Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
SE TIENE QUE MORIR MUCHA GENTE

Lagun artean, baina bakardadean

Telesailak komedia beltzaren kodeak erabiltzen ditu belaunaldi baten antsietatea, osasun mentala, eta ahizpatasuna aztertzeko. Barbara (A. Castillo), Maca (L. Weissmahr) eta Elena (M. Garcia) dira protagonistak. Eta zeharka bada ere, baita Sofia Oterok gorpuzten duen Barbaren haurtzaroko alegiazko bertsioa ere.

Hiru lagunak elkarrekin joan ziren eskolara, eta hogei urte geroago ere adiskide izaten jarraitzen dute. Barbara erabat frustratuta dago bere lanarekin; depresioa du, eta bentzodiazepinekiko mendekotasuna garatu du. Macarekin bizi da; aktore izan nahi duen arren, zerbitzari lanetan aritzen da. Elena, berriz, haurdun dago eta 60 urteko gizon aberats batekin ezkonduta dago. Barbararen krisi pertsonalak dena hankaz gora jarriko du.

Telesailak hautsi egiten ditu emakumeen arteko adiskidetasunari buruz eraikitako irudi gozo eta idealizatuak. Hemen ez dago ahizpatasun perfekturik, ezta irakaspen moralik ere. Protagonistak berekoiak dira batzuetan, ankerrak, neurotikoak eta sakonki zaurgarriak. Elkar maite dute, baina askotan elkar mintzen dute. Laguntasuna babesleku bihurtzen da une batzuetan; beste batzuetan, berriz, ihes egin ezin den espetxe emozionala.

Hiru aktore protagonisten lana da telesailaren oinarrietako bat. Aipagarria da, halaber, Sofia Oteroren pertsonaia. Barbara helduari bere haurtzaroko alter egoa etengabe agertzen zaio, eta baliabide narratibo horren bidez traumak, segurtasun ezak eta autosuntsiketa mekanismoak erakusten dira, tonu satirikoa galdu gabe.

Telesailak emozionalki akituta dagoen belaunaldi baten erretratu deserosoa egiten du: prekaritatearen, indibidualismoaren eta maitatua sentitzeko beharraren artean harrapatuta bizi den belaunaldiarena.