GARA
BILBO

Rementeriak ordezkatuko du Sagredo BBKren lehendakaritzan

Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusi ohia proposatu du BBKren izendapen batzordeak Xabier Sagredo ordezkatzeko Fundazioaren lehendakaritzan. Izendapena asteazken honetan onartu beharko dute entitatearen patronatuak egingo duen bileran.

Unai Rementeria eta Xabier Sagredo artxiboko irudi batean.
Unai Rementeria eta Xabier Sagredo artxiboko irudi batean. (BIZKAIKO FORU ALDUNDIA)

BBK-ko izendapenen batzordeak Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusi ohia proposatu du Fundazioaren presidente izateko, Xabier Sagredo ordezka dezan.

Astelehen honetan jakin zen Sagredok BBK-ko lehendakaritza utziko duela «arrazoi profesionalengatik», hamar urtez baino gehiagoz Fundazioaren buru izan ondoren.

BBKren patronatuak asteazken honetan egingo duen bileran gauzatuko da irteera ofiziala. Eta Europa Pressek atzo adierazi zuenez, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusi ohia proposatu dute BBKren arduradunek Sagredoren lekua hartzeko.

Gaur egun, Rementeria Elkarkidetza erakundeko presidentea da. Deustuko Unibertsitateko abokatu ekonomista eta Administrazio eta Hirigintza Zuzenbidean diplomaduna, Administrazio Zuzenbideko letradu gisa hasi zen lan munduan Sanz & Saiz Abogados bulegoan (1999-2002) eta ondoren Ibarrondo & Lamikiz bulegoan. 2007tik 2008ra Euskal Trenbide Sarea (ETS) enpresa publikoaren sail juridikoko letradua izan zen, eta 2008an, berriz, Bizkailur sozietate publikoarena, egungo Azpiegiturak sozietatearena.

Politikan, Hirigintza zinegotzi eta Mundakako alkateorde izan zen 1999tik 2007ra, eta alkate 2007tik 2013ra. Gasteizko legebiltzarkide ere izan zen 2009tik 2011ra arte, urte horretan Bizkaiko Batzar Nagusietan EAJren batzarkide eta bozeramaile izendatu zuten.

2013ko urtarriletik Lehendakaritzako diputatu eta Bizkaiko Foru Aldundiko bozeramaile izan zen, eta 2015ean Jose Luis Bilbaoren lekua hartzeko hautagai proposatu zuten, hau da, Bizkaiko ahaldun nagusi izateko. Zortzi urte egin zituen ahaldun nagusi.

Ondoren, funtzionario lanpostuari heldu zion Azpiegiturak enpresa publikoan, baina handik hilabete gutxira Elkarkidetzako lehendakari izendatu zuten.

Eta badirudi asteazken honetan berretsiko dutela BBK Fundazioaren presidente izateko izendapena.