Joxemari CARRERE
Kontalaria

Urrunera

Bere ichtorioak kontatzen zituen su pazterrean jarririk, kapelua khendu eta belaun punttan emanik, begiak erne, urrunerat begira». Ederki azaltzen du Mayi Ariztiak Josepe Amorenak kontatzen zuen unea. Josepe Sarako 80 urteko artzaina zen eta Ariztiak haren ipuin batzuk jaso zituen 1934an argitaratutako “Amattoren uzta” liburuan. Mutil baten istorioa, Axular apezarena, arotzaren istorioa, fede ukatu baten istorioa eta beste hainbat imajina dezakegu kontatzen sutondoan, kapelua belaunean eta, batez ere, begirada urrunean, istorioak gertatzen diren lekuari eta denborari so. «Ikustekoa zen zein gochoki eta eztiki kontatzen zituen bere ichtorioak, Ebajelioa bezein egiak izan balire bezala, hitz bat huts egin gabe!». Hitz gutxitan, Ariztiak, saratarraren kontaeraren aurrean, ederki erakusten digu istorioak ematearen artea zertan oinarritzen den: urrunera begira, goxoki, eztiki eta egia berdaderoak balira bezala kontatu. Denboran atzera joan nahiko nuke Josepe Amorenaren egiak bere ahotik entzuteko.

Urrunera begiratzeak, ipuinetan ezik, badu bizitzan egoteko modu bat. Durangoko Azoka orainetik gerora so egin dezagun deia da. Begiak erne, gure istorioak eta historiak etorkizuneko bihurtu, beste errealitateak imajinatzea posible delako. Hala ez bada, hala gerta dadila.