AMAIA EREÑAGA
BILBO

Max sarien sagarrari kosk egiteko prest lehen lerrora datorren euskal antzerkia

Ez daukate tamaina handiko antzerki konpainia baten aterkirik, ezta haien dirua ere. Baina egindako esfortzuari esker, eta zirkuitu handien bazterretik ari direla dirudien arren, ekainaren 1ean Meridako Erromatar Antzokian izango dira euskal antzerkia ordezkatzen. Max sariei, antifaza duten sagar gorriei, kosk egiteko prest daude.

Aurtengo izendatuak eta babesa eman dieten erakundeak, Bilbon.
Aurtengo izendatuak eta babesa eman dieten erakundeak, Bilbon. (Mikel MARTINEZ DE TRESPUENTES | FOKU)

«Familia osorako txotxongilo ikuskizun bat helduen kategorietan sartzea eta konpainia handiekin lehiatu ahal izatea lorpen historikoa da», aitortu zuen atzo Miren Larreak, Anita Maravillas konpainiako kideak. Datorren ekainaren 1ean Meridako Erromatar Antzokian izango da Zornotzako talde hau, hiru ataletan saria jasotzeko hautagai baita. Bertan izango dira, halaber, Durangoko Ganso&Cia, kale antzerkiko atalean finalista, eta Las Nenas Theatre nafartarrak, errebelazio-ikuskizun onenaren atalean izendatuta. Txotxongiloak, clownak eta undergrounda; horra hor “euskal ekuazioa”.

Estatuko arte eszenikoetan izen handiena duten sariak dira Autore eta Argitaratzaileen Elkarte Nagusiak (SGAE) urtero ematen dituen Maxak. Ez da erraza finalera iristea; bidean hainbat gelditu dira. Bilboko Campos antzokian elkartu ziren atzo aurtengo hiru konpainia izendatuak. Aurkezle lanetan, Fran Lasuen musikaria aritu zen, SGAEren Euskal Herriko ordezkaria eta, bide batez, “Andereño” ikuskizunagatik finalista musika zuzendaritza onenaren atalean. Anita Maravillasekin lan dezente egin du azken urteetan Oskorri eta Izukaitzeko kide ohiak.

Hiru izendapen eskuratu ditu aurten Anita Maravillas & Portal 71-ren ekoizpenak: aipatutako Lasuenena; Ion Chavezena, argiztapen diseinu onenaren atalean; eta haur, gazte edo familiako ikuskizun onenarena. «Konpainia independente legez, oso konplikatua da honetara iristea, gehienetan ekoizpen handiak iristen direlako. Hautatu ohi dira antzoki handiek sostengatzen dituztenak, baina orain konpainia txiki honek, egonkorra eta hainbeste urtetako ibilbidea izanik, lortu izana luxu bat da, eta, lanbideari dagokionez, oso adierazgarria», adierazi du Rocio Pindado (Portal 71) ekoizleak. “Andereño/La maestra” obra penintsula osoan mugitu dute, gaztelaniaz, katalanez eta euskaraz. Andaluziatik iritsi berriak dira -dagoeneko 200 emanaldi egin dituzte antzezlan honekin- eta 2027. urtea mugitua aurreikusten dute. Errepublikako irakasle bat protagonista bihurtu dute txotxongilo ikuskizun honetan.

Oso gertu daude errotuta Ganso & Cia clownak, izan ere, Durangoko San Agustin kulturguneko talde egoiliarra da. “Welcome & Sorry” kaleko antzezlanari esker izendatu dituzte, baina Gorka Gansok eta Cecilia Paganinik ez dute irabazteko esperantzarik. Beraien lanarekin, modu duinean, jarraitzea dute xede. Erriberri, Almagro, Sagunto... jaialdi ugaritan lan egin dute, bai eta plazetan, parketan... «Guk publiko guztientzat egiten dugu lan, horixe baita kale antzerkia guretzat, publiko guztientzako artea. Ez dugu haurrentzako lanik egiten. Gertatzen dena zera da, kale antzerkia aparkaleku bat bihurtu dela: ‘Umea utziko dizut, ni tabernara noa eta, edo azken lerrora hitz egitera!’», azaldu du Gorka Gansok.