Ane URKIRI ANSOLA
PILOTA

Elordi eta Zabaleta, errepertorio zabalarekin, ligaxkaren gorenera

Laso eta Albisurekin berdindu dute Aspekoek ligaxkan, eta datorren asteburuan, igandean, Lekeition elkarren aurka neurtuko dituzte indarrak.

Elordik oso partida konpletoa jokatu zuen, 9 egindakorekin bukatuta.
Elordik oso partida konpletoa jokatu zuen, 9 egindakorekin bukatuta. (Jon URBE | FOKU)

Elordi erritmoa jartzen eta Zabaleta kolpeka; bikote oso indartsua osatzen dute mallabitarrak eta etxarrendarrak. Eta atzo, Mallabian bertan, aurrelariaren jaioterrian, Elordik bere distira handiena atera zuen, Zabaletarekin batera bikote osoa osatu eta, bide batez, aurrean ere errepertorio zabala eskainiz.

Partida hasi orduko 0-5eko partziala ezarri zuten, oraindik ere Jaka eta Iztueta kantxan kokatzeko zeudela. Tolosarrak ez zuen lortu joan den astelehenean erakutsi zuen segurtasuna azaleratzea. Huts gehiegi egin zituen aukeran eta, beraz, Jakak ez zuen bete-betean errematatzeko aukerarik izan, Beotibarren Artola eta Imazen aurka ez bezala.

5-12ko tantoa izan zen lizartzarrak egin zuen lehendabizikoa, ordura arte batutako laurak urdinen akatsen ondotik etorri baitziren. Gerora, guztira, hiru egindakorekin bukatu zuen. Estatistika pobreak Elordi-Zabaleta bezalako bikote txapeldun bat menderatzeko.

Kontrara, mallabitarrak bederatzi egindakorekin bukatu zuen, baina zenbakiez harago, badago sasoi ona neurtzen duen beste ezaugarri bat ere, eta hori kantxan mugitzeko modua da. Noski, Elordik ongi ezagutzen du bere jaioterriko pilotalekua -hala ere, bi sake luze atera zituen- eta hurbilekoak gerturatu izanak are gehiago hauspotu zuen.

URDINEN ERRITMORA

Sentsazio on horien seinale izan zen, esaterako, 10-18ko tantoa. Gorriak hamaika modutara saiatu ziren urdinengan hutsuneak eragiten, baina Elordi eta Zabaletaren koordinazio ona -atzelaria aurrean eta aurrelaria atzean- kontraerasora jotzeko baliagarri izan zen, azkenean Iztueta errebotera bidali eta tantoa ezin eramateko.

Partidan, oro har, urdinek izan zuten aginte makila, hasierako 0-5a lagun zutela. 3-6 eta 9-14ra gerturatu ziren gorriak, eta bigarren erdi horretan indarrak parekatzen ari zirela zirudienean, Elordik errotik apurtu zuen gorrien erreakzioa, beste gantxo ikusgarri batekin. Hortik aurrera, 3-8ko beste partzial batekin, garaipena bideratu zuten Aspekoek, ligaxkan hirugarren puntua batu eta Laso-Albisurekin berdintzeko. Gainera, Eibarko enpresaren asteburuko garaipen bakarra sinatu zuten.