Andoni TOLOSA «MORAU»
Musikaria

Udako zutabea

Txinaurria eta elefantea iritsi dira udara, iritsi dira lehoia eta gamelua, sugea eta tximeleta, amuarraina eta balea... udarako prest dituzte haien kantu guztiak, haien soineko guztiak, ibilgailu oro, haien asmoak. Musikariontzat uzta garaia da uda, ereindakoa jasotzeko sasoia, garai hori non, azkenean, lana gogor egin arren, denontzat izango den ogia eta ardoa. Txikiarentzat zein handiarentzat, harroarentzat zein umilarentzat, ikusezinarentzat zein itsugarriarentzat, denek jasoko dugu, azkenean, merezi duguna, edo haren zati bat gutxienez. Hori baita uda; egindako apustuen saria edo zigorra jasotzeko aroa. Itxaropen horiek, eta makina bat lan, eta amesten ditugun amaierarik gabeko gauak dira sasoiaren mitologia infinituaren errudunak: nork imajina dezake musikarik gabeko uda bat Euskal Herrian? Imajinatzen has gaitezke musikaririk gabeko uda bat. Baina musika ez da faltako, ez, lasai!

Uda helduko baita, jostalari, ustez baita misteriotsu ere, nahiz eta bigarren asterako aurreikuspen nahiko fidagarriak egin ahal izan: musika txar askorekin eta musika on ahal den guztiarekin gozatzen saiatuko gara suelto, eta ziur egon gehiago izango dela lehenengotik bigarrenekotik baino.

Baina udan ezin dugu oso mizkin izan entzuten dugunarekin, izan ere, agian musikariren baten otorduren bat egon daiteke jokoan.