Ane URKIRI ANSOLA
PILOTA

Lana eta distira, Laso eta Albisu lidergora iristeko baliabideak

Piloteo handiko partida izan zuten Nafarroa Arenan Laso-Albisu eta Peio Etxeberria-Rezusta bikoek, eta bigarren erdian, urdinek egindako akats batzuk tarteko, gorriek aldeak handitu eta distirarako aukera izan zuten. Aspekoek irabazi gabe segitzen dute.

Laso eta Albisu, pozik elkar besarkatzen, hirugarren garaipena eskuratuta.
Laso eta Albisu, pozik elkar besarkatzen, hirugarren garaipena eskuratuta. (Iñigo URIZ | FOKU)

«Puntu oso baliotsua»; horrela baloratu zuten atzoko garaipena Unai Lasok eta Jon Ander Albisuk, elkarri laudorioak eskaini bitartean. «Pilota zailak kentzen ditu Unaik, sartzen denean beste erritmo bat jartzen du, min egitera pasatzen da», esan zuen atzelariak. «Hasieratik Jon Anderrek sekulako partida egin du, txokoa ondo kubritu du eta dominatu egin du», esan zuen aurrelariak.

Bikotea ederki konpontzen den seinale dira adierazpen horiek, baita atzo Nafarroa Arenan jokatu zuten partida ere. Hein handian, sentsazioen jarraipena da, Peio Etxeberria eta Rezustak, maila handiko pilotariak izan arren, Binakako txapelketa honetan sentsazio onenak bilatzeko bidean jarraitzen baitute oraindik. Multzoen fase honetan, lau partida jokatu ostean, punturik gabe jarraitzen duen bikote bakarra da Aspekoa, Lau eta Erdiko eta Binakako egungo txapeldunek osatutakoa, alajaina.

URDINEN AKATSAK

Gerra handia egon zen hasierako txanpan, partidaren aginte makila nork hartuko erabakitzeko borrokan. Lehen tanto ikaragarri luzea jokatu zuten eta 10eko berdinketaraino bost berdinketa erregistratu ziren markagailuan. Tartean, bi bikoteek izan zuten abantailarako tartea, lau puntistek lanerako trajea jantzita zutela. Atzelariak oso jotzaile aritu ziren -akaso Albisu erosoago- eta aurrean ere mokoka aritu ziren Unai Laso eta Peio Etxeberria.

Albisuk hankak fresko erakutsi zituen zenbait tantotan. 8-6koan, esaterako, Zenotzekoak txokoan utzitakora iritsi zen eta jokoa erabat zoratu zuen ataundarraren erreakzioak. Eta zoramen horretan Laso artistagoa da.

Hala eta guztiz ere, 8-6ko abantailaren ostean, akats batzuk tarteko -4 galdutako pilatu zituen Baikoko aurrelariak urdinen lehen zazpi tantoetan-, urdinek markagailua irauli zuten (8-10) eta kontrako partziala hautsi nahian jokoa eten zuen ataundarrak. Garaiz hartutako erabakia, hortik aurrera 9-1eko partziala ezarri baitzuten gorriek, une horretan, egindako lanari distira ere jarrita.

Lasok, airez gehiago sartuz, Rezusta atzean ongi behartu zuen, Albisuk ongi eutsi zion eta Peio Etxeberriari plan guztiak aztoratu zitzaizkion. Zenotzekoak horma-bikoetan huts egin zuen -kasik 6ko lerrotik bidali nahi izan zuen bat- eta Rezustari lagundu nahiak erabaki eskasen bat hartzera ere eraman zuen. Lasok artista sena ere atera zuen 20-14koan, garaipena erabat bideratzeko. Gorriak ere ez ziren libratu nekearen ondorioez eta urdinei nolabaiteko hauspoa eman zieten (21-17), baina ordurako gorrien nagusitasuna ezerezean uzteko beranduegi zen. Bizkarreta-Gerediaingoak gantxo eder batez jarri zion zigilua demari.



Baikokoen hiru garaipen laugarren jardunaldian

Asteburu honetan, Binakako txapelketan, enpresen arteko lehiak ikusten ari gara. Laugarren jardunaldia du bikoteka jokatzen den txapelketa nagusiak eta, gaurko partidaren faltan, asteburu honetako hiru partidetan Baiko enpresako bikoteak nagusitu dira Aspekoen aurkako norgehiagoketan.

Atzo, Nafarroa Arenako demaz aparte, Urretxuk ere jaso zuen jaialdi nagusia, Santa Lutzi ferian. Artola eta Imazek bigarren puntua batu zuten, Zabala-Martija 22-15 mendean hartuta. Bigarren puntua eskuratu zuen alegiarrak eta oiartzuarrak osatutako bikoteak eta, beraz, multzoen fasea gori-gori dagoela ere esan genezake. Hain zuzen, sei bikote daude bina punturekin. Goitik, Laso-Albisu dira apur bat aldentzen diren bakarrak (hiru punturekin) eta behetik tartea handiagoa da, Etxeberria-Ezkurdia baita lau partida jokatu ostean punturik batu gabe jarraitzen duen bikote bakarra.

Urretxuko partidari dagokionez, lehen erdia paretsuago joan zen, nahiz eta Baikokoak une oro aurretik izan ziren. 12-11 eta 13-12 izan ziren markagailu estuenak.

Herenegun, Bilboko Deportivon, Larrazabal eta Mariezkurrenak ere bigarren puntua batu zuten, Altuna III.en eta Ezkurdiaren aurka (22-19).

Dena dela, gaur Mallabian jokatuko den partidaren ostean, Elordi-Zabaletak edo Jaka-Iztuetak, bietako batek ere hirugarren puntua batuko du eta Laso-Albisurekin batera partekatuko du multzoen faseko lidergoa. GARA