GARA
BILBO

Demokrazia: babesa sendo, poztasuna apal eta desafekzioa orokor samarra

Arantzazulab-ek liburu batean baliabideak jarri ditu, demokraziak gurean dituen erronkak identifikatu eta eraldaketarako tresnak eskaintzeko. Emaitza argigarria da: demokraziari buruzko iritzietan ondo bereizi behar dira “babesa”, “poztasuna” eta “lotura afektibo edo atxikimendua”. Hiru dimentsio horietan herritarren iritzi eta jarrerak ez dira berdinak.

Hala, EAEn demokraziak babes oso handia du. Hamar pertsonatik bederatzi dira gobernu forma horren aldekoak. Joera orokorra da, nahiz eta gizonezko gazteenen artean hainbatek adierazi ez zaiela axola gobernu forma bat edo beste. Era berean, babes hori iraunkorra da eta unean uneko gertakariek ez dute eraginik. Dena den, aldeak daude eta beren burua euskal jatorrikotzat dutenen artean demokraziaren onarpena handiagoa da.

Funtzionamendu demokratikoari buruz, aldiz, analisiek egiaztatu dute efikazia instituzionalari buruzko iritziak aldatu egiten direla ziklo ekonomikoen eta gertakari politikoen arabera. Iritzi-giroa polarizatzen duten diskurtsoak agertzen direnean, partidismoaren efektua nabarmendu eta poztasunari buruzko balorazioak banatu egiten dira. Oro har, datuek erakutsi dute poztasun demokratikoari buruzko tasak egoera politiko eta ekonomikoari buruzkoak baino txikiagoak direla.

Politikarekiko atxikimenduaz emaitzek berretsi dute desafekzioa orokorra dela eta politikarekiko urruntze sentimendua handia dela. Guztion gaietan parte hartzeko joera txikia da, eta politikariek herritarren eskaerei ez dietela kasu egiten uste du gehiengo zabalak.