Helduak euskalduntzeko urratsak eskatu ditu Kontseiluak Nafarroan
Kontseiluak helduen euskalduntze eta alfabetatze sektorearekin landutako «Euskara ezagutzeko beharra helduengan sustatzeko proposamena» dokumentua aurkeztu du Nafarroako Parlamentuan. Bi ardatz ditu: doakotasuna, eta ikasteko beharra sustatzea.

Euskalgintzaren Kontseiluak helduengan euskara ezagutzeko beharra sustatzeko proposamena aurkeztu zuen atzo Nafarroako Parlamentuan. «Lehenbailehen eta lehentasunez, euskararen ezagutza unibertsalizatzeko iturri eta baldintzetan jarri behar duzue arreta», azaldu zieten Aize Otaño eta Joxerra Olano Kontseiluko Helduen Euskalduntze Alfabetatze sektoreko ordezkariek politikariei.
Aldarrikatu zutenez, «helduen euskalduntze-alfabetatzeak izan behar du datozen hamarkadetan herria euskalduntzeko prozesuaren ardatza, Euskal Herri osoan, bizitzaren alor guztietan, euskara nagusi izatea badugu helburu». Helduen euskalduntze-alfabetatzea bereziki bultzatu, indartu eta orokortu behar den jardunbidea dela defendatu zuten. Agertu zutenez, honako ondorioak izanen ditu: «Herritar guztiek euskaraz jakitea; euskararen erabilera nabarmen areagotzea; euskaltzaletasuna eta euskal kulturaren ezagutza hedatzea eta handitzea; euskal kultur produktuen kontsumoa haztea; euskarazko irakaskuntza Euskal Herri osoan nagusitzea; euskararen aurkako jarrerak neutralizatzea; eta hizkuntza-politika egokiak egitea erraztea».
PRAKTIKOA ETA AFEKTIBOA
Kontseiluaren proposamenaren funtsa honakoa da: herritarrak euskara ikasi ahal izateko dirurik aurreratu beharrik ez izatea; dohainik ikasten segitu ahal izateko gutxienez klaseen %75era joatea eta ikasmailarik ezinbestean gainditu beharrik ez izatea; euskalduntze prozesu osoa doakoa izatea; ikasleak 2.000 orduko ikastordu-kreditu muga izatea eta instituzioek herri ekimeneko euskaltegiek ematen duten zerbitzu publiko hori osorik finantzatzea.
Doakotasuna, baina, ez da baldintza bakarra. Euskara ikasteko beharra ere sustatu behar da. Horretarako bi motibazio mota landu beharko direla azaldu du Kontseiluak, herritarrek euskara ikasteko eta erabiltzeko hautua egin dezaten: motibazio pragmatikoa eta afektiboa.
AGENTZIA BATERATUA
Agerraldian, egungo hizkuntza-politikaren koordinazio falta salatu zuen Kontseiluak: «Euskal Herri osoa hartuko duen egitura egonkor eta iraunkor bakar baten premia dugu: agentzia bat». Agentzia horrek honako egitekoak izango lituzke: ikasketen doakotasuna bermatzea, glotodidaktikan ikerketa egitea eta irakasleen prestakuntza hobetzea, material didaktikoa sortzea, azterketa batzorde bakarra sortzea hizkuntza-eskakizunen sistema gainditu bitartean, herritar orori euskara ikastea beharrezkoa dela pentsarazteko hizkuntza-politika koordinatzea, eta herritarrak euskara ikastera bultzatzeko komunikazio kanpainak abiatzea.
Agentzia erakunde publiko eta herri ekimeneko ordezkariekin osatuko litzateke: Nafarroako Gobernua, Lakuako Gobernua, Euskararen Erakunde Publikoa, Euskalgintzaren Kontseilua, Euskaltzaindia eta herri ekimeneko euskaltegiak.
Jorratutako proposamenean neurri zehatzak jaso ditu Kontseiluak. Honakoak: Langileei lanorduetan euskara ikasteko eskubidea aitortzea eta bermatzea, «denbora ere oztopo delako»; hizkuntza-irizpideak zehaztea eta aplikatzea, lan-hizkuntza euskara izango dela bermatzeko; eta euskara- gaitasuna baldintza izatea, hainbat eremutan lanean jardun ahal izateko.

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete

Euskal Estatua helburu, egitekoa eta zuzendaritza eraberritu ditu Sortuk

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»
