Jon GARMENDIA
Idazlea

Gonbidapena

Itzali da Edgar Morinen begirada, eta uste dut mende oso bat bizi izan den gizon handi honen heriotza, bere bizitzarekin idatziko den liburutzar bat izango dela. Halakoetan, ez dakit kontziente ote garen zer galdu dugun; zer jaso dugun bageneki, gaitz erdi litzateke. Pitzatzen hasia zen Europa sendo hartan jaio zen, etortzeko zeuden gerren zain. Haren figura datu ezezagunekin indartu ordez, ezagutu ez duenari eman nahi nioke haren berri, eta erran, Morinek berehala ulertu zuela mundua ez dela atal zehatzetan ordenatzen: politika poesiarekin nahasten delako, zientzia tragediarekin, filosofia eguneroko gosearekin. Eta hausturaren kontzientzia goiztiarra bere obraren tinta sekretua bihurtu zela. Nazismoaren aurkako erresistentzian ikasi baitzuen borroka bat josteko, elkartasuna, adorea eta kontsigna hutsalak obeditzeari uko egiten dion pentsamendua behar direla. Soziologo eta filosofo bihurtu zenean jakintzaren kale sakabanatuak lotu zituen besteontzat. Pasabideak ireki zituen: biologiatik antropologiara, politikatik gutartasunera, munduaren gonapean ezkutatutako musikaren bila. «Pentsamendu konplexua» deitu zion bilaketa horri. Bere liburuetan, giza izaeraren kartografia bat ehundu du, non samurtasuna eta hondamendia, ziurgabetasuna eta itxaropena elkartu diren. Bere inteligentziaren froga gisa farolak piztu ditu, ikusi dituenak bideari jarrai diezaion, ikusi ez dituenak bidea ikus dezan. Mundua arkatzez idatzia baitago, ezabatu, edo zuzendu, baina pentsatzeko gonbidapena eginez.