GARA
DONOSTIA

Iruzur digital gehiago dago gabonetan: gomendio batzuk

Iruzur digitalak nabarmen ugaritzen dira gabonetan, eta milaka erabiltzaile kaltetuta geratzen dira, ez dakitelako sarri bankuari eskatu ahal diotela dirua itzultzeko. Erreklamatu elkarteak prebentzio aholkuak eta biktima izan direnek egin beharreko urratsak azaldu ditu.

Online erosketen kopurua handitzeak aukerak handitzen dizkie iruzurgileei.
Online erosketen kopurua handitzeak aukerak handitzen dizkie iruzurgileei. (Julio LOPEZ | UNPLASH)

Gabonak iritsi aurreko asteetan urteko iruzur digitalen gorakada nagusietako bat gertatzen da. Ainhoa Egiluz Erreklamatu elkarteko juristak garai honetan ohikoenak diren iruzur motak azaldu ditu, baita bankuari dirua itzultzeko noiz exijitzen ahal zaion eta noiz ez ere.

Banku phishing-a da oraindik iruzur digitalik hedatuena. Mekanismo nagusia finantza erakunde baten itxura egitea da, datuak edo pasahitzak lortzeko, eta gero eta bertsio landuagoak erabiltzen dira.

Iruzur digitala tarteko dela egiten diren banku eragiketei buruzko araudiak printzipio nagusi bat ezartzen du: baimenik gabeko eragiketak bankuak itzuli behar ditu, bankuak berak frogatzen ez badu bezeroaren aldetik zuhurtziagabekeria larria egon dela. Horrek esan nahi du froga zama beti bankuaren gain geratzen dela. Erakundeak frogatu behar du sistemak behar bezala funtzionatu zuela, ez zegoela segurtasun akatsik eta biktimak benetan arduragabekeria larriz jokatu zuela.

Auzitegi Gorenak doktrina hori berretsi du, eta doktrina hori aplikatzen ari dira epaitegiak banku phishing-aren inguruko auzietan.

«SENIDEA ARAZOETAN»

Iruzur digital guztiek ez dute sortzen, ordea, bankuen erantzukizuna. Phishing kasuetan biktimak ez du eragiketa baimentzen, baina beste egoera batzuetan erabiltzaileak berak egiten du transferentzia, guztiz engainatuta baina ustez modu egokian jokatuz. Horrelakoetan, epaitegiek ohartarazi dute transferentzia abiatu duen finantza erakundeak ez duela erantzukizunik.

Senidea arazoetan iruzurra bereziki ohikoa da adineko pertsonen eta gurasoen artean. Larritasunezko mezu edo whatsapp bat jasotzen dute, seme edo alabaren izenean bidalita, premiazko gastu bat konpontzeko laguntza eskatuz. Biktimak transferentzia egiten du, baina iruzurgile bati bidaltzen dio.

Urteko egun hauetan gertatzen diren iruzur gehienak ez dira bankuen segurtasun akatsetatik sortzen, baizik eta erabiltzailea presaka jokatzera bultzatzen duten ingeniaritza sozialeko tekniketatik. Arriskua murrizteko neurri eraginkorrenak honakoak dira, Erreklamaturen arabera: ez fidatu «berehala» jarduteko eskatzen duten mezuekin. Ez ireki SMS, email edo WhatsApp bidez jasotako estekak. Bankuko webgunera sartzeko, idatzi zuk zeuk helbidea edo erabili aplikazio ofiziala. Banku batek ere ez ditu kodeak telefonoz eskatzen. Norbaitek SMS bidez kodeak, pasahitzak edo eragiketak baimentzeko datuak eskatzen baditu, iruzurra da.

Egiaztatu diru eskaera oro. Dirua bidali aurretik, egin beti zuzeneko dei bat. Ez egin ordainketa aurreraturik plataforma ezezagunetan. Ez instalatu urruneko kontrolerako aplikaziorik. Eta bi aldiz egiaztatu kontu zenbakia transferentzia egin aurretik.