Dariok erakustaldia emanez samurtu du bezperako kolpea
Ezustean B Serieko finaletik kanpo geratu eta 24 ordu baino gutxiagora, maila bikainean ordezkatu du Altuna, Jaka eta Iztueta menderatzeko.

Dario Gomez izan zen atzo Tolosako Beotibar pilotalekuan jokatu zen Binakako Txapelketako partidako protagonista nagusia. Ezcarayko aurrelariak sekulako kolpea jaso zuen ostiral arratsean Loiun, B Serieko txapelketako finaletik kanpo geratu baitzen ezustean, baina 24 ordu baino gutxiagoan gai izan zen Jokin Altunaren ordezko lanetan sekulako erakustaldia eman eta, Ezkurdiarekin batera, Jaka eta Iztueta 7-22 menderatzeko.
Ostiralekoa sekulako ezustea izan zen, eta sekulako kolpea Dario-Loza bikote errioxarrarentzat. B Serieko txapelketan bikote onena izan dira, ezbairik gabe. Final-laurdenetako ligaxkan erraz lortu zuten lehen postua eta finalerdietakoan lehen bi partidak irabazi egin zituzten. Ostiralean Loiun nahikoa zuten 12 tanto egitea, baina Peña eta Landaren aurka 22-10 galdu zuten, eta beste deman Murua-Gabirondoren garaipenak finaletik at utzi zituen.
Erabat ulertzekoa litzateke gertatutakoak atzoko partidan Darioren errendimendua baldintzatzea, baina ez da horrela izan. Eta eraginik izan bazuen, seguruenik eragin positiboa izan zen. Errioxarra gogotsu aritu zen hasiera-hasieratik, oso inspiratuta, eta Ezkurdiak bikain lagunduta bera izan zen laukoteko pilotari onena.
«Nik ere ez nekien ziur gorputzak eta buruak nola erantzungo zuten. Baina kirola horrelakoa da, batzuetan dena ongi ateratzen zaizu eta besteetan dena gaizki. Gaur, zorionez, dena ongi atera da baina, egia esateko, aldatuko nukeen bata bestearengatik. Pena handia da finaletik kanpo geratzea, baina ez dago besterik. Irribarrea berreskuratu eta datozen erronkak prestatzen hasi beharra dago», onartu zuen Ezcaraykoak ETBri egindako adierazpenetan.
HORMA-BIKOA LEHEN SAKEAN
Dariok lehen tantotik erakutsi zuen bere nortasuna. Lehen sakean horma-bikoa joz pilota zabalera bidali zuen, eta horrela lortu zuen aurreneko tantoa. Era berean, argi ikusi zen Martxel Iztueta ez zegoela neurketan behar bezala sartuta, eta bere bi oparirekin eta Jakak galdutako erremate batekin 0-4 jarri ziren urdinak.
Eta horixe izan zen joera partida osoan. Dario kolpez fresko, atzelariari asko laguntzen; Ezkurdia oso seguru, azken partidetan airez erakutsi duen txisparekin; Iztueta oso deseroso, etengabe mugitu behar horretan; eta Jaka errematean kamuts, normalean ongi amaitzen dituen jokaldiak huts eginez. Takadaz takada aldeak handitzen joan ziren, 1-15 eta 3-18 emaitza eskandalagarrietaraino.
Azken txanpan Erik Jakak hiru gantxo on sinatu zituen aurrean eta horiei esker lortu zuten emaitza apur bat apaintzea, baina azken 7-22ko horrek argi islatzen du Tolosan gertatutakoa.
Norgehiagoka azkarra izan zen, 50 minutura iritsi ez zena, eta horrekin pozik Joseba Ezkurdia, jada finala prestatzen hasteko prest. «Sentsazio onekin amaitu dut. Orain 15 egun polit ditugu aurretik. Finaletarako sailkatzea asko kostatzen da, gero eta gehiago, eta horregatik egun hauek gozatu nahi ditut. Ongi nago fisikoki, buruz ere bai, eta ea final on bat egiten dugun», adierazi zuen Arbizuko pilotariak.

«La capacidad de respuesta de Irán ha sorprendido a todo el mundo»

En Euskal Herria cada vez es más fácil contagiarse de ITS

Ejemplo de la traslación del eje del país

El PNV mantiene al ralentí la Reserva de Urdaibai
