Aaron Durogatik errekor handia ezarri du Hike&Fly modalitatean
Italiarrak 18 aldiz igo du Slogen mendia (1.564 m, Norvegia) eta beste hainbeste aldiz jaitsi da gailurretik parapentez 24 orduko epean. Denera, ia 103 kilometro eta 20.000 metroko desnibel positiboa.

Aaron Durogati parapentearen munduan izen handia da. Profesionala da, eta badaki zer den Munduko Kopa eskuratzea. Hike&Fly modalitateari dagokionez, berriz, muturreko izaera duen Red Bull C-Alps lasterketa irabazi du. Nahiz eta lehiakide handia den, noizbehinka txapelketak alde batera uzten ditu eta erronka handiak (muturrekoak) egitera bideratzen da.
Hilaren hasieran, adibidez, ibilaldia eta parapentea uztartzen dituen modalitate horretan, errekor bikaina ezarri zuen. Norvegiara bidaiatu eta Slogen mendia (1.564 m) hartu zuen helburu. 24 ordu baino gutxiagoan Durogatik mendi hori hemezortzi aldiz igo eta gailurretik hegan egin zuen parapentearekin. Datuak ikaragarriak dira: 103 kilometro eta 19.424 metroko desnibela gainditu zituen.
Parapentearekin eginiko jaitsieretan, gehienez, 86 kilometro orduko abiadura hartu zuen. Aurreko errekorra Tanguy Renaud-Goudek zuen 17.534 metroko desnibelarekin. Hike&Fly modalitatean kirolariak parapente arina eta mendiak igotzeko behar den tresneria garraiatzen ditu bizkar zorroan. Mendia oinez edo korrika igotzen du, eta, ondoren, tontorreko kondizioak aztertu eta, onak badira, hegala zabaldu eta hegan egiten du. Lur hartu, hegala motxilan sartu eta berriro “gidoi” bera errepikatzen du.
«OSO GOGORRA»
Durogatik hori hemezortzi aldiz egin zuen Slogen mendian 24 orduko epean. Kirolariak aurreratu du mendi hori aukeratu zuela nahiko bertikala delako: «Igoerak eta hegaldiak errepikatzeko oso egokia da. 1.000 metroko desnibela du, eta igoera bakoitza sekzio txikietan banatzen nuen; ondoren, ahalik eta zehatzena, eraginkorrena eta azkarrena izateko hegaldi bakoitzean».
Modalitate horrek, mendiak behin eta berriz igotzeaz gain, parapentearen nabigazioa, denboraren irakurketa, erresistentzia eta erabaki egokiak hartzea eskatzen ditu. Hortaz, italiarrak aipatu duen bezala, nekea ondo kudeatzea ezinbestekoa da: «Oso akitua sentitzen zarenean, hegan egitea ez da batere samurra. Horregatik, indarrari eta entrenamendu fisikoari berebiziko garrantzia eman nion. Horri guztiari esker, eginiko esfortzua nahiko kontrolatua izan nuen. Batez besteko bihotz maiztasuna 118 ppm-koa izan zen. Burua hotz mantentzea ere ez zen batere erraza izan. 4.000-5.000 metroko desnibela metatu nuenean, une gorabeheratsua izan nuen. Oraindik 20 ordu aurretik nituen, baina egoera hori gainditu eta itzuli bakoitzean kontzentrazioari eutsi nion».
Datu gehiago eman ditu Durogatik. Adibidez, esan du 10.094 kaloria erre zituela. Pertsona askoren egun batzuetako janariaren parekoa da hori, eta egun bakar bateko jardunean erre zituen. Muturreko eskarmentu horretan eginiko esfortzuaren errekuperazio denborari dagokionez, 119 ordukoa izan zen. Hots, ia bost egun.
Amaitzeko, lerrootako protagonistak adierazi du errekor berri hori proiektu luze baten amaiera izan dela: «Emaitzarekin oso harro nago. Epe luzeko xedea zenez, denbora asko eskatu dit. Asko lehiatzen naizenez, helburu hau aurrera atera ahal izateko, hiruzpalau urte behar izan ditut. Bederen, aukeratutako alderdiarekin eta taldearekin asmatu dut. Nire ibilbidean izaera horretako jarduera bat falta zitzaidan, eta aurten motibazioa eta une egokia heldu dira».

«Ohorea izan da Zarauzko alkatea izatea; plazera ez beti, gogorra ere izan delako»

Militares israelíes piden detener las acciones «terroristas» de los colonos

«Hemos gestionado grandes proyectos en una legislatura dura»

«Ohartzen dira Euskal Herria zazpi probintziaz osatuta dagoela»
