Andoni TOLOSA «MORAU»
Musikaria

Tabernak

Zein ibilbide egin beharko luke talde edo musikari batek helburua bada BECera iristea eta abiapuntua entsegu lokala? Neuk ez dakit, uste dut bigarren edo hirugarren geltokian jaitsi nintzela tren horretatik, koldar halakoa! Baina, behintzat, imajina dezaket badela horretara daraman ongi seinaleztatutako bide bat; bere semaforo, bide seinale eta arau ezinbestekoekin, eta, jakina, batez ere, badela arau horiek guztiak betearazteaz arduratuko denik. Esandakoa, ezezagutzatik ari naiz, zeren eta trenetik jaitsi eta, senak agindu bezala, geltokiko tabernan sartu nintzen. Are gehiago, aitortzen dut, oraino, ez naizela bertatik atera. Ez taberna zehatz horretatik (metafora bat dela uste dut), baizik eta tabernetatik (izate orokor gisara).

Ohikoari jarraituz, gustatzen zaizkit tabernak. Ez bakarrik bezero moduan, baizik eta, bitxiago dena, musikari gisara. Leku hori non ikuslea zuk irabazi behar duzun eta ez alderantziz. Leku hori non musika hain hurbila den min ere eman baitezake. Leku hori, non dena geratzen den agerian. Leku hori, non arreta urrea den eta isiltasuna mirari. Bai, maite ditut tabernak, eta horregatik uste dut, askoz ere kaltegarriagoa dela euskal musikarentzat taberna bakar batek zuzeneko musika programatzeari uztea, BEC eraistea baino. Eta ez bakarrik talde hasiberrientzat.