GARAZI CASTAÑO
DONOSTIA
Elkarrizketa
MADDI OIHENART ETA JUANTXO ZEBERIO
Musikariak

«Patxadaz egindako diskoa bada ere, Palestinako genozidioak markatu du»

Maddi Oihenart eta Juantxo Zeberio hasiak dira “Lur” diskoa zuzenekoetan ematen. Joan den apirilaren 19an Galdakaoko Torrezabalen jo zuten, eta larunbat honetan Zumaian egingo dute bigarren kontzertua. Egitasmoaren abiapuntua izan ez bazen ere, herri palestinarraren sufrimenduak goitik behera zeharkatu du diskoa.

_
_ (Maialen ANDRES | FOKU)

 

Ezer erna daitekeen lurrik ez da geratzen Palestinan. Lur txikitu eta sarraskitua da, itxaropena ere idorturik duena. Bestelako mundu baten gogoa landatu nahi dutenen diskoa da “Lur”, kantuz osatutako ongarria. Hiru urteko lana du atzean Maddi Oihenarten (Barkoxe, 1956) eta Juantxo Zeberioren (Tolosa, 1968) azken lanak. Duela hamasei urte grabatu zuten bien arteko azken diskoa, “Baldi”, eta 2007koa da, ordea, lehena, “Hari Biru”. 2025eko azaroan kaleratu bazuten ere, hedabideen aurrean otsailean aurkeztu zuten “Lur”. Orain, oholtza gainean defendatuko dute.

Euskal doinuz jantzi dituzte palestinarren min eta deiadarrak, testuinguruak ere hala agindu zielako. «Biltzen ginen aldiro, nahiz eta pentsatu ezin zela ezer okerragorik gertatu, hala zen. Urteotako harreman honetan konstante bat izan da zoritxarrez», azaldu du Zeberiok. Hala ere, diskoaren ernamuina World Weather Network egitasmoak tolosarrari egindako proposamenean datza. Aldaketa klimatikoari sorkuntzaren bidez erantzuten dion mundu mailako sare artistikoa da. «Euskal Herrian bazen haiek ‘estazio meteorologiko’ deiturikoa eta lehenik kantu bat eta gero kontzertu bat egitea proposatu zidaten». 2023an Zestoako harrobian egindako emanaldi hori izan zen ostera diskoan agertzen den, besteak beste, “Lili bat” kantuaren hasiera. “Eguzki Xuri” izena jarri zioten udako solstizio kontzertua uztailean egin zen, baina 2023. urte amaieran Bergaran bigarren kontzertu bat eman zuten. Ordurako agerikoa zen Palestinan martxan zen genozidioa. “Palestinaren mina” kantua sortu zuten. «Denok bezala, ezin sinetsirik genbiltzan eta gure erantzuteko modua izan zen». Abesti horrekin etorri zen diskoa ontzeko erabakia.

LURRA(K)

Maiztasun handiagorekin elkartzen hasiak ziren Angelun lagun batek utzitako etxean. Bertan prestatu dituzte, halaber, zuzeneko emanaldiak. Patxadaz ondu dute diskoa «gure ibilbidea horrelakoa delako», zalantzarako tarterik gabe erantzun du Oihenartek. Hala ere, Zeberiok azaldutako moduan, «beti izan da oso kolpatua Palestinako genozidio honengatik, markatua». Biltzen ziren bakoitzean agerikoagoa zen sarraskia, «Urteotako harreman honetan izan da konstante bat, zoritxarrez».

«Lurgabeei eskainitako» diskoa da “Lur”. Hitz bakarreko izenburua du, baina baditu hainbat adiera. «Badagoelako jendea lurrik benetan ez duena, duela 75 urte haien lurretatik bidaliak izan zirenak eta azken hiru urteetan zuzenean eta telebisatuta bizi izan dugun tragedia horren parte direnak», egin du azpimarra Zeberiok. Palestinar herriari erreferentzia egiteaz gain, izenburuak Angeluko etxeari ere egiten dio keinu. Etxe horren aurreko soroa baserri gune bat zen lehenago, eta Lur da eremu horren izena. Oihenartek onartu du ez zela hasieran buruan zuen aukera, baina «diskoa borobilduz eta kantu hautaketa egiterakoan ohartu gira ondo zegoela, nahiz eta disko andana bat izen horrekin dauden». Kasualitate bat dirudienak baditu aurpegi gehiago Zeberioren ustez: «Aldaketa klimatikoaren inguruko proiektu bat egiten ari ginen, gure lurrari gertatzen ari zaionari buruz. Gure lurra osotasunean hartuta. Mundua. Batzuk ez dira kontziente aldaketa klimatikoarekin eta daraman bidearekin. Beldurra sor dezake benetan pentsatzen hasiz gero». Eta ikuspegi globaletik lokalera eraman du begirada tolosarrak. «Maddi Gotainekoa da, ni Tolosakoa. Baina batzen gaituena gure lurra da. Gure kultura, gure hizkuntza, gure musikak, gure jendeak...».

SOILTASUN KONPLEXUA

Maddi Oihenartek hain berezkoa duen Zuberoako kantaera norbere eta beste batzuen minei kantatzeko erabiltzen du “Lur” diskoan. «Maddik berak a cappella defenda ditzake bere kantuak. Badaude instrumentaziorik gabe pobre gelditzen diren abeslariak; Maddiren kasua ez da hori. Erronka, beraz, zerbait egiterakoan zer egin erabakitzea da, zertarako, zein moldaketa edo zein instrumenturekin, kantua hobetzeko baino izorratzeko arriskua baduzu». Beraz, kantuaren eta Maddiren alde zer egin erabakitzen ibili da Zeberio, «hor dago agian diskoaren soiltasun horren arrazoia». Oihenartek duen kantaeraren musikaltasuna probestuz eraiki da diskoaren instrumentalizazioa. Zuberotarrak abesteko modu hori maite duela aitortu du, eta azaldu du galtzen ari den arren, lehen Euskal Herri osoan hedatua zegoen moldea dela. «Lehenagoko bertsolari bizkaitarren grabaketak entzunez gero, hori entzuten zen».

Ahotsak pisua duen arren, letrak ere nabarmentzekoak dira diskoan. Leire Bilbao, Joseba Sarrionandia, Juanra Madariaga, Itxaro Borda edota Mahmud Darwix egileen hitzekin ondu dute “Lur”. «Batzuk ordenagailuan apuntatzen ditut, irakurtzerakoan». Memoriak ziria sartzen dio batzuetan Oihenarti. Normalean poema bat irakurri eta segidan jasotzen baitu. Baina tarteka ahaztu egiten du egilea ere idaztea.

Hala gertatu zitzaion Madariagaren “Eskutxo biekin” kantuarekin. Bertolt Brechten itzulpenak zirelakoan deitu zion Madariagari; eta honek bere hitzak zirela esan zion. Zoriz beteriko prozesua izan da. Kantu beraren melodiak ere ausaz egin baitzuen bat poemarekin. «Banuen melodia bat, ‘Txistuka’ izena jarri niona. Mendian nindoala txistuka egin nuen eta telefonoan grabatua utzi nuen. Sinplea zen, baina herrikoia». Entsegu batean egin zuten topo hitzek eta doinuak. «Maddi kantuan hasi zen eta bat zetorren. Ez genuen apenas ezer aldatu behar izan, errepika gutxi batzuk eman genizkion besterik ez». Oihenartek argi du: «Hori izan behar zuen. Azkenean kasik ez dugu guk hautatu, gauzak horrela heltzen dira lekua eta denbora uzten bazaie».

TRANSMISIOA

Hamasei urte dira elkarrekin disko bat argitaratu zutela, baina tartean ez dira geldirik egon, musika elkarrekin egiten eta elkarren arteko zubiak eraikitzen jarraitu dute urte hauetan zehar. Oihenartek azaldu du 2003an Josetxo Goia-Aribe konpositore eta saxofoi jotzailearekin grabatutako lana izan zela harremanaren abiapuntu. «Emanaldi bat genuen Tolosan, gogoan dut, eta berandu amaitu genuen. Etxean lo egitera gonbidatu ninduen Juantxok. Proiektua amaitu zen baina guk lagun moduan jarraitu genuen». Zeberioren aldetik, miresmena ezkutatu ezinezkoa da. «Nahiz eta berak ez duen bere burua artistatzat, nik kontsideratzen dut gure euskal Billie Holiday». Oihenartekin une oro ikasten duela nabarmendu du. «Gu beste musika batzuetan, beste mundu batzuetan, eta Maddik niri beste leiho bat ireki dit. Oso egiazkoa. Hemen Zuberoa postal urrun bat bezala ikusten dugu, baina berari esker oso hurbil dut jada. Nire hanka bat gehiago da». Opari bezala du Zeberiok 25 urte hauetan «mundu eta musika horren parte izatea berekin». Haien bien arteko laguntasun zubiak eraikitzeaz gain, bestelako zubiak ere sortu dituzte belaunaldi eta musikariekin. Esku eta ahots askok parte hartu dute proiektuan. Tartean, Miren Narbaiza, Olaia Inziarte eta Malentxo eta Mattin Zeberio. Euskal kantugintzaren erreferenteetako bat da Maddi Oihenart, baina berak ez du horrela sentitzen. «Nire kezka hau gal ez dadin da. Bide desberdinak daude baina oso zaila da. Momentu berean hainbeste gauza sortzen dira, azkenean gurea isil-isil txoko batean gelditzen ahal dela». Bide beretik jarraitu dio lagunak: «Transmisioa gertatzeko ez dago formula magikorik, baina jendeari erakutsi egin behar zaio. Gazteak gauza hauek gertatzen diren lekuetara eraman behar dituzu eta jarri behar diezu begi aurrean hau ere existitzen dela» dio Zeberiok. Baina erronka ikusgarritasunean kokatu du: «Nola jarri fokua, kasu honetan, euskal musikan eta Euskal Herriko hizkuntzan, mundu osoa klik batera dugunean?».

ZUZENEKOAK

Patxadaz egindako diskoa da Oihenarten eta Zeberioren azkena. Eta lasaitasunez hartu dute, era berean, zuzeneko oholtzaratzea prestatzeko lana. Udako atsedenaldia iritsi bitartean, lau emanaldi egingo dituzte, guztira. Horretarako, Miren Zeberioren eta Angel Unzuren laguntza izango dute. Lehen kontzertua Galdakaon, Torrezabal kultur etxean, eman zuten joan den apirilaren 19an, laukote formatuan. Larunbat honetan Zumaian bikote moduan ariko dira Maddi Oihenart eta Juantxo Zeberio. Eta horren ondoren, maiatzaren 23an, Miren Zeberiorekin batera oholtzaratuko dute Hernaniko Chillida Lekun azken-aurreko emanaldia. Markinan bikote formatuan errepikatuko dute, uztailaren 3an. Udara igarota, kontzertu gehiago antolatuko dituzte.