Futbol munduko «txinpartarekin» ireki dute Saizarreko txotx denboraldia

Saizarren ere abian da, atzodanik, txotx denboraldia. Eta, aspaldian ohitura dutenez, aurpegi ezagun askoren laguntzarekin egin zuten upeletik estreinako tragoxka hori. Atzo, are eta arrazoi handiagoarekin: 50. txotx irekitzea zuen Usurbilgo sagardotegiak. Mende erdiko urteurren hori ekitaldi «oso berezi» batekin ospatu nahi izan zuten lertxundi-saizartarrek, «emozioz eta legendaz beteta».
Mito horiek futbol mundukoak izan ziren. Bereziki realzaleentzat aski sonatuak. Txotx garaiaren hasiera ofiziala egiteaz David Silva, Aitor “Txiki” Begiristain eta Roberto Carlos -Real Madrileko izar handi izana azken hau- arduratu ziren: haientzat izan zen estreinako txotxa, eta haiek oihukatu zuten bertaratutako guztientzat «hau da Usurbilgo Saizar sagardo berria!» leloa. Kanariarraren, olaberritarraren eta brasildarraren presentzia aski ez zelakoan-edo, 1981-82 eta 1982-83 denboraldietan Liga Euskal Herrira ekarri zuten Realeko futbolarien distira gehitu zen: Arconada, Zamora, Gorriz, Gajate, Larrañaga, Bakero, Lopez Ufarte, Satrustegi, Idigoras... Eta motz ez geratzearren, baita txuri-urdin “gaztexeago” batzuena ere: Imanol Agirretxe, David Zurutuza, Alberto de la Bella, Xabi Prieto, Ion Ansotegi eta enparauak.
Kultur adierazpenentzat ere izan zen tarterik Saizarren, urtero bezala: Korrontziren trikiti doinuak, Zea Maysen kantuak, Carmona sendiaren flamenko-pop fusioa, Andoni Egañaren bertsoak... Sagardo, futbol eta kulturaren txinparta, elkarri eskutik helduta, 50. aldiz txotxari ohore egiteko.

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete

Euskal Estatua helburu, egitekoa eta zuzendaritza eraberritu ditu Sortuk

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»
