GARA
BIDASOA-IRUN

Agurrak: Mielczarski eta Rodrigo Salinas

Rodrigo Salinasek ez du Bidasoan jarraituko.
Rodrigo Salinasek ez du Bidasoan jarraituko. (G. RUBIO | FOKU)

Bidasoa-Irunek badu nahikoa lan aurtengo denboraldia amaitzen, bai eta datorrena prestatzen ere. Hainbat jokalariren fitxaketa eta kontratu berritzeak jakinarazi ditu, baina jarraituko ez duten jokalarien izenak ere ari da iragartzen. Hala, otsailean jakin zen Dariel Garcia hegalekoak Bidasoa-Irun utzi eta Alemaniako Melsungen taldean jarraituko duela bere kirol ibilbidea. Azken egunotan, berriz, Piotr Mielczarskik eta Rodrigo Salinasek ere ez dutela Irunen segituko jakin da.

Azken bien kasuak ez dira berdinak. Izan ere, Mielczarski 20 urteko poloniarrak Estatu frantseserantz joko du, bere ibilbide profesionala Limoges taldean jarraitzeko. Aurten Balonmano Guadalajara taldetik ekarri du Bidasoak Mielczarski 20 urte eta 1,97 metroko erdiko jokalaria, iaz Gaztela-Mantxako taldean utzita aritu ostean. Orain arte 69 gol sartu ditu talde irundarrarekin eta asko hazi da denboraldi honetan Alex Mozasen esanetara. Ondorioz, Limoges taldeak fitxatu du jokalari poloniarra. Nacho Valles erdiko jokalariak ere, Irunen urtebete eman eta gero, ez ei du Bidasoa-Irunen elastikoa jantziko denboraldia amaitu ostean.

JOKATZEN JARRAITUKO AL DU?

Rodrigo Salinasen kasua erabat ezberdina da. Jokalari hegoamerikarra 2017/18 denboraldian iritsi zen Gipuzkoara, aurrez bi denboraldi Granollersen jokatu ostean, eta erasoko jokoan Bidasoa-Irunen erreferente nagusietako bat izan da urte hauetan guztietan.

Baina duela 37 urte Viña del Mar -Txile- hirian sortutako eskuin albokoak ez du Irunen segituko, eta azken honen kasuan ez dago argi eskubaloian jokatzen jarraituko duen ala ez. Arazo fisikoen erruz, ohi baino askoz gutxiago jokatu du eta, esaterako, iaz baino 30 gol gutxiago sartu ditu orain arte Asobal Ligan, duela urtebete baino askoz gutxiago jokatzeko aukera izan duelako.

Bestalde, Bidasoa-Irunek ofizialki adieraztea falta bada ere, Jakub Sladkowski poloniar gaztea, aurten Villa de Aranda taldean utzita jokatu duena, Irunen jokatzekoa omen da datorren denboralditik aurrera.