GAIZKA IZAGIRRE
HERNANI
LA GRAZIA

Italiako presidente baten azken erabakiak

Veneziako jaialdian aurkeztu eta Donostia Zinemaldiko Perlak Sailetik igaro ondoren, Paolo Sorrentino zinemagile italiarraren lan berria, “La Grazia”, zinemetara iritsiko da.

Filmaren protagonista Mariano De Santis (Toni Servillo) da, Italiako Errepublikako presidentea, bere agintaldiaren azken txanpan: alarguna, katolikoa eta jurista. Karguaren amaierak bi delibero erabakigarri jarriko dizkio aurrez aurre: alde batetik, eutanasiaren legea onartu ala ez erabaki beharko du; bestetik, espetxean zigorra betetzen ari diren bi presoren indultuak aztertu. Politikan hartu beharreko erabaki horiek guztiek presio eta erantzukizun handia dakarkioten arren, bere barne gatazkarik sakonena ez dago bulegoetan, baizik eta bere bizitza pribatuan: hildako emaztearen oroitzapena eta inoiz itxi ez zen iraganeko zauri bat.

Sorrentinok, protagonista nagusia alde politikoaren eta alde pertsonalaren arteko bidegurutzean kokatuko du. Filmak boterearen izaeraz eta haren mugaz hausnartuko du, baita justizia legalaren eta justizia moralaren arteko tentsioaz ere.

MUBI BANATZAILEA

MUBI banatzailea eta streaming plataforma iaz sartu zen Europako merkatuan “The Mastermind” filmarekin. Baina albiste garrantzitsuena beste bat izan zen: MUBIri egindako boikotak indarra hartu zuen iaz, Sequoia Capital inbertsio enpresarekin eta horrek Kela teknologia militarreko enpresa israeldarrarekin dituen loturengatik.

Sorrentinoren lan berria MUBIk banatuko du, eta Veneziako jaialdian genozidioari buruzko galdera bat saihestu eta modu generikoan adierazi zuen: «Zinemak eragin politikoa izaten saiatu beharko luke». Nahiz eta “La Grazia” bere film berriak gobernuaren erantzukizuna aurrez aurre aztertzen duen, urrun geratzen da Berlusconiren aurkako “Silvio (y los otros)” filmean egin zuen satira garratzetik.