Adimen artifiziala, indarkeria mota berrien aterpe
Polemika sortu du Grok-ek, X sare sozialaren adimen artifizialak, jendea biluzik agertzen den argazkiak sortzeko aukera ematen duela eta. Hainbat herrialdek tresna bera debekatu dute eta beste zenbaitetan ikerketa abiatu dute. Ukaezina da auziaren muinean matxismoa ageri dela: irudien erdietan emakumeak biluztu dituzte.

Adimen artifizialari X sare sozialean eskatu; hori besterik ez da egin behar emakume bat biluzteko. Ez da haren baiezkorik behar, ez da informatikan aditua izan behar, ezta ordaindu behar ere. Horrela izan da duela egun gutxira arte. Txiro zein aberats, trebe zein baldar, edonoren eskura jarri ditu Grokek emakumeen gorputzak. Zerbitzuak ez du genero bereizkeriak egiten; berdin biluztu ditzake gizonak ere. X-n batetik bestera dabiltzanak, ordea, emakumezkoen gorputzak dira.
Aferak horrenbesteko dimentsioa hartu du, non herrialde batzuetan tresna bera ere debekatu duten. Izan ere, zenbaitek adin txikikoak arroparik gabe ateratzen diren irudiak sortzeko ere baliatu dute.
Gabonetan hasi ziren Grok tresnari erabilera hori ematen. Adimen artifizial honek bere kontu propioa dauka Xn eta erabiltzaileek hura aipatu besterik ez dute egin behar Grokek erantzun diezaien. Horrela, joan den astera arte edonork «Grok» esan eta argazki jakin bat sortzeko edo aldatzeko eska ziezaiokeen.
Lehendik ere badaude antzeko irudiak baimenik gabe sortzeko aukera ematen duten aplikazioak, baina Xren adimen artifiziala da sare sozial baten bidez horren eskuragarri egon den lehena. Fenomenoak nabarmen egin du okerrera adin txikikoak biluzik agertzen diren irudiak sortzeko erabiltzen hasi direnean.
Muskek hori gertatzen ari dela ukatu badu ere, AI Forensics gobernuz kanpoko erakundeak Grokek sortutako 20.000 irudi baino gehiago aztertuta egin duen analisiak agerian utzi du argazkien %50 baino gehiagotan jendea arropa gutxirekin agertzen dela, horietatik %81 emakumeak direlarik, eta %2, adin txikikoak.
Egoera hori izanik, hilaren 9an, irudiak sortzeko aukera ordainpeko kontua duten erabiltzaileei mugatu zien Xk. Gogor kritikatu dute Musk horregatik, «abusua monetizatzea» leporatuz. Horrela, asteon Groken «benetako pertsonen argazkiak» biluzik edo ia biluzik ager daitezen editatzeko aukera erabat mugatu dute, ordainpeko harpidetza duten erabiltzaileei ere kendu baitiete.
Adingabeen argazkiokin asaldatuta, herrialde askok azkar erreakzionatu dute. Indonesian Grok blokeatu dute, behin-behinean, giza eskubideak urratzeko baliatzen ari direla-eta, uste baitute tresnaren bidez askok egin dutena «indarkeria digitala» dela. Filipinek, ostegunean, hori bera egiteko asmoa agertu zuten.
Ildo berean, Erresuma Batuko irrati-difusio, Internet, telekomunikazio eta posta-industrietarako arau- eta lehia-agintaritzak ikerketa abiatu du, ikusteko ea Xk legea betetzen dela bermatzeko egin beharrekoa egin duen ala ez. Estatu Batuetan, Rob Bonta Kaliforniako fiskal nagusia ere auzia ikertzen ari da eta Malaysian Xren aurkako akzio judizialak abiatu dituzte. Irlandako Gobernua 200 haur-abusu kasu ikertzen ari da, ziur baitago X sare soziala legea urratzen aritu dela.
Europar Batasunak ere azalpenak eskatu dizkio Musken sare sozialari, eta mehatxu egin dio isunak ezartzearekin.
Espainiar Gobernuak kezka agertu du auziarekiko eta Sira Rego Gazteria eta Haurtzaro ministroak Estatuko Fiskaltza Nagusiari galdegin dio iker dezala ea haurren aurkako sexu-indarkeria izan den irudiok zabalduta.
Unai Aberasturi Zuzenbide irakaslea da EHUn, baita Datuak Babesteko Euskal Agintaritzako presidentea ere, eta argi utzi nahi izan du norbaiten irudiak baimenik gabe modu honetan manipulatzea zein larria den: «Kartzela zigorra ekar dezaketen jarduerak dira eta adingabeak erantzuleak dira 14 urtetik aurrera».
Izan ere, azaldu du araudia moldatzen joan dela urteetan zehar, baita teknologia berriek planteatzen dituzten erronketara ere. Hala ere, aitortu du aplikatzea zaila izaten dela maiz: «Arazoa ez da hainbeste arauak dauden ala ez, baizik eta arau hauek aplikatzen diren ala ez kontrolatzea eta, aplikatzen ez badira, aplikazio ezak dakartzan arriskuak ekiditeko erabaki politikoak hartzea».
NOR DA ERRUDUN(AGO)?
Grok eta gainerako adimen artifizialak tresnak dira, eta norbanakoak erabakitzen du, azken batean, zein erabilera eman, hots, onerako edo kalterako erabiltzea. Hala ere, Aberasturiren aburuz, teknologiaren jabeak ere badu erantzukizuna, «arrisku horiek sortzeko aukera irekitzen» duelako. Horregatik, uste du enpresari arduraz joka dezala eskatu behar zaiola, «plataforman datuak erabiltzen direnean segurtasunez egin dadin, pribatutasun politika egoki batekin, eta legezko helburuetarako». Ardura kolektiboa ere aipatu du eta azaldu du ildo horretan lanean ari direla Datuak Babesteko Euskal Agintaritzan, herritarrak kontzientziatze aldera.
Afera honetan, beste hamaikatan bezala, agerikoa da matxismoaren eragina. Grokek edozein irudi sor dezake, txerri bat hegan jar dezake, norbera superheroi bilakatu eta baita hildako senide bat hizketan jarri ere. Baina, sortu diren irudien erdiak emakume biluzienak dira, nola ez, andrazko horiei baimenik eskatu ere egin gabe.
Euskal Herriko Bilgune Feministako kidea da Elene Lopetegi. Azaldu du indarkeria digitala, funtsean, indarkeria matxista mota bat dela, «ez da beste eremu batzuetan gertatzen ez den zerbait». Kontua da, erosoagoa dela indarkeria hori eragiten duenarentzat: «Ematen du pantaila atzean ez dagoela norbanako konkretu bat indarkeria hori gauzatzen duena, eta horrek errazagoa egiten du». Jazartzen ari diren emakumeari aurpegira begiratu ere egin gabe egin dezakete haren aurka.
Ez du harritzen adin txikikoen artean ere horrelako indarkeria kasuak gertatzeak. Hainbat ikastetxetan mutikoek ikaskideei bullying eta xantaia egiteko erabili dute adimen artifiziala. «Gazteak ez daude munduan gertatzen denetik at», esan du, baina baikortasunez mintzo da: «Gazte feministak askoz ahaldunduago daude lehen baino; hori ere kontuan hartu behar da».
ERRONKA BERRIAK
Indarkeria era berri hauen aurka antolatu beharra dagoela azpimarratu du, orain arte kalean, lanean eta beste hainbat espaziotan mugimendu feministak egin izan duen legez.
Halaber, Aberasturik aitortu du biktimei erreparazioa ematea zaila izaten dela. «Biktima horiei kaltea erreparatu behar izaten zaie, normalean kalte ordain batekin. Pentsa zein ezinegon sor dezakeen norberaren irudia, batez ere manipulatua eta sexualizatua badago, sarean zabaldu dela jakiteak», azaldu du. Irudia ezabatzea beste kontu bat da: «Irudia ezabatzea eska diezaiokezu, adibidez Groki, eta Grokek ezabatzeko betebeharra dauka. Baina, irudi hori sareetan zabaldu bada, oso zaila izan daiteke leku guztietatik ezabatzea».
Teknologia berriek aukera berriak dakartzaten bezala, indarkeria mota berriak ere badakartzate eta, ezinbestean, horiei aurre egiteko egokitu beharra dagoela azpimarratu dute Aberasturik zein Lopetegik, zuzenbideak zein feminismoak horretarako tresnak badituztela jakitun direlarik.

Piden cuentas por la contratación pública de dos directivos de Solaria

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete

Euskal Estatua helburu, egitekoa eta zuzendaritza eraberritu ditu Sortuk

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»
