sondeo de Lehendakaritza vuelve a dar la victoria al PNV en la CAV

Tras el fin de la guerra en Ucrania, ¿confrontación Europa-Rusia?

El TEDH falla que París conculcó los derechos de Ibon Fernández Iradi
