Azurmendi kolosala, Azokan ez, euskal kulturaren jaialdian izan da
Iragan uztailean zendutako Joxe Azurmendi filosofo, pentsalari eta idazleari gorazarre egin zioten atzo Durangoko Azokan. Bere bideari jarrai, umiltasunaren lorratzean goratu zuten Euskal Herri garaikideari egindako ekarpen kolosala. Bere izena darama ere aurten esleitutako Sormen Bekak, Azoka izatetik kulturaren jaialdi izaera hartzera pasa den urteko hitzordu nagusian.

Joxe Azurmendi pentsalari eta filosofoari omenaldia eskaini zioten atzo Durangoko Azokan “Jakin”-ek eta Gerediaga Elkarteak. Uztailean desagertu zen Azurmendiri ertz desberdinetatik begiratu zioten bertaratutako egile, idazle, musikari eta filosofoek, handia baita, oso, zegamarrak utzi duen ondarea.
“Jakin”-eko zuzendari Lorea Agirre taularatu eta egilearen pentsamenduan zehar zabaldu zuen bidea. «Gerraosteko basamortuan bezala, umezurtz geratutako belaunaldi batekoa» izan zela aipatu zuen, ekintzailea oso, eta zubi eraikitzailea izatez, belaunaldi berriek idazten eta esaten zutenarekin beti adi.
Idazle kolosala, auzi desberdinez idatzi izan zuena bere ibilbide ezin oparoagoan, Azurmendi «askatasunerako pentsalari» izan zela azpimarratu zuten, ardatz nagusi batzuk oinarri izan dituena: kontzientzia askatasuna, herri askatasuna eta giza askatasuna.
Joxe Azurmendi bera poeta gisa plazaratu zen euskal letren mundura, “Hitz berdeak” lanarekin. Bertan argitaratu zuen “Manifestu atzeratua” poema. «Bertan agertzen dira 60 urtean landuko dituen hainbat gai, gaur egun ere oihartzun egiten diguten auziak eta kritikak eta ironiak planteatzen dituena. Azken finean, esan dezakegu poema horretan galdera bat planteatzen duela Azurmendik, gerora beti errepikatuko duena. Zer egingo dugu libertate gose kolektibo honekin? Herri honekin? Gizatasun honekin? Nora eramango dugun, zer makurkeria eta aldeko zer gauza ditugun», azaldu zuen Lorea Agirrek.
“Jakin” aldizkariak ale bikoitza kaleratu du Joxe Azurmendiri omen egiteko, “Zergatik eta zertarako?” galderei erantzuten diona. Ehun egile inguruk parte hartu dute lan bikoitz horretan, hitz lauz, poemez eta bertsoz osatutakoa, askotariko ikuspegiak biltzen dituena.
GIZABERETXOAK
Zubi eraikuntzan Azurmendik izan zuen garrantzian azpimarra berezia egin zuen Lorea Agirrek eta oinordeko berrien etorkizuneko proiektuen berri eman zen ekitaldi berean. Izan ere, Durangoko Azokak atzo eman zuen argitara Sormen Bekaren egitasmoaren irabazlea eta, epaimahaiak hala erabakita, Ainhoa Olasok, Usue Egiak eta Mikel Urdangarinek aurkeztutako lana izan da aurtengo saritua. Komiki bat ontzeko urtebeteko epea izango dute orain, eta hauxe izenburua: “Gizaberetxoak. Joxe Azurmendiren joanak eta etorriak”.
Komiki horren bitartez Joxe Azurmendi eta zenbait autore feministaren arteko (Angela Davis, Simone Weil, Vandana Shiva, Jule Goikoetxea...) elkarrizketa fikzionatuko dute. Krisietatik bilaketatara, gizaberetxo horien ezinegon, galdera eta gogoetak landuko dira, elkarren arteko zubiak eraikiz eta elkar aberastuz.
Euskal Herrian ardaztuta, Euskal Herriko eta munduko bazter zein egoera ezberdinetan kokatuko dira autoreok, haien bizitzako pasarte esanguratsu batzuk ezagutaraziz, haien pentsamendua azalduz eta gaur egun modan dauden gizarte auziak jorratuz. Pasarte ezberdinak collage modura josita, tonu umoretsua, jostalaria eta zorrotza izango da nagusi. Mikel Urdangarin GARA eta NAIZeko kazetari eta filosofoaren tesia ezagutu ostean, hiruren arteko elkarlan proiektu bat izango da.
KULTURAREN JAIALDIA
60. aldiarekin badoa beste urte batez Durangoko Azoka. Urtero legez, milaka izan dira euskal kulturaren tenplua zanpatu duten lagunak, Euskal Herriko leku desberdinetatik Durangoraino gerturatu direnak.
Siadeco etxeak egindako ikerketa plazaratu du aurten Azokak, iazko datuekin osatutakoa, eta ez dira nolanahikoak emandako datuak. Publiko fidela eta euskaltzalea igarotzen da gaur egun Landakoz harago zabaltzen den gunetik; kulturazalea da bertaratzen den jendearen profila eta bertan egiten ditu erosketa nagusiak; eta, halaber, azpimarratzekoa da, behetik gora datorren bisitariena dela Azokak daukan target-a, hots, gazteak ere badirela bertara gerturatzen direnak.
Hori guztia kontuan izanda, Durangoko Azokak balorazio positiboa egin zuen atzo arratsaldean. Eta, batez ere, Siadecoren emaitzek zenbait uste baieztatzeko aukera eman dutela iritzi diote antolatzaileek, hain zuzen, euskal kulturgintzaren hauspo nagusienetakoa dela urteroko hitzordua.
Hartara, aurten kulturaren jaialdi izaera hartu duela ohartarazi zuten antolatzaileek, «hamarkadatik gora daramagulako kultura bere forma guztietan erakusteko ahaleginean. Bai erakustazokak, bai guneek, bai kultura eskaintza ordutegi guztietara zabaltzeak izan duten harrera ikusirik, kulturaren jaialdi izaera erabat finkatu dela esan genezake, datozen urteetarako bidea erakutsiz».

El TEDH falla que París conculcó los derechos de Ibon Fernández Iradi

Agentes del «caso Zabarte» dicen que los proyectiles «cayeron de una bolsa»

Bazofia sintética disfrazada de noticia para hacer política facha

«Sartutako zuhaitzek milaka urte iraun dezakeen basoa sortu dezakete»
