ORAIN ARTEKO EMAITZAK BERRESTEKO, «HAZTEN» JARRAITZEA HELBURU
Laboral Kutxa taldeak denboraldirik onena egin du tropelean, 13 garaipen eta 29 podium lortuta. UCI World Rankingean 16. postua lortu du, baina ez da Women’s World Tour kategorian lehiatuko. Urtea aztertzeko, NAIZ Irratian egon dira Usoa Ostolaza txirrindularia eta Peio Goikoetxea kirol zuzendaria.

Sailkapen orokorrean 16. postua erdietsi du Laboral Kutxa taldeak aurten. Pro Teams kategorian, bigarren izan dira, eta 13 garaipen eta 29 podium lortu ditu euskal taldeak. Usoa Ostolaza zarauztarra izan da UCI puntu gehien lortu dituena, besteak beste, Pirinioetako Tourra bigarrenez irabazita. 2026ko denboraldia Alacanten prestatzen ari direla harrapatu ditu NAIZ Irratiak eta bertan tartetxo bat hartu dute Usoa Ostolazak eta Peio Goikoetxeak 2025eko balorazioa egiteko eta 2026ko erronkak zerrendatzeko.
Alacanteko kontzentrazioan datorren denboraldiko maillot berria aurkezteko parada izan zuten. Ostolazari «orain arteko politena» iruditzen zaio; izan ere, maillotak irudi bereziak izateaz gain, horiek «esanahi bat dute. Pixka bat gure euskal nortasuna adierazi nahi dute. Azalean kolore hauek eta maillot hau eramateak euskaldunoi ilusio handia egiten digu», azpimarratu du.
Taldearen kontzentrazioa denboraldi bikain baten ostean hartutako oportxoak eta gero iritsi da. Ostolazak urrian amaitu zuen lehiaketa sasoia. Kirola erabat baztertu gabe, hiru taldekiderekin batera Istanbulera joateko aukera paregabea izan zuen. Merezitako saria.
Dena den, guztia ez da arrosa kolorekoa. Ostolazak 2025eko denboraldi hasiera «zaila» izan zela onartu du: «Urtero kostatu egiten zait sentsazio onak aurkitzea». Hala ere, apiriletik aurrera hobeto ibiltzen hasi zen txirrindulari zarauztarra, eta, hain justu, garai horretan iritsi ziren bere emaitzarik onenak. Izan ere, El Salvadorren garaipen bat eta mendiko elastikoa ez ezik, sailkapen orokorrean bigarren postua ere lortu zuen. Hori bai, «arantzaren bat» baduela onartu du: «Pare bat lasterketetan lortutako emaitzekin ez nintzen pozik geratu». Horiek baliteke Valentziako eta Extremadurako lasterketetan lortutako emaitzak izatea.
PIRINIOAK, «BEREZIAK»
Euskal Herriko Itzulian eta Espainiako Vueltan «maila gorena» eman zuen, eta «pena handiarekin» bizi izan zuen Espainiako Vueltan izandako erorikoa. Azken etapan gertatu zen, azkeneko mendate luzearen aurretik: «Ez dugu inoiz jakingo erorikoa izan ez banu helmugan zer emaitza lortuko nuen».
Dena den, oztopo hori azkar gainditu zuen, eta Pirinioetako Tourra bigarren urtez jarraian irabazi zuen. Zarauztarrak lasterketarekin «harreman berezia» duela azaldu du: «Hasteko, etxetik gertu dagoelako eta Pirinioetako mendate garrantzitsu eta ezagunetan sarri ibiltzen garelako. Pasa den urtean nire lehen garaipena izan zen txirrindulari profesional bezala, eta, aurten, berriro lortu ahal izan dut irabaztea. 2026an berriro hor egoten saiatuko gara, eta, ahal bada, irabazten».
Italiako Giroa eta Frantziako Tourra ere egin ditu Ostolazak, eta bigarrengo horretan aritzea «guztion ametsa» dela adierazi du. Hala eta guztiz ere, Italian balentria lortzetik oso gertu egon zen, mendiko maillota azken etapan galdu baitzuen. Ostolazak azaldu du hasiera batean helburua «sailkapen orokor ona egitea» zela, baina ikusita gorputzak ez ziola %100ean erantzuten, mendiko elastikoa lortzen «buru-belarri» saiatzea erabaki zuela: «Azken etapan elastiko urdina eramatea izugarria izan zen, nahiz eta azkenean galdu».
Espainiako Txapelketa, Munduko Txapelketa eta Eibarko Hiria saria ere izan ditu hizpide. Ez ditu «oso oroitzapen onak» Espainiako Txapelketaren gainean. Izan ere, Ane Santesteban taldekidea «ihesaldian zihoan bakarrik eta irabazteko aukera oso handiarekin zegoen momentuan eroriko bat eduki zuen kurba itxi batean. Aurpegian zauriak egin zituen eta eroriko gogorra izan zen. Horren ondorioz, lasterketa zaildu zitzaigun eta azkenean hirugarren postua lortu genuen, baina arantza horrekin geratu ginen», gogoratu du. Eta, erlojupekoaren inguruan, berriz, «nuen dena eman eta bigarren postua lortu nuen, hor ez daukat ezer gehiago esateko», onartu du.
Eibarko Hiria sarian, Debora Silvestri taldekideak besoak altxatu zituen, eta, halaber, Ane Santestebanek erretiroa hartu zuen. Hortaz, «emozioz beteriko eguna» izan zen. Hain zuzen, Santesteban beretzat zer izan den galdetzean, Ostolazak bihotzarekin hitz egin du: «Oso pertsona garrantzitsua izan da, eta oraindik ere bada. Niretzat erreferente zen taldekide izan aurretik ere, euskalduna delako; txirrindulari oso ona izan da. Nik beti beti amesten nuen egun batean bere taldekide izatearekin. Oso berezia izan da bere ondoan ikastea, pila bat erakutsi dit kirol honetan. Pila bat lagundu dit bizikleta gainean eta bizikletatik kanpo, eta orain lagun bat bezala daukagu taldekide guztiok».
Ane Santesteban Alacanteko kontzentrazioan taldekide ohiekin aritu da, baina ez da berriro bizikleta gainean ariko lasterketetan. Bai, ordea, Usoa Ostolaza. Hurrengo urterako jarri du jada helburua: «Kirol emaitzak hobetzea, gozatuz betiere».
«LORTURIKOA EZ DA MAKALA»
Peio Goikoetxea kirol zuzendariak, patxadaz, urteko emaitzak izan ditu aztergai. Honen ustez, «lorturikoa ez da makala» . Izan ere, «etxeko taldea izanda, etxeko kirolariekin mundu guztiaren aurka lehiatzea ez da batere erraza», azaldu du. Goikoetxeak hurrengo urtean Women’s World Tour kategorian ez direla lehiatuko adierazi du, «arazo ekonomikoak» direla eta. World Tourrean lehiatzea asko garestitu dela argitu du; pentsa, «hirukoiztu» egin da. «Pro Team kategorian lehiatzeak ez ditu hainbeste erantzukizun eskatzen, eta, gainera, hurrengo urtean ere lasterketa handietan ibiltzeko aukera izango dugu», gehitu du kirol zuzendariak.
Goikoetxeak beste ikuspuntu batetik jarraitzen ditu lasterketak: auto barrutik ikusi ahal izan ditu denboraldiko hamahiru garaipenak. Horietatik «oso politak» izan ziren bi aipatu ditu: Laura Tomasinak lortutako lehen garaipen profesionala eta Cristina Tonetirena, urte osoa bihotzeko arazoekin lesionatuta egon ostean lortutakoa.
Plantillari dagokionez, aurtengo hamalau txirrindularietatik hamarrek jarraituko dute 2026an, gauzak ongi egin diren seinale «Taldeak funtzionatu egiten du. Berdin da zein txirrindularirekin zoazen lasterketa bakoitzera; modu batera edo bestera, hor gaude, eta esango nuke hori dela taldearen puntu fuertea».
Denboraldi berrirako, Laura Patiño, Tiril Jorgensen eta Belgikako klasikoetan “aditu” den Marjolein van’t Geelof fitxatu dituzte, «esperientzia handia» ekarriko dutenak. «Nik uste dut sendotasuna emango diotela taldeari», gehitu du.
Gainera, «Irati Aranguren gure harribitxia hazten ikusteko gogotsu gaude», azpimarratu du Peio Goikoetxeak. «Berak txirrindularitza etxetik ikasi du; ama txirrindularia izan zen, aita txirrindularitza munduan ibilitakoa da, eta berak badaki zer den txirrindularitza eta zer egin behar duen; ofizioa badaki, esaten dugun moduan. Pixkanaka kilometroak egin eta heldu ahala, gora egin beharko luke; maila hobea edo txarragoa izan, aukera badu behintzat profesionala izateko eta esperientzia hori gozatzeko», azaldu du gazteaz.
Harrobia osasuntsu dagoela ziurtatu du Goikoetxeak: «Kantitatetik kalitatea ateratzen da. Maite Urteaga, Maite Rolando, Aiala Serrano, Irati Mitxelena... badago sorta polita. Hurrengo urtera begira, gauzak ondo eginda, uste dugu aukera edukiko dutela taldera etortzeko».
Horietatik, Urteagak ez du 2026rako kontratua, baina «etorkizun oparoa» duela aurretik dio kirol zuzendariak. «Motorra badauka, eta, pausoak aurrera eginez, nik uste lehen taldera iristea baduela», gaineratu du. Bestalde, Eneritz Vadilloren kontratua ez luzatzea erabaki zuen Laboral Kutxak. «Batzuk hobeto moldatzen dira eta beste batzuei gehiago kostatzen zaie ikasketekin edo etxeko bestelako erantzukizunekin. Berak beste erantzukizun batzuk zituen eta erabaki du bizikleta uztea edo beste modu batera bizitzea. Bizitzaren prozesua dela esango nuke», azaldu du.
2026KO ERRONKAK
Behin 2025a aztertuta, 2026ko helburuak aipatu ditu kirol zuzendariak. «Helburua aurten rankingean erdietsitako postua berrestea izango da», esan du Goikoetxeak. «Esperientzia gehiago izanda» eta «tropelean nortasuna irabazita», hori lortzeko asmoa du taldeak. Etxeko lasterketetan «maila gorena» ematea espero dute. Gainera, klasikoetan -iaz Milan-San Remo eta Lieja-Bastonia-Liejan aritu zen taldea- «maila ona» eman nahi dute. Ardenak harrizko klasikoengatik aldatzeko asmoa dute aurten.
«Zaila da, gero eta zailagoa nik uste, baina pixkanaka taldeak esperientzia gehiago du, nortasun gehiago tropelean eta helburua hori litzateke. Guretzat lasterketa guztiak dira garrantzitsuak, baina Itzulia, Durango, Nafarroako Klasikoa, Eibar, etxeko probak, mimo berezi batekin lantzen ditugu. Hori bai, guztiak dira garrantzitsuak», amaitu du.

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»
