John Cabang irurarra, txapeldun Asiako Hego-ekialde Jokoetan
110 metroko hesidunetako finalean gailendu da Madrilen jaio, 3 urte zituela Irurara bizitzera etorri eta Filipinetako selekzioarekin lehiatzen den atleta.

Thailandiako hiriburuan, Bangkoken, jokatzen ari dira hilaren 9tik 20ra bitartean Asiako Hego-ekialdeko Jokoak -SEA, ingelesezko akronimoari jarraituz- eta bertan John Cabang Irurako atletak Filipinetako selekzioarentzat urrezko domina eskuratu zuen atzo 110 metroko hesidunetako finalean. Gipuzkoarrak 13,66 segundoko denbora eginez irabazi zuen; hau da, Jokoetako errekorra hautsi zuen Cabangek. Garaipen horrekin, duela bi urte brontzezko dominarekin Kanbodian izan zuen lorpena hobetu zuen atzo 24 urteko atletak.
Izatez, John Cabang Madrilen jaioa bada ere, hiru urte zituela gurasoekin Irurara bizitzera joan zen eta erabat etxekotuta dago, nahiz eta nazioarte mailan Filipinetako selekzioarekin parte hartzen duen.
Hain zuzen, Filipinetako selekzioarekin Parisko 2024ko Olinpiar Jokoetan parte hartu ahal izan zuen Cabangek, baina zorte handirik gabe. Izan ere, bigarren aukerako lasterketan parte hartzen ari zela min hartu zuen.
Handik aurrera, lesioekin eta erregulartasun faltarekin ez du nahi bezalako emaitzarik lortu. Alabaina, Bangkok-en erdietsitako balentria honen ondorioz, 2025. urtea uste baino askoz hobeto amaituko du, Parisen pairatzen hasi zen halabeharrezko gainbehera txiki horri gain hartuz bere «errebantxa» lortu baitzuen atzo atleta gipuzkoarrak.
«Urte benetan petrala izan da niretzat, ezin izan baitut Asiako Txapelketan parte hartu, ezta Filipinetako Txapelketan bertan ere. Baina azkenaldian aurrerapauso bat ematea lortu dut eta maila onean iritsi naiz SEAra. Aurrera begira, Asiako Jokoetan ere nabarmentzeko prest nagoela uste dut», gaineratu zuen Cabangek urrezko domina hau lortuta pozarren, abenduan aire libreko atletismoan nabarmentzea lan zaila dela onartu arren.
«Garai honetan pista estalian aritu ohi gara -bera, zehazki, 60 metroko hesidunetan-, baina SEArako prestatu ahal izateko distantzia luzean gogor entrenatu naiz. Indartsu sentitzen naiz orain, eta datorrenari aurre egiteko moduan», azpimarratu zuen, bestalde, Filipinetako atleta gipuzkoarrak.

«Sartutako zuhaitzek milaka urte iraun dezakeen basoa sortu dezakete»

Ya les dieron los coches para patrullar, ahora pedirán la tele en color y las rondas

1986: más secretos oficiales tras Zabalza y los GAL

Reconocidos otros siete torturados por la Policía y la Guardia Civil
