Zaldi-azienda protagonista Santa Lutzi azoka jendetsuan
Urretxu eta Zumarragan urteroko Santa Lutzi azoka jendetsua izan zen atzo, eguraldia lagun gainera. Zaldi-azienda ikusi ostean, nekazarien produktuak erosteko aukera izan zen, horietako batzuei salmentak hotz samar zeudela iruditu arren. Artisauen lanak ikusteko aukera ere bazen, askorentzat gabonetako opari aproposak izaten direnak.

Goizean bazirudien, larunbata izanda eta eguraldi ona eginda ere, ez zebilela hainbeste jende Urretxu eta Zumarragan urtero abenduaren 13an egiten den Santa Lutzi azokan. Eguerdi partean, berriz, momentuan jatekoak saltzen zituzten postu ugarietan jendea pilatzen hasita zegoen.
Zumarragako Urdaneta kalea zeharkatzea beti izaten da zaila, hor egoten baita denek, eta batez ere haurrek, ikusi nahi duten zaldi-azienda. Pottokak, poneyak, astoak eta Euskal Herriko arrazakoak. Antolatzen duten argazki-rallyrako ere modelo dotoreak izaten dira horiek. Aurten, berrikuntza gisa, haragitarako zaldien erakusketa zegoen eta, abereen pareko espaloian, moxal haragiz egindako hanburgesa pintxoak saltzen ari ziren, euro batean. Sekulako arrakasta izan zuen, eta gero eta zailagoa zen kalearen tarte horretan aurrera egitea.
Lasaiago zegoen La Salle Legazpi ikastetxeko patioa; nekazaritzarako makinen eta ibilgailuen erakusketa zegoen bertan. Artisauak, berriz, Urretxuko Iparragirre kalean eta Zelai Arizti frontoi inguruan zeuden, mimoz sortutako ilustrazioak, poltsak, bitxiak, jostailuak eta esku-pilotak saltzen.
Moxalaren ordez txekorra dastatu nahi zutenek Urretxuko Labeaga kalean zuten aukera; burruntzi erara aurreko egunean prestatutako pintxoak banatzen ari ziren, 3 euroan.
Uxue Artolak Aralarreko ustiategiaren bidez moxal haragia zuzenean saltzen duen laugarren denboraldia du. Aurten lehen aldiz jarri du postua Santa Lutzi azokan. «Euskal Herriko mendiko arrazako behorrak ditugu eta lehen harategietara bideratzen genituen moxalak, baina une batean konturatu ginen lanik zailena guk egin ostean marjina besteentzat zela, eta erabaki genuen salmenta zuzenarekin hastea. Moxal haragia jateko ohitura handirik ez dago hemen, baina arriskatu egin ginen eta oso gustura gabiltza», kontatu zigun. Lehen Tolosako harategi batekin lan egiten zuten, baina hura itxi zenean haragia Italiara bidaltzen zuten, eta bertan sortua bertan kontsumitzearen aldeko apustua egin zuten.
«Moxala jateko ohitura galdu egin da eskaintza ere galdu egin delako. Topatzen ari gara jendea, non erosi ez zekiela gelditu zena, Tolosakoa itxi zenean Gasteiz edo Iruñera joaten zena erostera. Nahiz eta kontsumoa oso zabala ez den, badago. “Zaldi” hitza entzuten dugunean konpainia-animalia batekin lotzen dugu, baina azkenean haragitarako arraza bat da, eta jendea probatzera animatzen ari da», esan zuen.
Orain, zuzenean kontsumitzaileei edo jatetxeei saltzen diete haragia. Salmenta zuzen horrek ahalbidetzen die merkatuaren prezioen menpeko ez izatea, honek gora edo behera egin arren. Beraiek jartzen dute prezioa urtero marjina berdinak izateko, eta horrela atera dezakete aurrera ustiategia.
OILASKORIK EZ, IDIAK BAI
Zumarragako Euskadi plazan zein Urretxuko Gernika enparantzan zeuden tokiko produktuak. Han zebilen Jon Maia bertsolari urretxuarra lagun batekin. «Posible badut, urtero etortzen naiz. Garai batean, gure amonak bizi zirenean, gabonak ospatzera etortzen ginen eta orain batzuetan aitzakia behar duzu etortzeko, eta honek ematen dit, eta ikusten ditut osabak, izebak, umetako lagunak... asko gustatzen zait. Baserritarrak ere bai, noski; hemen kategoriako generoa dago. Mizpirak erostea gustatzen zait ez delako ugaria izaten, errezil sagar batzuk ere eramaten ditut eta odolkiak, eta agian asto txiki bat erosiko dut», esan zuen txantxetan.
Erle produktuak saltzen zituen Segurako Eugenio Elorzak. 52 urterekin lantokitik bota zuten eta ordutik erleekin lanean aritu da. Alaba zuen laguntzaile, baina ez du uste hark erleekin jarraituko duenik. Semeak baditu erlauntz batzuk, baina etxerako eztia sortzeko adina bakarrik. «Erleak ez du ematen hortik bizitzeko. Ez du soldata lineal bat ematen, eta orain dauden arazoekin zailagoa da. Andreak esaten dit pesimista naizela, baina niretzat hori da errealitatea. Salmenta aldetik gaur hotz dago. Jendea badabil, baina ni nagoen bezala gaude denak», aipatu zuen eskuak poltsikoan zituela.
Ondoan, arrautzak saltzen ari zen nekazari gutxietako bat zegoen, Maider Uriarte. Hegazti gripea dela eta, hegazti guztiak konfinatu behar izan dituzte baserritarrek. «Oilo zoriontsuak dira? Zoriontsuak ez dira, barruan daudelako. Oiloak aztoratuta daude. Animaliak dira, baina tontoak ez. Ekoizpena asko jaisten da, eta horrekin batera prezioak igotzen dira. Baina ez horregatik bakarrik; pentsua ere gero eta garestiagoa da, eta jan behintzat egin beharko dute! Nik badakit dozena 5 euroan garestia dela baina, hala ere, ez dugu marjinarik ateratzen», aitortu zuen.
Izan ere, hegazti gripearengatik ezarritako murrizketek azokan bertan eragina izan zuten. Areizaga-Kalebarren plazan izan ohi den oilasko erakusketa eta sariketa ezin izan zen antolatu. Hutsunea nabari zen espazio horretan.
Hegaztirik ez, baina idiak bai. Arratsaldean egin zen idi-proba. Izan ere, Katalunian izandako abelgorrien dermatosi agerraldia ondo kontrolatzea lortu dutenez, orain arte indarrean zen debekua kendu berri du Lakuako Gobernuak.
NEURRI GOGORRAK
Gipuzkoako EHNEko kide Garikoitz Nazabalek ondo aztertu du dermatosiaren gaia. Euskal Herrian ez da kasurik izan, baina azken albisteek diote Ipar Euskal Herritik gertu fokuren bat agertu dela, eta horrekin kezkatuta dago. «Gaitzak animaliengan duen eragin klinikoa baino kategorizazio altuagoa du Europan berria delako, baina esnetan eta haragitan ez du inolako eraginik. Dermatosia A mailako gaixotasuntzat hartzen da eta horrek ikaragarrizko ondorio larriak ditu, ukuilu osoak garbitzen direlako, eliminatu. Katalunia aldean hartu dituzten neurriak oso-oso gogorrak izan dira eta kontrolatzea lortu da eta oso ondo, baina jarri abeltzainaren azalean!», esan zigun.
Kontsumorako kaltegarriak ez diren arren, animalia horiek hiltegira eraman beharrean, etxean hil eta erretzen ari dira. Haragitan animalia horiek izan dezaketen aprobetxamendua eta diru itzulkin hori ez dute jasotzen abeltzainek.
Birusa intsektuetatik datorrenez, eta egun dagoen pertsona eta merkantzia mugimenduarekin, dermatosia aurten Europan sartzen ez bada, datorren urtean sartuko da, eta, Nazabalen ustez, horrekin bizitzen ikasi beharko dugu, gizakiok covidarekin bizitzen ikasi dugun bezala. Hala, gizakiontzat txertaketa kanpainak abiatzen diren bezala, animalientzat ere berdin egitearen aldekoa da; are gehiago, dermatosia ez dela pertsonentzako kaltegarria aintzat hartuta. «Duela bi urte gaitz hemorragikoa izan genuen eta ez zen halako zalaparta sortu».
«Europan neurriak denontzat berdinak dira. Kataluniako fokuak ez dira zabaldu. Zer kristo gertatzen ari da Pirinioez bestaldean? Albo kalteak sortzen dira, eta horrek ematen dit amorrazioa», esan zuen. Izan ere, handik Estatu espainolera kasu bat iristen bada, neurriak zorrotz hartu beharko dituzte; beraz, bera araudia denontzat aldatzearen aldekoa bada ere, une hori iritsi bitartean dagoena leku guztietan betetzea eskatzen du.
Nazabal abeltzain gaztea da, baina onartzen du Gipuzkoan ganaduarekin lan egitea zailtzen ari dela. «Gero jendeak esaten du prezioak igotzen direla; geroz eta haragi gutxiago dago behi gutxiago daudelako, abeltzaintzan lan egiten duen jende gutxiago dagoelako. Ez baduzu aitortza sozialik, astelehenetik igandera lan egin behar baduzu eta, gainera, zenbakiek ez badizute koadratzen... gero esaten dute erreleboa behar dela», kexatu zen.

«Sartutako zuhaitzek milaka urte iraun dezakeen basoa sortu dezakete»

Ya les dieron los coches para patrullar, ahora pedirán la tele en color y las rondas

1986: más secretos oficiales tras Zabalza y los GAL

Reconocidos otros siete torturados por la Policía y la Guardia Civil
