GARA
BILBO

Urpeko tunela auzitegietan geldiarazteko prozedura hasi dute

Auzokide talde batek Getxo eta Portugalete lotu behar dituen urpeko tunelaren proiektua epaitegietara eraman du. Diputazioak espediente osoa abokatuari noiz emango zain daude demanda judiziala aurkezteko. Diru bilketa abiatu dute gastuei aurre egiteko.

Urpeko tunelaren aurkako mobilizazio bat, abenduan, Gasteizen.
Urpeko tunelaren aurkako mobilizazio bat, abenduan, Gasteizen. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Getxo eta Portugalete ur azpitik lotuko dituen tunelaren proiektua aurrera eramateko eta onartzeko Bizkaiko Diputazioak «hainbat irregulartasun» egin dituelakoan, auzokide talde batek epaitegietara eraman du proiektua. “Artaza Parkeko Herritarrak” elkartea osatu dute eta atzo aditzera eman zutenez, epaitegietan salaketa jarriko dute. Orain Diputazioak espediente osoa abokatuari noiz emango zain dira, demanda judiziala aurkeztu ahal izateko.

Bestalde, Subflubiala ez! plataformak ohar batean azaldu zuenez, zehazki, Diputazioari eskatzen diote, epaitegiek behin betiko erabakia hartu arte, ez ditzala lanen adjudikazioak martxan jarri, bestela epaiaren ostean enpresa horiei diru kopuru oso handiak eman beharko lizkiekeelako bueltan, betiere epaitegiak lanak geldiaraziko balitu.

Auzokide talde honen aburuz, bi herriak lotu asmo dituen ur azpiko tunela «oso proiektu kaltegarria» izango da pertsonentzat zein ingurugiroarentzat. Proiektuak sustatzen duen garraio ereduak daramatza hori pentsatzera; izan ere «milaka kotxe gehiago ipiniko ditu errepideetan, kotxeen aldeko dei efektua egingo baitu», horrek dakarren kutsaduraren eta berotegi efektuko gasen areagotzearekin, azaldu zutenez.

500 milioi euroko baino gehiagoko gastu publikoa ere ekarriko du eta, horrez gain, albo kalte «oso larriak» eragingo lituzkeela salatu zuten auzokideek. Ekainean lau ikastetxek, hots, Artaza-Romo institutuak, Betiko Ikastolak eta Romo eta Artaza eskolek, komunikatu bat plazaratu zuten tunelaren proiektua bertan behera gelditzea eskatzeko, ikastetxeen inguruan egitekoak ziren lanak ikasleentzat zein langileentzat kalte handia zirela iritzita, bai eta arriskutsuak ere.

Ikastetxeez gain, proiektuak Artatza parkean eta Galindo errekan ere kalteak eragingo dituela azaldu zuten. Artatza parkean dozenaka zuhaitz ebakiko dituzte tunela egin ahal izateko eta parkearen laurden bat itxita egongo da obrek iraun bitartean. Bestetik, gainean egingo duten zubibideak Galindo errekaren ekosisteman eragin negatiboak izango dituela eta horrek babestuta dagoen arrain hiruarantza (Gasterosteus aculeatus) arriskuan jarriko lukeela ohartarazi zuten.

Subflubiala ez! plataformak mobilizazio ugari antolatu ditu azken urteetan proiektuaren aurka; besteak beste, kanpaldia egin zuten, bai eta giza katea ere. Bide judiziala abiatuta, ur azpiko tunelaren eraikuntza geldiaraztea lortzeko beste lan ildo bati helduko dio Artaza Parteko Herritarrak elkarteak .