Eskola bat ixtean, zer?
Egoera demografikoa modu nabarian aldatzen ari da eta horrek gizartearen hainbat esparrutan ondorioak ditu, baita hezkuntzaren arloan ere. Jaiotza tasa gero eta txikiagoa da eta, ondorioz, ikasgela batzuk husten ari zaizkigu. Ez da etorkizuneko arazoa, egun gertatzen ari den errealitatea baizik. Horren aurrean, tarteka hezkuntza zentroen inguruko albisteak heltzen zaizkigu: eskaintzaren murrizketak, fusioak, itxierak eta abar.
Baina horiek dira hartu beharreko erabakiak? Ez da posible aukeraz baliatzea hezkuntza eredua birpentsatzeko, eta komunitateari eta ikasleen beharrei erantzungo dien sistema bat eraikitzeko? Eta itxieraren bat egin behar bada, non? Zein zentrotan? Zein erabilpen emango zaie auzoan erreferente diren eraikin horiei? Galdera horien erantzunak ez dira zenbakien arabera hartu beharreko kudeaketa erabaki soilak izan ere, gizarte osoan ondorio anitz eta garrantzitsuak sortzen dituzte. Hori dela eta, nabaria da eztabaida sakon baten beharra.
Zoritxarrez, kaltetuak izaten ari diren eskola komunitate ezberdinekin hitz egiterakoan, Eusko Jaurlaritzaren jarduteko modua behin eta berriz errepikatzen da. Goitik behera hartutako erabakiak izaten dira, adostasunik gabe eta komunikazio eskasarekin, zentroetan ziurgabetasun eta ezinegon handia sortuz. Euren etorkizunaren berri ez duten ikastetxeetako egoera ere berdina da, izan ere, aldaketa hauen guztien planifikazioa, baten bat egotekotan, ez da ezaguna, ez baitzaie informaziorik ematen. Gainera, udal mailako instituzioak ez dira erabaki hauetan behar beste inplikatzen; ikusle pasibo bezala ari dira, eskolek auzoetako bizitza sozialean eragin zuzena duten arren.
Ikastetxe batek bere inguruan duen inpaktua ez da hezkuntzara mugatzen: auzoaren dinamikan, familien antolaketan eta komunitatearen kohesioan nabarmen eragiten du. Eskolak auzoak dinamizatzeko trakzio-elementuak dira, jendea biltzen duten espazio naturalak, gure auzoen pultsua. Argi dago hezkuntza komunitateak ezin direla dekretuz desegin. Hezkuntza kalitatearen aldeko apustu sendoa egin behar dugu.

«Si hay un acuerdo con el estatus, será porque supone un salto»

«Donostiak ez du ‘euskal poliziarik’ behar», aldarrikatu du LABek

«Bilbon ere, EH Bildu alternatiba gisa agertzen ari da; aldaketa helduko da»

Aberri Eguna euskal lurralde guztietan jai ofiziala egiteko deia Lizarratik
