GARA
IRUÑEA

Nafarroak 0-3 hezkuntza zikloko hitzarmena ez duela betetzen dio intersindikalak

Sindikatuek atzo egindako elkarretaratzea.
Sindikatuek atzo egindako elkarretaratzea. (LAB SINDIKATUA)

Nafarroako Gobernuak 0 eta 3 urte bitarteko hezkuntza zikloaren hitzarmena eta aurrekontu konpromisoak ez ditu betetzen, LAB, ELA, Steilas, Afapna, UGT eta CCOO sindikatuek osatzen duten intersindikalaren arabera.

Intersindikalak, atzo Hezkuntza Departamentuaren aurrean egindako elkarretaratzean gogora ekarri zuenez, 2023ko martxoan sinatu zuten hitzarmena Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak. Orain, hitzarmena bukatzeko urtebete falta denean, ezartzen zituen bi betebeharrak burutu gabe daude, sindikatuen arabera.

Lehenik, udaleko haur eskola guztientzako kudeaketa komuna. «Oraingoz ez da aurrerapausorik egin, ez proposamenik, ez ibilbide orririk sare publikoaren koherentzia, zuzentasuna eta kalitatea bermatzeko», salatu zuten.

Bigarrenik, sindikatuen parte hartzea bermatuko duen sistema bat. Gaur egun horrelako mekanismorik ez dela sortu azaldu dute, nahiz eta berariaz jasota dagoen. «Ez digute informaziorik eman eta, halaber, ez gaituzte integratu 0-3 zikloaren lan etorkizuna, antolamendua eta ikuspegi pedagogikoa erabakitzen den guneetan», esan zuten.

Gainera, hitzarmena sinatu zenetik, kudeaketa komunik ez dagoela, eskaintza publikoaren plangintzan eta eskola mapan aurrera egin ez dela eta sindikatuen parte hartzea bermatzeko sistemarik ez dela sortu deitoratu zuen intersindikalak.

Horrekin batera, Nafarroako Gobernuak iazko eta aurtengo aurrekontu akordioetan hartutako konpromisoak gogorarazi zituzten.