Alberto MATXAIN
Iritzi saileko erredaktorea
JOPUNTUA

Kontsumitzea ere etorkizun baten alde egitea da

Duela gutxi, korrika egiteko oinetakoak jubilatu nituen. Agian ez ditut nahi beste erabili, baina kilometro batzuk egin dituzte, eta, kontuan hartuta pandemia garaian erosi nituela, eman dute berea.

Iruñeko Alde Zaharreko La Millan erosi nituen. Horrekin lotuta, presente dut lagun batekin edukitako elkarrizketa. Oinetakoak ez zitzaizkidan merke atera, eta lagunak komentatu zidan nahiago zuela zapatilak (eta beste gauza asko) Amazonen bidez merkeago erosi auzoko komertzio txikian baino. Ulertzen dut, nagusitu den logika da. Masa kontsumoko jendarte batean bizi gara, eta gehiago kontsumitu ahal izatea bizi kalitatearekin eta zoriontasunarekin erlazionatzen da. Afera da gure hautuek eragina dutela: beste saltoki txiki askok bezala, La Millak itxi egin behar izan zuen. Amazonek, bere aldetik, mundu osoko denda txikiei kalte egitearekin batera, Israelgo Gobernuarekin eta Armadarekin kolaboratzen du.

Nahita edo nahi gabe, eta neurri txiki batean bada ere, gure kontsumo ohiturek etorkizun jakin baten alde egiten dute. Euskal Herrian, zorionez, bada gai honekiko kontzientzia maila bat. Badira kontsumoaren potentzial eraldatzailea ulertzen duten pertsona asko, kasu batzuetan, kontsumo kooperatibak antolatu dituztenak. Interesgarria litzateke ikuspegi eta kultura hau hedatzea.

Norberaren kontsumo maila murriztean, Amazon baztertu eta bertako komertzioa hautatzean, tokiko nekazari eta abeltzainen produktuak erostean, Errigora edota Ikaskoliren eskaintza aukeratzean edo energia eta telefonia multinazionalak baztertu eta Goiener eta Izarkom aukeratzean, adibidez, etorkizun baten alde egiten ari gara. Carrefour boikotatzen dugunean, genozidio sionistarekin kolaboratzen duelako, mundu hobe baten alde gure aletxoa jartzen ari gara.

Kostatzen da, informatzeko ahalegina egin behar da, ohiturak aldatzea dakar, askotan garestiagoa da, baina, bai, kontsumitzen dugunean, gure neurrian, gure seme-alaben belaunaldiari utziko diogun mundua aukeratzen ari gara.