GARA
BAIONA

Baxoa euskaraz egin ahal izateko 2027ra arte itxaroteari uko egin dio Seaskak

1.500 pertsona inguru mobilizatu ziren atzo Baionan baxoa euskaraz egiteko eskubidea bermatzea eskatzeko. Frantziar Hezkuntza Ministerioari elkarrizketarako borondatea berretsi dio Seaskak.

Seaskak Baionan deitutako mobilizazioa.
Seaskak Baionan deitutako mobilizazioa. (Guillaume FAUVEAU)

“Baxoa euskaraz. Euskarari trabarik ez!” lelopean, mila pertsonatik gora bildu ziren atzo Baionan Seaskaren deialdiarekin bat eginez. Baxoaren inguruko eskabideetan aurrerabiderik egin ez izana deitoratu zuten bereziki.

«Egun kexu gara. Zinez, kexu. Beste behin gure hizkuntza bigarren mailako hizkuntza bezala tratatua baita. Txikitatik eskolatze guztia euskaraz egin ondoren, Parisetik adierazten zaie, euskarak ez duela baliorik. Baxoan, azterketa guziak, idatzi eta ahozkoak frantsesez egin beharko dituztela», adierazi zuen Erik Etxartek Seaskaren izenean.

Izan ere, hilaren 12an, Ipar Euskal Herriko hiru hautesbarrutietako diputatuek eta Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) Frantziako Hezkuntza ministroarekin, Edouard Geffrayrekin, bilkura egin zuten, azterketak euskaraz egiteko aukera hizpide zutela -are zehatzago, baxoko berezitasun eta ahozko handiaren probak-. Hautetsiak eta EEP Parisetik baikor itzuli baldin baziren ere, Seaskak egoeraren larritasuna azpimarratu zuen. Nahiz eta Geffray hizkuntza gutxituak aintzat hartuko dituen baxo eredua martxan jartzeko prest azaldu, Ministerioak apirilean eginen du proposamen berria; hortaz, aldaketarik egotekotan, 2027tik aitzina ezarriko lituzke.

Testuinguru horretan, euskararen kontrako politika ororen aurka zutituko direla argi utzi du Seaskak. «Euskarari ahalak mugatzea, azterketak frantsesez inposatzea, euskal kulturaren aldeko baliabideak murriztea, euskarazko hedabideei dirulaguntzak apaltzea, epaitegietan euskara debekatzea, politika linguizida da», azpimarratu zuen Etxartek.

Hala ere, elkarrizketarako borondatea berretsi du Seaskak: «Ministerioan errezibituak izan gaitezen galdegiten dugu, sor daitezkeen aldaketak ez daitezen beti bezala hizkuntz gutxiagotuen bizkar izan».