GARA
IRUÑEA

KPIak gora egin du azaroan Hego Euskal Herrian; urteko tasa %3 ingurukoa da

Kontsumo prezioen indizea (KPI) bi hamarren igo da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan azaroan, urriarekin alderatuta, eta urteko tasa %3,2an mantendu da, aurreko hilabetearekin alderatuta. Nafarroan ere bi hamarren igo da, eta urte arteko tasa %3an kokatu da, aurreko hilabeteko urte arteko tasa baino hiru hamarren gorago, Estatu espainoleko Estatistika Institutuak (INEk) atzo argitaratutako behin betiko datuen arabera.

Prezioak mantendu egin dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, aurreko hilean apaldu ostean. Hileko datuei dagokienez, inflazioa %0,2 igo da EAEn, eta, urtea hasi zeneko datuei erreparatuta, %2,6ko igoera izan du. Aldi berean, Nafarroako inflazioaren igoera ere %0,2koa izan da hilabete honetan, eta, urteko datuari begiratuz, %2,4koa izan da igoera. Aurreko urtearekin alderatuz, EAEn prezioak gehien jatetxe eta hoteletan igo ziren; %5,4 gehiago. Ondoren, etxebizitza, ura, argindarra, gasa eta beste erregaiak garestitu dira gehien; % 5,2.

PENTSIOAK GORA

Espainiako Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak emandako datuen arabera, 2025ean hilean 1.511 euro jasotzen dituen pentsiodun batek 2026an 1.552 euro jasoko ditu; hau da, 41 euro inguru gehiago, eta 571 euro, urteko metatuan.