Europa sutan, Santa Marta irtenbide bila
Mundua azkar berotzen ari da, eta Europa mundua baino azkarrago. Copernicus programaren eta Nazioarteko Meteorologia Erakundearen azken txostenaren arabera, iaz muturreko gertakari klimatikoak biderkatu egin ziren. Tenperatura errekorrak nonahi hautsi ziren, eta bero boladak gero eta larriagoak dira, hegoaldean bai, baina Eskandinavian ere bai: Finlandiak, Suediak eta Norvegiak 21 egun pasatu zituzten 30 graduko tenperaturekin. Groenlandiak 139 gigatona izotz galdu zituen, eta glaziarren desagerpenak 2.000 milioi pertsonaren ur hornidurari eragingo dio. Suteek milioi bat hektarea erre zituzten, eta uholdeek 14.500 pertsonari kalteak eragin. “El Niño”-k egoera okertu baino ez du egingo.
Zenbakiak gorabehera, antzeko lerroburuak iristen dira hilabetero komunikabideetara. Aldaketa klimatikoaren datuen eta ondorioen albisteak ematea garrantzitsua da, jakina, baina alarma egoera pizteko baliagarriak diren eztabaida daiteke jada. Bada garaia aurrera urrats bat egin, eta, ondorioetan baino, fokua larrialdi egoera honen kausetan jartzeko. Izan ere, CO2 isurketak murrizteko bide orri eguneratuak daude, berriztagarriak hedatzeko planak berritzen eta zabaltzen doazen bezala, baina ederki kostatzen da erregai fosilak uztearen beharra, bere horretan, mahai gainean jartzea. Krisi klimatikoak zerutik erori den zorigaitza dirudi batzuetan, baina eragile garbiak ditu: erregai fosilak -ikatza, petrolioa, gasa-. Ezingo zaio klima krisiari aurre egin horiek utzi gabe.
Auzi honi heldu diote aurrenekoz Kolonbiako Santa Marta hirian egun hauetan elkartu diren 60 herrialdeetako ordezkariek. Herrialde hegoamerikarrak eta Herbehereek antolatu dute lehenengo Erregai Fosiletatik Haragoko Trantsiziorako Gailurra, eta haren barruan, Estatu frantsesak eta Kolonbiak erregai horien erabilera bertan behera uzteko bide orriak aurkeztu dituzte. Parisek ikatza 2030ean, petrolioa 2045ean eta gasa 2050ean utzi nahi dituela iragarri zuen asteartean. Asmoak baino ez dira oraindik, baina larrialdi klimatikoaren aurkako ekintza parametro berri eta efektiboagoetan kokatzen du. Heda dadila, beraz, ekimena.

«La capacidad de respuesta de Irán ha sorprendido a todo el mundo»

En Euskal Herria cada vez es más fácil contagiarse de ITS

Ejemplo de la traslación del eje del país

El PNV mantiene al ralentí la Reserva de Urdaibai
