Ganadua, txerria eta artisauak, santamasetako protagonistak
Arrasateko Santamas eguneko protagonistak, ohi bezala, ganadua, txerria eta artisauak izango dira, eta horiekin batera, ardi-moztaile eta zaldi-ferratzaileak. Aurten ez da inguruko baserrietako hegaztirik izango, baina jai giroa berotzeko ez dira faltako musika, dantza eta kirol ekitaldiak.

Arrasateko Santamas Komisiñuak, Udalak eta herriko hainbat kultur eragilek prest dute aurtengo Santamas jaietako egitaraua. Ekitaldi nagusiak, ohi bezala, abenduaren 22an izango badira ere, egitaraua joan den asteburuan abiatu zen hainbat kultur ekitaldirekin eta kuadrillen arteko herri krosarekin. Asteburu honen hasieran ere izan da hainbat ospakizun, hala nola AEDk antolatutako bertso saioa eta kantujira eta erromeria.
Domeka honetan ere egitarau zabala izango da; izan ere, goizeko 10.00etan Gabonetako artisautza azoka irekiko da, Eskuartean Artisau Kolektiboaren eskutik. Arratsalderako, santamasetako dantzaldia, erraldoi eta kilikien kalejira, “Meri Xendo” txerriaren aurkezpena, zezensuzkoa eta gaztetxeko kontzertuak daude iragarrita.
Santamas egun handia, ordea, astelehenean izango da aurten, baina horregatik ez da girorik faltako herriko bazter guztietan. Goiz osoan, ganadu feria, fruta, barazki postuen eta herriko saltokien azoka egongo da zabalik, baita artisau langintzen jardueren feria ere.
Aurtengo ganadu azokan ez da inguruko baserrietako hegaztirik erakusgai jarriko, hegazti gripeagatik debekatuta dagoelako. Hala ere, urtero bezala, ganadu erakusketa izango da Arizmendiarrieta plazan. Bertan ikusgai egongo dira behiak, pottokak, moxalak, behorrak, idiak, astoak eta ardiak, herritar eta bisitari guztientzat inguruko abeltzaintzaren erakusleiho ezin hobea osatuz.
Animalia guztien artean, hala ere, aurten ere Aretxabaletako Zaloña Aurre baserritik ekarritako “Meri Xendo” txerria izango da protagonista nagusia, 180 kilo baino gehiago dituen animalia. Goizeko 10.00etan aurkeztuko dute Portaloian eta egun osoan zehar zozketarako txartelak salduko dira jaiaren antolaketak sortzen dituen gastuei aurre egin ahal izateko. Saria, urtero bezala, 500 eurokoa izango da eta zozketa iluntzeko 20.00etan egingo da herriko plazan. Antolatzaileek dei egin diete arrasatearrei zein kanpotarrei herriko plazara gerturatu, aberea ezagutu eta txartelak erosteko. Izan ere, ekimen honetatik ateratzen diren etekin ekonomikoak dira festaren prestaketarako sostengu ekonomiko nagusia.
BASERRIKO LANBIDEAK
Gainera, aurtengo azokan berrikuntza berezi batzuk ere izango dira: Mikel Velasko artzain arrasatearrak ardi-mozketa erakustaldia eskainiko du, bi saiotan (11.00etan eta 13.00ean) eta eguerdiko 12:00etan, zaldi-lanen erakustaldia ere izango da zuzenean: zaldiak ferratu egingo dituzte Juan Ignacio Regorigo ferratzailearen eskutik.
Zaldiak ferratzea animalien hanka-zaintzarako oinarrizko lana da: azkura eta zauriak saihesteko, ibileraren oreka mantentzeko eta zaldiaren osasun orokorra bermatzeko ezinbestekoa izaten da. Aldi berean, ardi-mozketak ere garrantzi handia izan du Euskal Herriko abeltzaintzan, ardiei udako beroa hobeto jasaten laguntzeaz gain, artilearen aprobetxamendua ahalbidetzen duelako.
Ganadu erakusketarekin batera, aurten ere forja erakustaldia eta larrugintza tailerra izango dira, goizeko 10.30etik eguerdiko 14.00etara. Iker Gabilondoren eskutik, metalaren formaren eraldatze prozesu desberdinak ikusteko aukera izango da, bertan forjaren oinarrizko teknikak garatuko direlarik. Eta Elisabeth Alberdiren eskutik, larrugintza tailerra izango da zuzenean.
JAI GIROA
Astelehen honetako jai giroa berotzeko ere ekitaldi ugari izango dira egun guztian zehar: Arrostaitz eta Lore Gazteak dantza taldeen emanaldiak, txistulari, gaitero, trikitilari eta albokarien kalejirak, Iturengo joaldunak, Incansables txaranga… Eta eguerdian ohiko txerri-dantza herrikoia egingo da plazan.
Kirol ekitaldiak ere ez dira faltako egun honetan. Horrela, eguerdiko 12.30ean Zaldibar frontoian aizkolarien arteko lehia izango da eta arratsaldeko 18.00etan, Uarkape Udal pilotalekuan, profesional mailako pilota partidak izango dira: Bakaikoa-Lizeaga Murua-Eskuzaren aurka, eta Jaka-Iztueta Peio Etxeberria-Rezustaren aurka.
Gastronomiak ere, nola ez, leku berezia izango du aurtengo santamasetan eta herriko plazan taloak salduko dituzte hainbat postutan, txistor, gazta edo hirugiharrez beteta. Eta eguerdian, herri bazkaria izango da Musakolako kiroldegian; izan ere, bertan dioten moduan, «Arrasaten ezta santamasik herri bazkai barik». Arratsaldean jai giroak jarraituko du dantza emanaldiekin, Mugi Panderoa taldearekin eta gaztetxeko DJ emanaldiarekin.
EGUBERRIAK, GAINEAN
Santamas egun honek jarraipena izango du datozen egunetan eta bat egingo du Eguberrietako ospakizunekin. Horrela, abenduaren 23an, martitzena, Gabonetako artisautza azokak zabalik jarraituko du Seber Altube plazan eta arratsalderako Maider Alcelayren ipuin kontaketa eta Ruper Ordorikaren kontzertua daude iragarrita.
Eguaztena, abenduak 24, gabon bezpera izango da eta egun horretan ere artisautza azoka zabalik egongo da; bertan enkoadernazio ikastaroa eskainiko dute. Egun guztian zehar, Olentzeroren gutunak jasoko dituzte eta arratsaldeko 18.30ean Olentzeroren etorrera ospatuko dute Monterronen.
Olentzerok eta bere laguntzaileek Otalora, Maalako errabala eta Erdiko Kalea zeharkatuko dituzte. Ibilbidea amaitzean, arratsaldeko 19:00ak aldera Olentzero herriko plazara iritsiko da eta Arrasateko haurrak agurtuko ditu. Jarraian, Goikobalu abesbatzak gabonetako kantaldia eskainiko du herriko kaleetan egunari amaiera emateko.
ARRASATEKO
EGITARAUA
A.21
DOMEKA
10:00-14:00 / 17:00-20:30 Seber Altube plazan Gabonetako artisautza azoka, Eskuartean Artisau Kolektiboaren eskutik.
11:00 Seber Altube plazan larruzko trentzadun pultseren ikastaroa, Eskuartean Artisau Kolektiboaren eskutik.
18:00 Biterin, Santamasetako dantzaldia, herriko musikariekin.
18:30 Etxafleroen jaurtiketa.
18:30 Biteri plazatik hasita, Arrasateko Erraldoi eta Kilikien konpartsaren kalejira.
19:00 Herriko Plazan, “Meri Xendo” txerriaren aurkezpena.
22:00 Herriko Plazan zezen suzkoa.
22.00 Gaztetxean, Doce C eta Aizkora Rekords taldeen kontzertuak.
A.22
ASTELEHENA
09:00 Etxafleroen jaurtiketa.
09:30 Herriko kaleetan, Udalaxpe txistulari taldearekin diana.
10:00 Portaloian, “Meri Xendo” txerriaren aurkezpena.
10:00 Jose Mª Arizmendiarrieta plazan, ganadu feria.
10:00 Seber Altube plazan, fruta, barazki eta herriko saltokien azoka.
10:00 Biteri plazan, Euskal Herriko produktu gastronomikoen salmenta.
10:00 Herriko Plazan, taloen salmenta.
10:30 Jokin Zaitegi plazan, artisau langintzen jarduera feria.
11:00 eta 13:00 Jose Mª Arizmendiarrieta plazan, artile mozketa erakustaldia (Mikel Velasco).
11:00 Portaloitik hasita eta herriko kaleetan zehar, Trikikunen eskutik kalejira.
11:00 Herriko kaleetan zehar albokariak.
11:30 Herriko kaleetan zehar, kalejira: Arrostaitz eta Lore Gazteak dantza taldeak, Arrasateko trikitilariak, Udalaxpe txistulari taldea eta Arrasateko gaiteroak.
11:30 Herriko kaleetan zehar, Iturengo joaldunak.
11:30 Herriko kaleetan zehar, Incansables txaranga
11:30 Herriko Plazan, Arrostaitz dantza taldearen saioa
12:00 Jose Mª Arizmendiarrieta plazan, zaldi perratze erakustaldia. Juan Ignacio Regorigoren eskutik.
12:10 Herriko Plazan, Arrasateko Trikitilarien saioa.
12:30 Zaldibar frontoian, herri kirol erakustaldia. Aizkolarien arteko lehia, euskal pentatloia, harrijasotzea, motozerrakin eginiko tailuak. Parte hartzaileak: Julen Kañamares, Txomin Amundarain, Uxue Ansorregi, Karmele Gisasola, Jon Marijuan eta Peio Kañamares. Trontza herrikoia ere egongo da.
12:50 Herriko Plazan, Lore Gazteak dantza taldearen saioa.
13:30 Herriko Plazan, Trikikun.
13:45 Herriko Plazan, txerri-dantza herrikoia.
14:45 Musakolako kiroldegian, herri bazkaria. Doako autobus zerbitzua egongo da 14:00-14:45 Maalako biribilgunetik joateko eta 17:30-19:00 Musakolatik itzultzeko. Bazkalostean, DJ PUTZUren eskutik dantzaldia.
18:00 Uarkape Udal pilotalekuan profesional mailako pilota partidak. Eskuz binakako txapelketa.
Bakaikoa - Lizeaga / Murua - Eskuza.
Jaka - Iztueta / P. Etxeberria- Rezusta.
19:00 Arbolapetatik, Seber Altube eta Herriko Plazaraino, Batzen dantza herrikoia.
19:30 Herriko Plazan, txerri-dantza herrikoia.
19:30 Herriko Plazan, Larrain-dantza herrikoia, Arrasateko gaiteroen eta Garinbanden musikarekin.
20:00 Herriko Plazan, txerri zozketa.
20:15 eta 23:15 Herriko Plazan, dantzaldia Mugi Panderoa taldearekin.
00:00 Gaztetxean, DJ Enchantixen eskutik dantzaldia.
A.23
MARTITZENA
10:00-14:00/17:00-20:30 Seber Altube plazan Gabonetako artisautza azoka, Eskuartean Artisau Kolektiboaren eskutik.
17:30 Kulturateko areto nagusian, “Bazen Behin...Herritxo batean...” ipuin kontaketa, Maider Alcelay kontalariaren eskutik. 6-12 urteko haurrentzat bideratuta.
19:30 Amaia antzokian, Ruper Ordorikaren kontzertua.
A.24
EGUAZTENA
10:00-14:00 Seber Altube plazan Gabonetako artisautza azoka, Eskuartean Artisau Kolektiboaren eskutik.
11:00 Seber Altube plazan enkoadernazio ikastaroa, Eskuartean Artisau Kolektiboaren eskutik.
11:20 Txoronpiak, Txoronpiok, Mateo Txistuk eta Galtzagorriek Munar, Uribe Auzoa, San Andres, Aprendices plaza, Zigarrola eta Santa Teresa auzoetan jasoko dituzte Olentzeroren gutunak.
13:30 Herriko Plazan, Txoronpiak, Txoronpiok, Mateo Txistuk eta Galtzagorriek Olentzeroren gutunak jasoko dituzte. Eguraldi txarra eginez gero, Kulturolan.
18:30 Monterronen, Olentzeroren etorrera. Ibilbidea; Otalora, Maalako Errabala, Erdiko Kale eta Herriko Plaza.
19:00 Herriko Plazan, Olentzeroren agurra.
19:00etatik aurrera Herriko kaleetan zehar, Goikobalu abesbatzaren gabonetako kantaldia.

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda
