Suitzako emakumezkoen talde baten emaitza ederra Groenlandian
Ramona Waldner, Ramona Volken, Melanie Tenorio, Lea Eschneider, Caro North, Gianna Muller, Paulina Laubscher eta Naomie Burkik hainbat bide sortu dituzte Graah eta Skjoldungeneko fiordoetan. Bidaiarako, besteak beste, garraio publikoa erabili zuten.

Suitzako Elkarte Alpinoko (SAC) emakumezkoen taldeak irteera oso interesgarria egin zuen joan den udan. Talde handi eta sendo bat osatu eta Groenlandiara abiatu zen. Helburu nagusia Graah eta Skjoldungeneko fiordoetan hainbat bide zabaltzea zen, eta suitzarrei onartu behar zaie lorpen garrantzitsua egin dutela. Izan ere, hainbat ibilbide ireki zituzten.
Ramona Waldner, Ramona Volken, Melainie Tenolrio, Lea Schneider, Caro North, Gianna Muller, Pauline Laubscher eta Naomie Burki; horiek dira sona handia duen elkarte horretako protagonistak. Helburuak aipatu ditugu, baina bide batez esan beharra dago talde horrek azken bolada honetan indarrean jarri den joera batekin bat egin zuela. Horrekin esan nahi dugu eskalatzaileok bidaia ahalik eta garbien egin nahi izan zutela. Basileatik (Suitza) irten eta garraio publikoa (trena) erabili zuten Hnaburgora (Alemania) heltzeko. Autobusean Danimarkara joan ziren, eta handik ferry batek Islandian utzi zituen. Uhartea autoz zeharkatu ondoren, belaontzi batek bidaiaren helmugara, Groenlandiara, eraman zituen. Hain zuzen, arestian aipatu ditugun fiordoetara iritsi ziren.
Hurrengo asteetan xedeak zehazten eta eskalatzen jardun zuten. Horietako batzuk biribiltzeko aukera izan zuten; beste batzuk, ordea, erdizka utzi zituzten. Baina, oro har, protagonistek baieztatu duten bezala, Groenlandiako espedizioa arrakastatsua izan zen.
Hurrengo lerrootan, berriz, talde horretako kide Burkik luze eta zabal hitz egingo digu uharte horretara hurbiltzeko eginiko bidaiaren eta horma ezberdinetan egin zituzten igoeren inguruan.
GROENLANDIA
«Reikiavikera (Islandia) iristea ez zen batere erosoa izan, batez ere kontuan hartzen badugu hiriburu horretara iristeko garraio publikoa erabili genuela. Baina hori zen gure apustua. 360 kiloko ekipajearekin irten ginen Basileatik. Trenean igarotako gaua hala-nolakoa izan zen. Hanburgon, berriz, arazoak izan genituen autobusa hartzeko. Esan ziguten zama gehiegi generamala, baina egoera konpondu eta biharamunean Hirtshalsera (Danimarka) iritsi ginen. Ferrya hartu eta hurrengo 50 orduak irakurtzen, planifikatzen eta lo egiten igaro genituen. Islandia ekialdetik mendebaldera alokatutako autoetan zeharkatu genuen. Reikiaviken gure patroia zain genuen. Azken lanak zehaztu eta prest ginen belaontzi batean lau eguneko zeharkaldia egiteko.
«Egoera ezberdinak bizi izan genituen. Egun pare batean itsasoa oso bare egon zen, eta gure kontuekin lasai egon ginen. Baina hurrengoetan oso zakar zegoenez, zorabioak izan gintuen. Lurretik gertu lehen izozmendiak agertu ziren. Patroiak badia batean utzi gintuen. Bizkar-zorroak hartu eta Graah fiordora abiatu ginen. Bertako ikuspegiak ahoa bete hortz utzi gintuen: hondartza txiki bat, errekak ur gardenekin, glaziar basatiak eta haranaren amaieran hormatzarrak.
«Hurrengo egunetarako eguraldi ona iragarri zutenez, haran batera abiatu ginen 400 eta 800 metro arteko paretak aztertzera. Irteera horretan hainbat helburu zehaztu genituen. Caro, Gianna, Melanie eta Pauline 400 metroko ‘Les Droites’ mendia igotzen ahalegindu ziren. Lea, Naomie eta Ramonak, berriz, ‘La Sirene’ (600 m) aztertu zuten. Arroka oso txarra zuenez, 150 metro igo eta helburua bertan behera utzi zuten. ‘Les Droites’-eko taldea 320 metro sokarekin finkatu eta belaontzira jaitsi zen.
«‘La Sirene’-ko eskalatzaileak beste erronka batean sartu ziren. 600 metroko horma batean agerikoa zen ibilbide bat ikusi zuten; hain zuzen ere, artesi sistema bati jarraitzen ziona. Oso arin, erritmo onean. eskalatu zuten. Gauerdia gainean zuten, eta eroria zuen 7a mailako luze bati ekin behar zioten. Harkaitzaren kalitatea erdipurdikoa. 400 metroko igoera egin eta gero, bibaka egin zuten. Biharamunean lan guztiak biribildu eta hirukotea gai izan zen ‘Imaqa’ bidea (7a, C1, 1.000 m) sortzeko. ‘Les Droites’-eko taldearen emaitza: ‘Ilumorpooq’ (6a, 670 m).
«Bi eguneko atsedena hartu eta berriro martxan jarri ginen. Leiho luze bat iragarrita zegoenez, Caro, Lea eta Naomie berriro ‘Les Droites’-era abiatu ziren, eta han 600 metro eta 6c mailako marra bat zabaldu zuten. Gianna, Melanie, Pauline eta Ramona, berriz, ‘3 Gailur’ izeneko lehen dorrean (600 m) sartu ziren. Lan ederra egin ondoren, bibak deseroso eta hotz bati aurre egin zioten. Biharamunean, haizeteek (70 km/h) atzera egitera behartu zituen. Emaitza: ‘Naammassineqanngitsut’ (6c, 757 m).
«Igoera arrakastatsu horiek sinatu ondoren Skjoldungeneko fiordora joan ginen; hain zuzen ere, gure helburu nagusira. Suitzan ginela, Liliana Erregina mendiaren argazkiak ikusi bezain pronto argi geratu zen ipar-ekialdeko hormatzarrean ekinaldi bat egin behar genuela. Horma oso handia denez, erabaki genuen talde gisa jardutea. Lehen taldeak, Caro, Gianna eta Leak osatutakoak, lehen lau luzeak igo zituen. Melanie, Naomie, Pauline eta Ramonak lekukoa hartu zuten biharamunean. Beste bost luze ireki zituzten. Arrokaren kalitatea txarra zenez, zalantzak sortu ziren. Helburua artesi sistema batera heltzea zen, baina ez zuten batere argi ikusi. Caro eta Lea hormara itzuli ziren hirugarren egunean. Nahiz eta harkaitzaren kalitatea eskasa zen, beste bi luze zabaldu zituzten. Beste saialdi bat egin genuen metro gehiago eskalatzeko, baina arrokaren kalitatea ez zen aldatu. Horren eraginez, xede hori bertan behera uztea erabaki genuen: ‘Luca’ (6c, 460 m).
«Kanpaleku nagusian atseden hartu eta gero, beste bi helburu zehaztu genituen. Talde bat Caval’ou izeneko murrura joan zen. Zorionez, harkaitz trinkoagoa aurkitu zuen, eta eskalada garbi batean ibilbide bat sortu zuten: 6c, C1. Beste taldea artesi sistema batean sartu zen, baina etenak zituenez eta aurrera jarraitzeko egoera argirik ez zegoenez, eskalada bertan behera utzi zuen.
«Hiru aste generamatzan bi fiordo horietan, eta onartu behar dut eguraldiarekin zorte ikaragarria izan genuela. Baina hurrengo egunetan egoera hori arras aldatu zen. Laino grisak eta euria heldu ziren. Nolabait esateko, Skjoldungen zopa gris bat bihurtu zen. Egun petral horiek atseden hartzeko, fiordoa sendo esploratzeko eta espedizioaren inguruan hausnartzeko baliatu genituen.
«Azkenengo gaua berezia izan zen benetan. Belaontzian etzan ginen gau ikaragarri eder baten babespean. Itsasoa oso bare zegoen. Eta hala ginen bitartean, aurora borealak dantzan jarri ziren. Une jakin horretan denbora eten egin zen; bazirudien munduak hitz egin zigula. Groenlandian bizitako egun zoragarri horietan espediziokideen artean magia sortu zen, eta bizipen hori betiko txertatuta geratuko zaigu».

Piden cuentas por la contratación pública de dos directivos de Solaria

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete

Euskal Estatua helburu, egitekoa eta zuzendaritza eraberritu ditu Sortuk

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»
