Estatuaren bide beretik, Departamenduak 50.000 euro gutxiago emanen dizkio EKEri
Frantziar Estatuak 2025eko EKEren aurrekontuari 30.000 euro gutxiago emanen zizkiola jakinarazi eta hilabete batzuetara, Pirinio Atlantikoetako Departamenduak 2026an bere ekarpena 50.000 euroan murriztuko duela iragarri du. Gainera, Estatuak heldu den urtean murrizketa mantenduko duela ziurtatu du.

Ika-mika handia sortu zuen joan den asteko ostegunean, hilaren 11n, Euskararen Erakunde Publikoaren aurrekontua onartzeko biltzar nagusian. Izan ere, Euskal Hirigune Elkargoak erakunde bakoitzak egiten duen ekarpena gutxienez 300.000 euroan emendatzeko eskakizuna egin baldin bazuen ere, Frantziar Estatuak 100.000 euroan mugatu zuen, eta bere atzetik, kopuru horren alde bozkatu zuten Pirinio Atlantikoetako Departamenduak eta Akitania Berriko Eskualdeak ere.
Bada, Departamenduarengandik iritsi da aste honetako berria: Euskal Kultur Erakundeari (EKE) egiten dion ekarpena 50.000 euroan apalduko du 2026an. Ez da azken hilabeteetan EKEren aurrekontuak zeresana eman duen lehen aldia, uztailaren 16an Estatuak 2025eko dirulaguntza 30.000 euroan murriztuko zuela iragarri zuen eta. Hori gutxi ez, eta heldu den urterako ere 30.000 euroko txikitzea mantenduko duela baieztatu du, gehiago ez bada.
Katixa Dolhare-Zaldunbidek, EKEren lehendakariak, Mediabask hedabideari azaldu zionez, Elkargoak, Departamenduak, Eskualdeak eta Estatuak, bakoitzak, 196.000 euroko ekarpena egin izan diote kultur erakundearen aurrekontuari azken hamar urteetan. Horrez gain, Eskualdeak ez ezik, beste hiru instituzioek ere ekimen zehatzetarako laguntza eman diote -Elkargoak 35.000 eurokoa, Departamenduak 50.000 eurokoa eta Estatuak 10.000 eurokoa-. Gainera, Jaurlaritzak 2026an 10.000 euro gehiago ezarriko dituela zehaztu du, 90.000 eurotik 100.000 eurora iraganez.
Gauzak horrela, galerak eta emendatzeak kontuan hartuz, 2024ra arte jaso izan duena baino gutxienez 70.000 euro gutxiago jasoko ditu EKEk 2026an. Hain zuzen, Euskal Hirigune Elkargoa bere laguntza hein berean mantentzera engaiatu baldin bada ere, Akitania Berriak urtarrilean finkatuko duela kultura arloko aurrekontua jakinarazi zuen Dolhare-Zaldunbidek, hortaz, baliteke murrizketa are handiagoa izatea.
PROIEKTUAK ZALANTZAN
Hala, Departamenduari «harridura eta ez ulertzea» adierazi dizkio kultur erakundeak, eta «galdegin du ea EKEren funtzio soziala eta egiten duen lana zalantzan ezarria dela ohartzen den». Aldiz, Maider Behoteguyk, Departamenduko Euskarako ordezkariak, ez zutela beste hauturik azpimarratu zion Mediabaski. Departamenduak bere funtzionamendutik 18 milioi kendu behar dituela erran zuen, eta ondorioz, aurten kultura lerroak bere horretan atxikitzea ezinezkoa zela aurreikusten zuen.
Hain justu, instituzioak ez du erakundearen funtzionamendura bideratutako diru zama murriztu, hortik kanpo Eleketa programa hauspotzeko laguntza kendu baizik. Beraz, «programa ezeztatzeko» proposatu du. Haatik, Eleketaz arduratzen den langilearen lan garrantzitsua nabarmendu zuen Dolhare-Zaldunbidek: «Departamenduko artxiboekin lan egitea, bilketa lana egitea, soinuak-eta katalogatzea, ondare immaterialaren bilketa egitea...».
Euskal Kultur Erakundeko lanpostu bat zalantzan jarri du hurrengo urterako aurreikuspenak. Dena dela, «EKEk ez du langile hori kanporatu nahi», eta beste aterabide batzuk atzeman nahi ditu, hala nola beste zeregin batzuk ematea.
Bestetik, administrazio kontseiluak 2023 eta 2027 arteko bide orria bozkatu eta onartu zuela oroitarazi zuen lehendakariak. Alta, neurri berri hauen ondorioz bide orriko «ardatzak zalantzak ezarriak dira», baita erakunde publikoek izenpetu zuten helburuen hitzarmena ere.
Preseski, EKEk Ipar Euskal Herriko kultur elkarte anitz laguntzen dituela ekarri zuen gogora. Elkarteetan ahal bezain eragin txikiena izateko, Departamenduak «teknikariek beren dispositiboak nola uztar daitezkeen begiratzeko» aholkatu dio, «Eskualde eta Departamenduak kultur elkarteentzako kultur deialdiak baitituzte». Dolhare-Zaldunbidek, ordea, EKEk diruztatzen dituen proiektu anitzek ez dituztela deialdi horietan parte hartzeko baldintzak betetzen argitu zuen; eta nahiz eta deialdi horien kasuan proiektua egokitu beharko litzatekeen, EKEk egitasmoak diren bezala hartzen dituela zehaztu zuen, erakundea bera izanik ekimenera egokitzen dena.
Ororen buru, «sakrifiziorik gabe EKEren funtsa eta zentzua atxikitzeko lanean ariko» direla ziurtatu arren, «biziki zaila izanen» dela eta «ez dakiela zein heinetaraino» aitzina egiten ahalko duen aitortu zuen ordezkari kulturazaleak.

Eztarriak gabonetarako prest, ura bere bidean-ekin

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai
