GARA
ARROSA

«Geroaren lehen notak» idatziko ditu EHZk 2026an, podcast eta dokumentalen bidetik

Berrikuntzekin dator EHZ festibala. Jaialdiaren 30. urteurrenari begirako afixa aurkezteaz batera, datorren urtean festibalaren ibilbidea bilduko duen liburua, EHZren “B aldea” uhinetara eramango duen podcasta eta udazkenean estreinatuko den dokumentala ere lantzen ari direla aurreratu zuten.

EHZ jaialdiko antolakuntza lanetan ibilitako hainbat kidek Arrosan aurkeztu zuten atzo 30. edizio berezia.
EHZ jaialdiko antolakuntza lanetan ibilitako hainbat kidek Arrosan aurkeztu zuten atzo 30. edizio berezia. (EHZ)

Hiru hamarkada beteko ditu iristear den 2026an Euskal Herria Zuzenean jaialdiak. Arrosan, festibalak lehen edizioa egin zuen herrian, egin zuten atzo 30. edizio bereziaren aurkezpena eta, aurreratu zutenez, sorpresaz betetako urteurrena izango da.

Iraganari baino etorkizunari begira daudela frogatzeko, “Geroaren lehen notak” izango da edizioaren lema gidaria, egokitzeko gaitasuna aski erakutsia duen jaialdia baita EHZ: «Garairik garai, bere burua berrasmatu duen eta azalberritu den proiektua da EHZrena, belaunaldi anitzetako laguntzaileek gorpuztu dutena. Aldaketa handiak gertatu dira Euskal Herrian azken 30 urteotan; aldaketak arlo politikoan, kulturgintzaren esparruan, edo euskararen egoerari dagokionez. Urte guzi hauetan, alternatiba zuzenean eraiki dute EHZ egin dutenek. Haien kultur eredua, haien aisialdia, haien harremanak eta haien militantzia eremuak sortuz, nehoren beha egon gabe, kantuaren zirimolan entzunarazi dituzte geroaren lehen notak», azaldu zuten.

30. urteurrenerako ohiko eredua mantenduko dutela jakinarazi zuten elkarteko kideek: hiru eguneko festibala izango da, ekainaren 26tik 28ra Arberatze-Zilhekoan egingo dena; egunez doako egitaraua plazan eta gauez ordainpeko kontzertuak. Hilaren 15ean ezarriko ditu salgai bonu bereziak, 35 euroan. Salneurri horrekin, «inflazio orokorraren garaiotan, kultura ahal bezain eskuragarria izateko xedeari» eutsi nahi izan diote antolatzaileek.

Egitarauaren lehen zantzuak «bizpahiru hilabeteren buruan» iragarriko baldin badituzte ere, «sorpresak izanen» direla agindu zuten antolatzaileek. «EHZ beti izaten da bizipen berezia, aurten, are gehiago», ziurtatu zuten.

LIBURUA, PODCASTA ETA DOKUMENTALA BIDEAN

Urteburu berezia baliatuz, sormen lan handia egin du EHZk. Preseski, liburu bat, podcast sail bat eta dokumental bat ekoizten ari direla aitzineratu du. Podcastak izanen dira eskuragarri izanen diren lehenak, «negu honetan» entzungai izanen dira eta. Liburua irakurtzeko eta bertako argazkiekin iraganera egiteko, aldiz, udaberrira itxaron beharko da. Haatik, azken ekoizpena, dokumentala, festibalaren ondotik kaleratuko dute, 2026ko udazkenean. Azken horrek «gaur egungo EHZko antolatzaileen gogoetak, ametsak eta arrangurak» izango ditu ardatz.

Arrosan egindako agerraldian 30. edizioko afixa ere aurkeztu zuten. Azaldu zutenez, adimen artifizialaren erabilera ugaritzen ari den garai hauetan, eskulanaren eta auzolanaren aldeko apustua egitea deliberatu dute eta, hartara, 30 urtez eginiko irudi eta ilustrazioak batuta osatu dute kartela. «Kolaketa forma horrek ez dio nostalgiari dei egiten», ohartarazi zuten. Alderantziz, asmoa «egindakoa goraipatzea, egungo egoera oinarritzat hartzea eta biharko sortzeko nahikeria azpimarratzea» izan dela argudiatu zuten. «Afixa honek mugimendua adierazi eta geroari so egiteko parada ematen digu. Kulturaren merkantilizazioaren garai hauetan, Ipar Euskal Herriko barnealdean antolatzen den festibal autogestionatuaren ardi beltz izaera agertzen da afixan. Bozgorailuak berriz, EHZren aldarrikapenak eta bertan eskuz esku sortzen diren alternatibak azaleratzen ditu», azaldu zuten.