Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
PUT YOUR SOUL ON YOUR HAND AND WALK

Pantailaren bestaldeko genozidioa

Filmin plataforman, “Con el foco en Palestina” (Palestinan fokua jarrita) izeneko bilduman “Put Your Soul on Your Hand and Walk” lana estreinatu berri da. Sepideh Farsi zuzendari irandarraren eta Fatima Hassouna fotokazetari gazatarraren arteko bideodeietatik abiatzen da dokumentala. 2025eko Canneseko zinema jaialdiko ACID sailean estreinatu zuten, eta sail horretan hautatua izan zela iragarri eta biharamunean, Hassouna Israelen aire eraso batean hil zuten, familiako hainbat kiderekin batera. “Put Your Soul on Your Hand and Walk” urteko dokumental hunkigarrienetako bat da.

Fatima Hassouna fotokazetari palestinarrak Israelgo inbasio militarpean Gazan bizi izan zuen egunerokoa argazkien bidez dokumentatu zuen. Gainera, bere sakelako telefonoaren bidez, egunero komunikatu zen Farsirekin; eta Farsik, urrundik, irudi horiek jasotzen eta antolatzen zituen, mundura zabaltzeko. 2024ko apiriletik aurrera, urtebetez, bi emakumeek konplizitate berezi bat eraiki zuten. Konplizitate hori ez da soilik bien artekoa: ikuslea ere elkarrizketa horren parte bihurtzen da, lekuko isil baina inplikatua, pantailaren beste aldean.

Ez da atal teknikoan nabarmentzen den dokumentala, alde horretatik nahiko sinplea da. Ikusten ditugun irudi gehienak mugikorraz grabatuak dira; planoak askotan okerrak edo ezegonkorrak dira eta soinua zakarra. Baina, hain zuzen ere, horretan datza bere indarra: hurbiltasun emozionalean eta egia gordinean. Irudi “kaskar” horiek ez dute estetika zaindurik, baina badute premia, badute bizitza eta badute mezua.

Film honek ez du erantzunik eskaintzen, baina arrasto emozional iraunkorra uzten du. “Put Your Soul on Your Hand and Walk” ez da soilik film bat; arima esku ahurrean hartuta egindako ibilaldi bat da.