Maider IANTZI GOIENETXE

Lekukotasunak: «Egunero gaude zerbitzu minimoetan»

Greba orokorrak atxikimendu zabala izan zuen eta sindikatuek mobilizazio egunaren balorazio hagitz positiboa egin zuten. Indarra badela eta gutxieneko soldata errealitate bat izan daitekeela berretsi zuten. Egoerarik gordinenean dauden langileei ahotsa eman nahi izan zieten; gazte, emakume eta migranteei, bertzeren artean.

Lehenbiziko irudian, Gasteizen goizean egindako mobilizazio bat. Bigarrenean, Aitziber Aranberri Villa Sacramento zahar egoitzako langilea eta Txomin Lasa ELAko ordezkaria, NAIZ Irratian.
Lehenbiziko irudian, Gasteizen goizean egindako mobilizazio bat. Bigarrenean, Aitziber Aranberri Villa Sacramento zahar egoitzako langilea eta Txomin Lasa ELAko ordezkaria, NAIZ Irratian. (Endika PORTILLO | FOKU - NAIZ IRRATIA)

Greba orokorrak jarraipen zabala izan zuen, eta baikor mintzatu ziren protagonistak NAIZ Irratiari emandako lekukotasunetan. Gasteizen, adibidez, 7.00etarako jarria zuten hitzordua Latinoamerika plazan. Hotz egiten zuen, lainoa sartuta zegoen. Lehenbizi, errepidea moztu eta dezenteko anabasa sortu zuten, biribilgune hau puntu garrantzitsua baita hiriko trafikoan.

«Horrelako greba orokorretan bakoitzak bere papera betetzen du», adierazi zuen Igor Chillon LABeko ordezkariak: «Ikusi dugu patronala eta enpresariak zer egiten ari diren. Mercedesek gutun pertsonalak bidali dizkie langileei presionatzeko, greba egin ez dezaten. Tuvisan, aldiz, zerbitzu minimoetan jarri dituzte greba egitera zihoazen langileak. Hemen, manifestazioan, Ertzaintza tentsioa sortzen eta oldartzen ari da. Dena den, orokorrean, pikete jendetsua izan da, langileak informatu ditugu eta pozik gaude».

EZTABAIDA ZABALDU DUTE

Iruñean, Imanol Karrera eta Imanol Pascual Nafarroako LAB eta ELAko arduradunek ere balorazio hagitz positiboa egin zuten manifestazioaren hasieran. «Jarraipen handia izan dugu. Duela urte bat gure proposamena alboratu eta mespretxatu zuten eta gaur da eguna lantokietan, kaleetan eta Nafarroako instituzio nagusietan eztabaida ireki duguna. Argi geratu da badagoela indarra eta gutxieneko soldata errealitate bat izango dela», nabarmendu zuen Karrerak.

Ildo horretatik, datorren martxoaren 25ean zer eginen duten galdetu zien CEN, CCOO eta UGTri, gai honi buruz eztabaidatzeko negoziazio mahaia deituta baitago egun horretarako. «Ez joatea erabakitzen badute, gaurko argazkiak erakusten du borrokarako prest gaudela».

Pascualek UGT, CCOO, UPN, PP, PSN, Contigo-Zurekin eta Voxi zuzendu zien mezua, mobilizazioen kontra agertu baitziren. «Ez dugu etsiko, eta greba orokor honen babesa erabakigarria izanen da Nafarroan behingoz 1.500 euroko lanbide arteko gutxieneko soldata lortzeko».

FEMINISTA ETA ANTIRRAZISTA

Bilbon, Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak greba honen funtsa nabarmendu zuen hiria zeharkatu zuen manifestazio jendetsuan: «Greba honek ahotsa eman nahi die egoera gordinenean daudenei. Milaka langile horien ahotsa da: gazteak, emakumeak, migranteak. Arrakala guztiak bukatzea nahi dugu, 1.500 euro baino gutxiago jasotzen dituzten langileen bi herenak emakumeak direlako. Greba feminista eta antirrazista da hau».

Mobilizazio berean, Steilaseko Haizea Arbidek langile klaseari eragiten dionak hezkuntzari ere eragiten diola ohartarazi zuen. «Hezkuntza ez dago kanpo. Prekaritatea gure ikasle, langile eta familien egunerokoa da. Ezin dugu duintasunik irakatsi, bizitza eta soldata prekarioak onartzen baditugu», aldarrikatu zuen.

EGOITZETAN, GREBA MUGAGABEAN

Gipuzkoako egoitzetan ere itxaropentsu daude. «Asko landu dugu hilabete hauetan, bai zaintzan eta bai bestelako esparruetan. Eta gaur feedback positiboa dugu», erran zuen Txomin Lasa ELAko ordezkariak NAIZ Irratian.

Elkarrizketa berean, Aitziber Aranberri Villa Sacramentoko langileak greba mugagabean daudela oroitarazi zuen. «Greba orokorra da, baina guk 126. greba eguna daukagu. Zergatik den greba orokor hau ikusita, babes handia da eta guk ere buru-belarri inplikatzeko asmoa dugu». Azaldu zuenez, jartzen dizkieten zerbitzu minimoak %90ekoak dira. Horrek erran nahi du hamar langiletik bakarrak egin dezakeela greba. «Horrek asko haserretzen gaitu, ze ezinbestekoak garela diote baina grebarik ez dagoenean ere gutxieneko zerbitzuetan ari gara. Frustrazioa sentitzen dugu, baina antolatuta gaude eta badakigu gutxi horrekin ere borrokan jarraituko dugula».

Lasak erantsi zuenez, behin baino gehiagotan gertatu zaie greban ohiko egunetan baino langile gehiago egotea, enpresak greban zerbitzu minimo batzuk betetzen tematzen direlako, agian egunerokoan betetzen ez dituztenak. «Zerbitzu minimoen azken borondatea ez da zerbitzuari begirakoa; greba zapuzteko mekanismo bat da», argitu zuen.

«KALITATE ESKASEKO ZERBITZUA»

«Greban ez gaudenean ere, egoiliarrak oinarrizkoan bakarrik artatzen ditugu. Jaiki, garbitu, janaria eman eta oheratu. Hortik aurrera ez daukagu denborarik beren behar emozionalak betetzeko. Askotan eskatzen digute hizketalditxo bat, paseotxo bat, eskutik hartzea. Ez daukagu denborarik», azaldu zuen Aranberri.

«Eta ematen ditugun oinarrizko zerbitzuak ere nola ematen ditugu? -jarraitu zuen gogoetatzen-. Komunera ere ez dira nahi dutenean joaten. Askotan ordutegiak daude eta tokatzen denean joaten dira. Egunerokoan beti gaude minimoetan. Ematen dugun zerbitzua oso kalitate eskasekoa da», azpimarratu zuen.

ZAINTZA SISTEMA PUBLIKO OSO BAT

Greba egiten dutenean egoiliarrek sufrituko dutela aurpegiratzen diete eta beren erantzuna da greban ez daudenean ere ia berdina dela. «Ez gara iristen, korrika ibiltzen gara, eginbehar bakoitza minutuetan kontatuta dugu. Gure aldarrietan esaten dugu ez direla torlojuak; pertsonak zaintzen ditugu».

Adibidez, langileen %50 kontratu partzialekin daude eta jardunaldi guztiak %100era pasatzeko eskatzen dutenean helburua pertsona hauei ez ezik egoiliarrei ere bizi kalitate duin bat ematea da. «Gero publifikazioa etorri behar da, enpresek hemen eskuak sartuta edukitzea lotsagarria baita. Ondoren, zaintza sistema publiko oso bat behar da».

Urteak daramatzate enpresekin esertzen, eta, bi lagunek adierazi zutenez, beti harritzen dituzte txarrerako. «Ez digute proposamen bat ere ekarri aurten. ‘Urrun gaudenez, zertarako ekarri?’ diote. Finantziazioaren %90 Aldundiarena da, baina guk ezin dugu berarekin negoziatu. Patronalek ere harreman txarrak dituzte beren artean, egoitzak merkatuen salerosketa bat direlako. Orduan, hara joaten garenean ez dute interesik hitzarmen batera iristeko. Aldundiaren ardura izanik, lidergo politikoa beharko luke halako egoera iraultzeko», aldarrikatu zuen Lasak.

«Lidergo politikorik gabe, bakarrik patronal hauek esaten dutenarekin negoziatu behar badugu, jai daukagu eta gatazka hauek luzatu eta luzatu egingo dira».

GAINBEHERA BAT

Aitziber Aranberrik baieztatu zuen ez dagoela «inongo inbertsiorik egoiliarren bizi kalitaterako», nahiz eta badakiten enpresen mozkinak ikaragarriak direla. «20 urte daramatzat Villa Sacramenton lanean eta pixkanaka okertzen joan da egoera. Langileak gero eta gutxiago gara. Pandemiaren ondoren beherakada ikaragarria izan zen».

Lasak gehitu zuen sektore hau horrela dagoela langileak emakumeak direlako eta zaintza egiten dutelako. Emakume migratu aunitz daude eta enpresak horien beharrez aprobetxatzen dira.

Ondorioz, langileen errotazioa handia da. «Langileen beharrekin jolas egiten dute enpresek, ez daukate inongo eskrupulurik. %50eko kontratua duen langile batek lan gehiago egin behar du. Lan gehiago egin nahi badu leku berdinean enpresak deitu behar dio. Orduan, telefonoaren mende dago eta gainera isilik, enpresa delako lana ematen diona. Jendea beldur da ezer esateko, bestela ez diotelako lanik emango. Edukitzen ditugun lan kargak handiak dira; baja asko egoten da. Egoiliarren erreferente izan behar dugula diote, baina ez da erreala eta kaos bat da erresidentzia», salatu zuen langileak.

«Zaintzek duinak izan behar dute jaiotzen garenetik hiltzen garen arte», baieztatu zuen ordezkari sindikalak. «Eta langileak eskatzen ari direna, beren lan baldintzak hobetzeaz harago, hori da: musu bat ematea, elkarrizketa bat izatea, buelta bat ematea. Langile ugari ezagutu ditut urte hauetan eta gehienek pasioz lan egiten dute. Asko gustatzen zaie nagusiekin egotea, baina askok utzi egin behar dute lan baldintzak kaskarrak direlako. Potentzial humano handia dugu eta galdu egiten da Aldundiaren utzikeriagatik. Hor asko sufritzen dute langileek, eta baita egoiliarrek ere».

Agertu zutenez, patronalaren, enpresen eta Aldundiaren aldetik «borondate falta ikaragarria» dago. Beti horrela lortu behar izan dituzte gauzak. 263 egun zeramatzaten greban pandemia aurretik ere.

TUBOS REUNIDOSEN ERE BAI

Tubos Reunidoseko langileek ere aurretik hasia zuten greba; herenegun izan zuten greba mugagabearen lehenbiziko jardunaldia enpresako lan erregulazio espedientea salatzeko. 300 bat langile kaleratzea aurreikusi du enpresak eta bereziki Amurrioko langile batzordeak ezezkoa eman dio plan horri. Ez dute arrazoirik ikusten espedientea sinatzeko.

Oier Bidaurrazaga LABeko Tubos Reunidoseko kideak NAIZ Irratiari kontatu zionez, ongi joan zen greba eguna. «Ez da inor sartu. Langileok beheko errepidea moztu dugu, eta gogotsu». Greba orokor honek beren borrokan laguntzen diela azaldu zuen.

Enpresak hedabideetan jakinarazi zuenez, 300 langile boluntario lan erregulazio espediente horretan sartzeko prest daude, baina Bidaurrazagak kakotxak ipini zizkion “boluntario” hitzari. «Izan ere, -adierazi zuen- urtarrilaren 29an zenbat boluntario zeuden? 29a diot 30ean ezarri zigutelako espedientea mahai gainean. Zenbat jende zegoen enpresatik joateko prest? Behin-behinekoak boluntarioak dira? Espedientearen agertokian, txarra edo txarragoa den agertoki bat hartzekotan jendeak txarra hartu du eta ‘boluntario’ apuntatu da zerrenda horretan. Hori suposatzen dugu, ze oraindino guk prentsatik bakarrik jakin dugu».

Hamabost egun dauzka enpresak espedientea sartzeko eta ez dakite zer egingo duen. Langileak «bero» daude, eta borrokan jarraitzeko prest.