Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
BLUE MOON

Sormena, galera eta ahanztura

Richard Linklater denborarekin eta espazioarekin dantza egiten dakien zinemagilea da. Hori islatzen dute, adibidez, “Before” trilogiak eta “Boyhood” filmak; biak maisulanak. “Blue Moon” bere lan berriak Lorenz Hart kanta idazlearen azken urteetan murgilduko gaitu: AEBko antzerki musikaleko figura distiratsu, baina tragikoa.

Hart eta Richard Rodgers musikagilea bi hamarkada luzez aritu ziren elkarlanean, eta antzerki musikalaren historian arrastoa utzi zuen bikotea osatu zuten. Baina, egun batean, euren arteko elkarlana eten egin zen: Harten osasun arazoek eta adikzioek guztia zaildu zuten.

“Oklahoma!” musikalaren -Hartek ez zuen parte hartu- estreinaldiaren ondorengo orduetan girotzen da“Blue Moon” filma. Istorioa ia denbora errealean kontatua dago, eta New Yorkeko Sardi’s tabernan gertatzen da. Bertan, Hartek bere autoestimu hautsiari aurre egin behar dio: guztiekin solasean arituko da, eta ikuslea hizketaldi eta hausnarketen lekuko bihurtuko da. Gau horretan, Hartek nolabaiteko belarrondoko emozionala jasango du; izan ere, munduak, behinola gurtzen zuenak, jada bera gabe aurrera jarraitu duela sentituko du.

Ethan Hawke da, funtsean, filmaren arima. Ironiaren, umorearen eta minaren arteko nahasketa fin batekin interpretatzen du pertsonaia; lan harrigarria egiten du.

Richard Linklaterrek oso film intimista osatu du, erokeria narratiborik gabe: elkarrizketa ugari, isilune astunak, lasaitasuna… Tarteka antzezlan bat dirudi.

Azken finean, bidaia tristea, delikatua eta oso gizatiarra da, sormena itzaltzen denean eta mundua horretaz jabetu ere ez denean gertatzen den horri buruzkoa.

Linklaterrek berriro erakutsi du istorio txikiak sekulako sakontasunez kontatzen dakiela.