Imanol CARRILLO
PILOTA

Eguberri egunean Astelenak ez du Gabon gaueko misteriorik izan

Artola-Imaz bikotea 0-2 aurreratu da Astelena pilotaleku mitikoan, baina 0-13ko partzial bat sinatu du bikote urdinak, Aitor Elordi eta Jose Javier Zabaleta handi batzuei esker, eta gorriei ezinezkoa izan zaie beren maila kaxkarrari buelta ematea.

Ander Imaz ezinean aritu zen Eibarko Astelenan eta Zabaletari bizkarra ikusi behar izan zion denbora oroz.
Ander Imaz ezinean aritu zen Eibarko Astelenan eta Zabaletari bizkarra ikusi behar izan zion denbora oroz. (Jon URBE | FOKU)

Gabon gauak misterio ugari ditu. Olentzerok eta Mari Domingik nola demontre banatzen dituzte opariak Euskal Herriko etxe guztietan? Misterio horiek eta beste asko ez ditugu inoiz jakingo, baina bai Eguberri egunean Eibarko Astelena pilotalekuan zer gertatu zen, ez baitzen inongo misteriorik izan. Elordik eta Zabaletak oso ahul aritu ziren Artola eta Imazi irabazi zieten (6-22) eta laugarren puntua bildu zuten Binakako Txapelketan.

Gorriak 2-0 aurreratu ziren markagailuan Aitor Elordik egindako bi hutsen bidez. Oso pilotari gutxiri gustatuko zaio ziur aski Eguberri egunean jokatzea, eta partida halaxe hastea ez da inoiz ona izaten. Hala ere, bizkaitarrak eta nafarrak ziztu bizian irauli zuten markagailua. 0-13ko partzial bat sinatu zuten era guztietako tantoak eginda, baina gehienbat gorrien beherakada aprobetxatuz. Imaz oso ahul aritu zen atzean. 2-8koan, adibidez, gaizki erabaki zuen Zabaletak atzean jotako pilotakada baten aurrean. Oiartzuarra aurreratu egin zen, baina oso gaizki kalkulatu zuen, eta tantoa urdinentzat izan zen.

Artola-Imaz lan handia egiten duen bikotea da, baina horrek funtzionatzen ez duenean, gauza gutxi egin dezakete. Ordurako neurketa erabakita zegoen Astelenako pilotazaleen zoritxarrerako. Tanto bat aipatzearren, hori 4-16koa izan zen, arratsaldeko luzeena eta Elordik txokoan goxo amaitutakoa. Norbaitek partidari emozioa emango zion misterio arraroren bat nahi bazuen, hura ez zen iritsi. Gainera, 6-20koan Imazek mina hartu zuen. Badirudi ez zela ezer garrantzitsua izan eta Elordik, sake-erremate batekin, eta oiartzuarraren laugarren hutsarekin amaitu zen misterio askorik eta gatzik gabeko norgehiagoka hau.