Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
LA GRAZIA

Politikaren barneko gizatasuna

Tonua beti izaten da oso adierazgarria Sorrentinoren filmetan. Aurretik, politikari ezagunak erretratatu ditu, hala nola Giulio Andreotti (“Il Divo”) eta Silvio Berlusconi (“Silvio”), eta film haietan satira erabili zuen tresna nagusitzat. Umore zitatzailea, ironia eta iseka tonua baliatuz, pertsonaien itzalak eta gehiegikeriak agerian utzi zituen. “La Grazia”-n, ordea, kontrako bidea hartu du. Ez dago karikaturarik, ezta satiraren ariketa zorrotz hura ere; Sorrentinok omenaldi bat egiten die politikari zintzoei, beren herriaz eta komunitateaz arduratzen direnei.

Mariano De Santis (Servillo) agintaldiaren azken txanpan dagoen Italiako Errepublikako presidentea da: alarguna, katolikoa eta jurista. Sorrentinok, alde politikoaren eta alde pertsonalaren arteko bidegurutzean kokatuko du. Filmak boterearen izaeraz eta haren mugaz hausnartzen du, baita justizia legalaren eta justizia moralaren arteko tentsioaz ere.

Alderdi formalari dagokionez bere aurreko filmen ukitu barroko eta estilizatutik urruntzen da. Planoak eta sekuentziak neurritsuagoak dira, baina badute indar narratiboa: espazio ofizialen monumentaltasunak protagonista bakartiaren irudia txikiagotzen du, korridore amaigabeen eta zeremonia hotzen erdian isolatua agertzen denean. Musika elektronikoak, berriz, kontrapuntu gisa jokatzen du.

Barkaezina litzateke kritika honi amaiera ematea Toni Servilloren lana aipatu gabe utziko banu: ohikoa den bezala, magnetismo bereziz jokatzen du eta, beste behin ere, aktore itzela dela frogatu. Apaindura eta ikusgarritasun gutxiago aurkezten ditu oraingoan, baina etika eta gizatasunaren inguruko gogoeta sakonagoa eta, aldi berean, hunkigarriagoa eskaintzen du.