Zinemaren ertzetako ibiltaria

Sailkatzeko zailak diren zinemagileen zerrenda egin beharko banu, Ion de Sosa gipuzkoarra agertuko litzateke bertan; bere lana zinema kostunbristaren, intimistaren eta fantastikoaren ertzetan mugitzen da. “Balearic” da bere proposamenik berriena. San Joan bezperan girotuta dago filma. Luxuzko etxe bateko igerilekuan sartu diren gazte batzuei hiru txakur basatik eraso egin diete, eta bertan harrapatuta geratu dira. Bien bitartean, auzotarrak gertuko hiribildu batean bildu dira udaren hasiera ospatzeko.
Ion de Sosa zinemagileak belaunaldien arteko eztabaida planteatzen du “Balearic” filmean, urteak aurrera doazen heinean munduaz dugun ikuspegia nola aldatzen den aztertzeko. Komediaren eta beldurraren erdibidean dantzan, fabula lisergiko honek irudien eta denboraren artean sorpresaz betetako espazioa marrazten du.
Baina ez du terrorea edo drama errealista soilik erabiltzen: fantasia- eta sinbolismo- elementuak ere badaude. 16 mm-ko ehundura pikortsuak, udako argitasunak eta ondoko mendietako keak atmosfera denboragabea sortzen dute. Sinbolismo horietan hainbat erreferentzia topa daitezke; nabarmenenak, akaso, “Picnic At Hanging Rock” eta “El angel exterminador” dira.
Bisualki film indartsua da; arlo sinbolikoan eta atmosferikoan hobeto funtzionatzen du emozionalean baino. Zerbait abstraktua eta deserosoa onartzeko prest dauden ikusleek soilik besarkatuko dute zuzendariaren proposamena.
“Balearic” ez da film adeitsua: deseroso sentitzea bilatzen du eta disonantzia sozial bat erakusten du. Ion de Sosaren zinemak gogorarazten du arlo komertzialetik kanpo proposamen biziki interesgarriak daudela.

«Sartutako zuhaitzek milaka urte iraun dezakeen basoa sortu dezakete»

Ya les dieron los coches para patrullar, ahora pedirán la tele en color y las rondas

1986: más secretos oficiales tras Zabalza y los GAL

Reconocidos otros siete torturados por la Policía y la Guardia Civil
