GUTUNAK

Ez dago eskubiderik!

Unai Abanzabalegi Baskaran

Iruñeko Nekazaritza eta Basogintzako Ikastetxe Integratuko Ekoizpen Agroekologikoko zikloko irakasleen izenean.

Joan den ekainaren 3an, asteazkenez, hainbat gazte atxilotu zituzten Iruñerrian, Vito Quiles eskuin muturreko agitatzailearen ekitaldia egitea eragotzi ondoren gertatutako istiluen harira.

Atxiloketa horietako batean Polizia Nazionaleko agenteak ikastetxeko instalazioetara sartu ziren zuzendaritzari aldez aurretik baimenik eskatu gabe, eta eskola ordutegian adingabea den gure ikasle bat atxilotu zuten. Nekazaritza eta Basogintzako Ikastetxe Integratuko Ekoizpen Agroekologikoko zikloko irakasle garen aldetik, bereziki larritzat jotzen ditugun gertakari horien aurrean gure kezka eta gaitzespena publikoki adierazi nahi ditugu.

Jarduketa hori azalpenik eman gabe gauzatu zen, ez ikasleari berari, ez eta une hartan harekin zeuden irakasleei ere. Gainera, agenteek aurpegia estalita zeramaten, eta gaztea eskuburdinak jarrita atera zuten ikastetxetik.

Polizia ikerketaren inguruko gorabeherak alde batera utzita, uste dugu hezkuntza esparru baten barruan eta adingabe baten aurka egindako esku hartze batek gardentasun handiena eta inplikatutako pertsona guztien eskubideen errespetu zorrotza eskatzen dituela. Horregatik, familiak zein hezkuntza komunitateak gertatutakoaren eta erabilitako prozeduren inguruko azalpen argia merezi dutela iruditzen zaigu.

Hezkuntza zentroek espazio seguruak izan behar dute, non ikasleek eta irakasleek beren jarduera konfiantzaz eta errespetuz garatu ahal izango duten.

Era berean, gure elkartasuna eta babesa helarazi nahi dizkiogu ikasleari eta haren familiari.