«Garrantzitsua da gazteen eragiletza eta militantzia euskaran ardaztea»
Euskalgintzaren Kontseiluak gaur Bilbao Arenan egingo den ekitaldira joateko azken deia egin du, «euskararen Pizkunde berri baten aldeko txinparta» bilakatu dadin. 200dik gora boluntario eta langile arituko dira antolaketan eta Euskal Herri osotik dozenatik gora autobus espero dira. «Aldarrikapenez betetako ekitaldia» izango da, kulturgileen ekarpenez josia.

Gaur arratsaldeko bostetatik aitzinera Bilboko Miribilla bilgune bat, elkarrekin arnasa hartzeko leku bat, elkar elikatze bat izatea nahi du Kontseiluak; zeren ikusten du azken denbora luzean militantzia, eragiletza soziala eta eragiletza politikoa euskaran jartzea ez dela izan boladan egon den zerbait. Horretarako momentua dela uste du, eta bide hori abiatzeko garrantzitsua deritzo elkarrekin egoteari.
Hitzorduaren atarian, Kontseiluaren idazkari nagusia, Idurre Eskisabel Larrañaga, euskarak bizi duen egoerari eta dituen erronkei buruz mintzatu da KAZETAn. Bereziki gazteei zuzenduriko mezua helarazi du: «Etorkizuna gazteak zarete, eta horregatik garrantzi berezia dauka gazteak ere ekitaldian egoteak eta gazteen eragiletza soziala eta militantzia euskaran ardazteak».
Zeresan handia eman dute Euskal Autonomia Erkidegoko langile publikoen hizkuntza eskakizunen aurkako helegiteek. Zertan da egoera?
Abenduaren 18an Kontseiluaren zuzendaritzak presazko agerraldi bat egin zuen azken egunetan forma judiziala duen oldarraldi hori gordindu egin delako. Jakin dugu EAEko Auzitegi Nagusiak, bere kabuz, orain indarrean den Enplegu Publikoaren Legearen kontra jo duela, Espainiako Auzitegi Konstituzionalari legeak ea Konstituzioa betetzen duen ongi behatzeko eskatuz. Auzitan jartzen du enplegu publikorako, herritarrei zerbitzu publikoa emateko, hizkuntza eskakizunak ezartzea; hau da, euskararen gutxieneko ezagutza bat eskatzeko zilegitasuna.
Nafarroari dagokionez, abenduaren 15ean euskararen ofizialtasuna lurraldearen zati bakarrera mugatzea salatzeko agerraldia egin zenuten.
Zonifikazio horrek nafarren arteko arrakala eta segregazio handi bat ekarri du, eremu euskaldunean posible izan delako euskararen aldeko politika publikoak egitea, eta horrek suspertze bat eragin duelako; baina, bereziki, eremu ez euskaldunean ez dagoelako inolako euskararen aldeko politika publikorik, eta horrek urteetan eremu horretan bizi diren herritar askok euskararekiko arroztasun bat sentitzea sortu duelako.
Ipar Euskal Herrira etorrita, Frantziar Estatuak EEPren aurrekontua partaide guztiek 100.000 euro baino gehiagoan emendatzea blokeatu du, eta bestetik, Estatuak udan 30.000 euro kendu ondotik, Pirinio Atlantikoetako Departamenduak EKEren aurrekontuari 50.000 euro kenduko dizkiola iragarri du.
Ez dago aukerarik euskararen biziberritzearen alde egin behar diren hizkuntza politika publikoak egin ahal izateko. Testuingurua larria da. Euskara hizkuntza minorizatua da, egoera oso ahulean jartzen gaituen egiturazko arazo bat dugu. Gainera, mundu osoan gertatzen ari da, globalizazio hiperazeleratu eta digitalizazio basati honen ondorioz. Hizkuntza hegemonikoak geroz eta indartsuagoak dira, eta hedadura txikiko hizkuntzak —eta zer esanik ez hizkuntza minorizatuak— geroz eta ahulagoak. Momentu honetan, gutxieneko tresna horiek ere -ezinbestekoak zaizkigunak ez normalizazioan izugarrizko urratsa egiteko, baizik eta etorkizun eta gutxieneko aurrerapen baterako perspektiba izateko- ukatzea politika linguizidak erabiltzea da. Euskal Konfederazioak hala salatu du, eta Kontseilua bat dator irakurketa horrekin. Ardura demokratikoa dugun herritar guztioi horren guztiaren aurrean zerbait egitea dagokigu.
Erakunde publikoek krisi ekonomikoa erabiltzen dute murrizketa horiek egiteko argudio gisa, baina hizkuntza minorizatu bati ezin zaio beste edozein lan ardatzen tratamendu bera eman, ezta?
Hori da. Bitxia da, zeren diskurtsiboki agintari horiek denek euskararen alde daudela esaten dute. Baina argi izan behar da, ez badira urrats azkarrak egiten, kontra aritzea dela. Hori lehen lerrora ekartzeko unea da.
Joan den astean Euskal Herrian Euskarazek Baionako epaitegian auzipetuei ez zaiela euskaraz hitz egiten uzten salatu zuen.
Etengabeko eta sakoneko oldarraldiaren agerraldia da hori, minorizazio egoerarena berarena. Euskaraz bizitzeko ezintasuna nabaria da Euskal Herri guztian, gabeziak ditugu arlo guztietan; baina gune batzuetan, eta bereziki herritar gisa gure eskubideak plantan ezartzeko guneak ditugun horietan, are eta gordinagoa egiten da egoera. Koofizialtasuna aitortua dagoen Araba, Bizkai eta Gipuzkoan epaileen %6 besterik ez da euskaraz aritzeko gai, %6! Horren ondorioz, epaiketen %0,1 baino ez da egiten euskaraz. Horrek zaurgarritasun handia sortzen digu euskaraz adierazten garen guztioi; zaurgarriago sentitzen garen gune horietan, are eta handiagoa baita hizkuntza eskubideen urraketa.
Azaroaren 17an Euskal Konfederazioak eta Euskalgintzaren Kontseiluak «Linguae vasconum primitiae» Euskal Herrian behin betiko gelditzea eskatu zenuten. Preseski, tarte baterako Baionako Euskal Museoan baldin badago ere, Frantziako Liburutegi Nazionalaren jabetzakoa da. Liburu horri ematen zaion tratua euskarak jasotzen duenaren isla da?
Frantziako Estatuak bere lurraldearen —edo beretzako hartzen duen lurraldearen— barruan gauden hizkuntza eta hiztun komunitateen aurrean duen jarreraren isla da. Hain zuzen ere, tarteka halako baimenak, halako opariak-edo, egiten dizkigute, pixka bat kontent izateko, baina benetan gidaritza, benetan jabetza, benetan boterea, minorizatuei inoiz eman gabe. Egiten ari den hizkuntz politikak badu horretatik: eskubidetxo batzuk, baliabidetxo batzuk, ematen dizkigute, baina oso argi utzita gidaritza, boterea, beraiena dela.
Gaur Bilbon izanen den ekitaldiaren biharamunetik goiti euskararen pizkunde edo susperraldi hori martxan jartzeko unea izanen da. Nola eginen da hori?
Oso garrantzitsua da milaka herritarrek euskararen aldeko jokabideak egunerokoan txertatzea, baita antolatzea ere. Adibidez, gazteak baldin bagara eta eskola batean baldin bagaude, antola gaitezen gune horretan ere euskaldun gisa gure eskubideak eta gure begirada onartua, errespetatua eta bideragarria izan dadin.

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Un esquiador de Irun, entre los tres fallecidos por un alud en Panticosa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan

Elogio de las puertas giratorias entre el trabajo privado y el político
