GARA
DONOSTIA

Fiskalak espetxe eskaera kendu du Zestoako auzipetuentzat

Indarkeria matxistaren biktima bat babesteagatik epaitzen ari diren zestoarrentzat espetxe eskaerak kendu ditu fiskalak. Salatzailearen bikotekide ohiarentzat absoluzioa eskatu du, eta besteentzat isunak.

Zestoako auzipetuak, Iñigo Iruin abokatuarekin, epaiketaren lehen egunean.
Zestoako auzipetuak, Iñigo Iruin abokatuarekin, epaiketaren lehen egunean. (Maialen ANDRES | FOKU)

Zestoako sei bizilagunen aurkako epaiketan, fiskaltzak zein akusazio partikularrak lau eta bost urte arteko kartzela zigorrak eskatu zituzten auzipetuentzat. Zehazki, bost urtekoa salaketa jarri zuen gizo- naren bikotekide ohiarentzat eta Mikel Arregi alkatearentzat, eta lau urtekoa emakumeari babesa adierazi zioten gainerako laurentzat. Atzo, ordea, akusatuen eta salatzailearen bikotekide ohiaren deklarazioak entzun ondoren, fiskalak erretiratu egin zituen espetxe zigor eskaerak. Salatzailearen bikotekide ohiarentzat kargu guztiak kendu eta absoluzioa eskatu zuen, eta babesa adierazi zioten herritarrentzat isuna galdegin du, baina hasieran eskatzen zituen 30.000 euroetatik 15.000 eurora jaitsi du, zortzi hilabetez eguneko sei euroko isuna, hain zuzen.

Fiskalaren ustez, ez da izan integritate moralaren aurkako deliturik, akusatuei leporatzen zieten bezala, baina bai «hertsatze» delitua. Akusazio partikularrak, berriz, 5 urteko kartzela eskaerari eutsi dio. Defentsak, denentzat absoluzioa.

TRATU TXARRAK

Salatzailearen bikotekideak adierazi zuenez, tratu txarren biktima izan zen. Ez zuen gertatutakoa salatu, «beldurragatik», baina Donostiako Gizarte Zerbitzuen, Aldundiaren Genero Indarkeriaren Biktimen Arretaren eta Ertzaintzaren arreta jaso zuen.

Deklarazioan esan zuenez, harremana hasi zenetik gizona «oso jeloskor» jartzen zen, eta, beraz, lagunekin irteteari utzi zion. «Kontrolatzailea» ere bazela azaldu zuen, telefono mugikorra utzi behar izaten baitzion, hark mezuak berrikus zitzan. Zehaztu zuenez, haurdunaldia, 2015ean, «jauzi kualitatiboa» izan zen gizonak erabiltzen zuen indarkerian.

Hasiera batean ilusioz agertu bazen ere, haurraren aitak behin bakarrik lagundu zion medikuarenera, eta ginekologoari egin zion galdera bakarra izan zen ea hormona bat eman ziezaiokeen «sexu harremanak izateko gogoa izan zezan, baina ez zen haurraz interesatu». Emakumeak adierazi zuenez, telebistan genero indarkeriari buruzko informazioak agertzen zirenean, gizonaren erreakzioa zen «emakume guztiak putak eta manipulatzaileak» zirela.

«Une horretan ez nintzen gai tratu txarrei buruz hitz egiteko, jokabide desegokiei buruz bakarrik», aitortu zuen emakumeak, eta gogoratu zuen bere ingurukoek salaketa bat jartzeko gomendatu ziotela. «Salaketarik gabe niri hori guztia egiteko gai bazen, zer egiteko gai ez ote zen izango salaketa batekin. Beldur handia nuen», nabarmendu zuen.

2016ko azaroan, harremana etetea eta amaren etxera bizitzera joatea erabaki zuen, eta egoera horri eutsi ahal izan zion familiaren eta lagunen laguntzari esker; horietako hiru auzipetuta daude.