Gaizka IZAGIRRE
Zinema kritikaria

Isiltasun estrategikoa

Filmak estreinatzen diren egunerako kritikak prest izateko, kritikariok edukiak aldez aurretik ikusi behar izaten ditugu. Horretarako, prentsarentzako emanaldiak antolatu ohi dituzte estreinaldiaren eguna baino lehen -nahiz eta Euskal Herrian, zoritxarrez, ez diren gehiegi egiten-; hala, filmari buruzko testua idatzi eta zinema-aretoetara iristen den egunerako dena prest izateko.

Ez da film guztiekin egiten, baina oso ohikoak dira emanaldi hauek, irakurleari filmari buruzko lehenengo pistak emateko lagungarriak direlako. Ez da horrela izan “Torrente presidente” filmarekin. Santiago Segurak erabaki du pelikula lehenik publikoak ikusiko duela eta, ondoren, komunikabideek. Ez trailerrik, ez sinopsirik, ez bestelako informaziorik. Ezertxo ere ez.

Seguraren erabakiak hautsak harrotu ditu kritika zinematografikoan eta kazetaritza kulturalean dihardugunon artean eta eztabaida piztu du: marketin jokaldi bikaina da ala titular deserosoak eta kritika txarrak saihesteko metodoa? Zaleei egindako erreberentzia zintzoa da ala kritika gogorren aurrean egindako maniobra prebentiboa?

Gaur egun ez dut uste kritikari baten iritzi txarrak norbaitek film bat ikustea baldintzatu dezakeenik; halere, iruditzen zait Seguraren erabakia iritzi negatiboen beldur den enpresari baten hautua besterik ez dela eta ez zaleei egindako oparia, berak esan duenaren kontra.