GARA
BILBO

Esteban haserre dago, baina ez da gobernu hausturarik gertatuko

EAJren eta PSEren arteko ika-mikaz betetako bost egunen ondotik, Aitor Esteban EBBko presidenteak esan du ez dela onargarria halako memeak zabaltzea kontu ofizial batetik «gezurretan aritu direlako». Dena den, Gobernua mantenduko dela iragarri du.

Aitor Esteban EBBko burua, Aberri Egunean.
Aitor Esteban EBBko burua, Aberri Egunean. (M. RAMIREZ | FOKU)

EAJren eta PSEren arteko tirabirek markatutako bost egunen ostean, Eneko Anduezak zabaldutako irudi baten ondorioz, Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak, Aitor Estebanek, adierazi zuen haserre dagoela PSErekin, ez zaiolako onargarria iruditzen gobernukide batek halako meme bat zabaltzea kidearen kontra.

Anduezak agindu omen zion ez duela gerrarik egingo euskararen inguruan, baina ez du hitza bete. Eta, Estebanen esanetan, okerragoa dena, «gezurretan ibili da» euskara langileentzako mehatxua dela esanez. Ulertezintzat jo du PSEren jarrera, baina horrek ez du Gobernua hautsiko, atzo ziurtatu zuenez.

«Kontakizun bat zabaldu nahi dute gizartean, eta ezin dugu hori onartu», azpimarratu zuen EBBko presidenteak, ETBri emandako elkarrizketa batean. «Aurreko asteko asteartean, batzar batean egon nintzen Eneko Anduezarekin eta esan zidan ez zirela euskararen arloko akordio batean sartuko, baina onartzen zutela aurrerapauso handiak eman ditugula, ahalegina egin dugula. Berba eman zidan ez zutela euskararen inguruan gerra bat egingo. Baina handik egun gutxira, adierazpen batzuk eta memea etorri ziren».

Kontatu zuenez, urtebetez aritu dira lanean. «Hemen sententzia batzuk egon dira eta hori ukaezina da. Eta begiak itxita ez dugu ezer konpontzen. Zer edo zer egin behar da. Guk zer proposatzen dugu? Segurtasun juridikoa ematea, ez bakarrik euskaraz dakitenei, ez dakitenei ere bai. Azken batean, lan eskaintza publiko bat behar den moduan eta denboran burutuko dela ziurtatzea. Horretarako egin dugu planteamendua».

Argitu zuenez, beren proposamen hori ez doa langileen kontra; areago, ez dakitenentzat ere egiten da eskaintza, denbora batean hizkuntza ikasteko. Proposamen zabala dela defendatu zuen.

«Ez gara polemiketan hasiko, ez dugu zaratarik egingo, formak zainduko ditugu, baina ez gara isilduko, ze barruan gauza bat esatea eta kanpora begira beste bat egitea, politika zarata baino ez balitz bezala, hori ez dugu onartuko. Hori ez da politika eta ez gara isilduko. Koherentziaz jokatuko dugu. Gobernua mantenduko dugu, baina PSEk uste badu zarata atera dezakeela inolako kalterik barik, hori bere iritzia izango da», adierazi zuen.