GARA
BILBO

Larrialdiari erantzuteko «giharra» badagoela dio Kontseiluak

Euskalgintzaren Kontseiluak larunbatean Bilbon 6.500 euskaltzale elkartu zituen ekitaldiaren balorazio positiboa egin du. «Larrialdi linguistikoari erantzuteko kezka eta giharra» badaudela uste du. Euskaltzaletasuna «oso txertatuta» dagoela erakutsi du ekitaldiak Kontseiluaren ustez.

Familia argazkia, Miribillako Bilbo Arenan egindako ekitaldiaren bukaeran.
Familia argazkia, Miribillako Bilbo Arenan egindako ekitaldiaren bukaeran. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Euskararen pizkundea bultzatzea helburu zuen ekitaldia antolatu zuen larunbatean Bilboko Miribilla auzoko Bilbo Arenan Euskalgintzaren Kontseiluak. 6.500 pertsona bildu zituen eta, antolatzaileen ustez, ekitaldiaren arrakastak «erakutsi du jende askorengan oso txertatuta dagoela euskaltzaletasuna, badagoela gihar hori indartzeko gogoa eta premia». Guztiei eman dizkiete eskerrak antolatzaileek, baita herriz herri inplikatu diren euskaltzaleei eta Kontseilua osatzen duten gizarte eragileei.

Hala adierazi zuen Euskalgintzaren Kontseiluak atzo, ekitaldiaren biharamunean, balorazio positiboa egiten zuen ohar baten bidez. «Hizkuntzaren auziaz hitz egiteko, euskarak sortzen digun kezkaz hitz egiteko eta elkarguneak sortzeko» beharra badagoela erakutsi zuen larunbateko hitzorduak Kontseiluaren ustez. Horrekin batera, euskararen biziberritzeak aldaketa «sakon» bat behar duela ere azaleratu zuen. Alegia, «hizkuntza politiketan jauzi bat, adostasun sozial eta politiko berri batean oinarrituko dena». «Euskaraz bizitzeko behar diren baldintzak bermatzeaz gain, egun indarrean dauden minorientzako politiken paradigma gainditu eta euskararen normalizazioa gizarte osoaren eginbeharra bilakatuko duena», azaldu zuen.

Ildo horretan, Euskalgintzaren Kontseiluak gogoratu zuen irailean “Itun soziopolitiko berrirako eskaintza” aurkeztu zuela askotariko ehundik gora eragilerekin batera, «euskararen ezagutza orokortzea eta erabilera normalerako baldintzak sortzea» helburu.

Nabarmendu zuenez, ekitaldian ekarpena egin zuten kulturgileek erakutsi zuten «euskaratik eta euskaraz sortutako kultura ezinbesteko unibertsoa» dela euskarak aurrera egingo badu, eta euskara biziberritzeko «ezinbestekoa» dela «euskarazko kulturaren aldeko kultur politika sendoak» egitea.

Aldarrikapenarekin jarraitzeko eta erakunde eta indar politikoei inplikazioa eskatzeko, datorren ekainaren 13an «Iruñea euskaltzale guztien bilgune» bilakatzeko deia egin zuen azkenik Kontseiluak. Xehetasunak datozen hilabeteetan aletuko dituzte.