«Gizartearen kezka nagusiari heltzen dio delitugileen jatorria esateak»
Ertzaintzaren inguruko albisteez, aurrekontuez eta Pedro Sanchezen Gobernuarekin duten harremanaz jardun zen atzo Maria Ubarretxena Lakuako Gobernuaren bozeramailea, NAIZ Irratiko elkarrizketan. Delitugileen jatorria zein den ezagutaraztea justifikatu zuen, «gizartearen kezka nagusiari heltzen» diola argudiatuta.

Maria Ubarretxena, Lakuako Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu sailburu eta Exekutiboko eleduna, NAIZ Irratian izan zen atzo. Bertan defendatu zuen Ertzaintzak hedabideei delitugileen jatorriaren berri ematea «onuragarria» dela. Ubarretxenak adierazi zuenez, datu horiek ezagutaraztea «ezker eskuin egiten ari den politika edo egiten diren deklarazio horiek kokatzeko» balioko du.
PP, Vox eta tankerako alderdiek egin dezaketen erabileraz galdetuta, «gardentasuna» defendatu zuen «erabilera maltzurrik» ez egiteko. «Objektibotasuna mahai gainean dago; horiek dira datuak. Gure gizartea heldua da eta, beraz, erronka honi heldu behar zaio. Gardentasunez eta zuzenean ikusi da, gainera, euskal gizartearen kezka nagusietakoa dela», adierazi zuen.
Ertzaintza, azken aste hauetan, beste hainbat gairengatik ere izan da albiste. 34. promozioko azterketen ustezko filtrazioaren inguruan galdetuta, Ubarretxenak erantzuteari iskin egin zion: «Pentsatu behar dugu ehunka pertsona aurkezten diren prozesuak direla eta ehunka pertsona horien artean egon daitezkeela gorabeherak, baina nik uste dut Arkautiko akademiak oso lan ona egiten duela, iparra ondo kokatuta daukala, badaukagula helburua».
Era berean, sindikatuek berriz taser pistolak eta gomazko piloten erabilera eskatzearen inguruan, Bingen Zupiriaren hitzak ekarri zituen gogora: «Alde teknikotik hartutako erabaki bat izan behar da eta ez alde politikotik hartutako erabakia». «Hau da, Poliziak helburu batzuk dauzka. Helburu horiek, noski, politikoak ere badira, segurtasunarekin zerikusia dutenak dira, baina zein medio behar diren arlo teknikoak esaten du eta, beraz, guk saltsa honetan esan behar duguna da arlo teknikoak hartu behar dituela erabakiak eta ez politikoak», itxi zuen.
Aurrekontuez ere mintzatu zen Ubarretxena. EAJk eta PSEk onartu dituzte kontuak, oposizioaren zuzenketen ekarpen ia apurrik gabe. Hala ere, bozeramailearen hitzetan, negoziazioari «garrantzia» eman zaio eta «borondatea» egon da, baina «tamalez» ez da posible izan. Errealitatea, aldiz, bestelakoa da. Izan ere, Gobernua osatzen duten bi alderdiek oposizioaren 1.233 zuzenketetatik sei baino ez dituzte onartu.
Horien artean, sistema instituzionala berritzeko milioi bateko zuzenketa nabarmendu zuen Lakuako bozeramaileak. Gakoetako bat «belaunaldi erreleboa» dela esan zuen: «Ikusten dugulako beste erronka batzuk daudela, administrazioa digitalizatu egin behar dugu eta hor sartzen zaigu adimen artifiziala. Ikusten ari gara esparru guztietan sartzen ari dela eta Gobernuan ere sartuko da, administrazio publikoan ere sartuko da».
Bestetik, berrikuntza horretan gizarteak parte hartzeko kanalak modernizatu beharra dagoela azpimarratu zuen Ubarretxenak, «demokrazia indartzeko» helburuarekin: «Ikusi dugu Txilen ere nork irabazi duen eta mundua eskuinera doala, guretzat arriskutsuak diren hainbat diskurtsorekin. Gure demokrazia sendotu beharrean gaude».
BETE GABEKO GERNIKAKO ESTATUTUA ETA AUTOGOBERNUA
Era berean, eskuduntzak osatzeko lanean «buru-belarri» ari direla gaineratu zuen eledunak, Madrilen astero bilera saioak egiten dituztela. Onartu zuen urte amaierako «kronometroa» hor dagoela, baina bitartean lanean «diskrezioz» jarraituko dutela eta akordioak daudenean horren berri emango dutela.
Hala ere, pilota «Moncloaren teilatu gainean» dago, Ubarretxenaren esanetan, «beste hamar proposamen» baitituzte Gernikako Estatutua osatzeko. «Euskal aldeak bere etxeko lanak egin ditu eta akordioa bete du. Duela bi hilabete dagoeneko gure proposamenak jarri genituen bestearen mahai gainean. Eta, beraz, orain hamar proposamen horiek zehazten, hitz egiten eta negoziatzen ari gara», azaldu zuen. Autogobernuaren haritik tiraka, «alderdien esku» utzi zituen negoziazioak, bere jarduna lan «exekutibora» mugatzen dela argudiatuta.

1986: más secretos oficiales tras Zabalza y los GAL

Primer paso para garantizar el plurilingüismo en las instituciones

Reconocidos otros siete torturados por la Policía y la Guardia Civil

PNV y PSE aprueban una ley que apela a su artículo 145 y tiene solo 7
