Estibalitz EZKERRA
Literatura kritikaria

Zona grisa (II)

Oetimuko jendea” nobelak ezin hobeto azaltzen duen biktimizazio konplexuaren adibide da Ipi polizia sarjentua. Oetimun zakar eta indarkeriaz tratatzen ditu herritar xumeak, haurrak eta gazteak batez ere, Suhartoren indarren alde (baina haien begirunerik gabe) ari den Ipik. Nobelak aurrera egin ahala -edo, hobeto esanda, denboran jauzi egin ahala-, jakingo dugu Portugalgo giro politiko nahasiari iskin egin asmoz Ekialdeko Timorreko koloniara bidalia izatea lortu zuen militar baten alaba duela ama. Deskolonizazio prozesua ikuskatzea zen Oetimura heldutako Julio Craveiro dos Santosen egiteko nagusia, baina gertaera inozo bategatik lurraldea okupatzen hasitako Suhartoren indarrek Timorren independentziaren alde borrokan ari diren komunistei laguntzea leporatu eta exekutatu egin zituzten bera eta emaztea. Laura alaba, berriz, militarrek bahitu eta nahierara bortxatu zuten hainbat hilabetez. Gatibualditik ihes egitea lortu zuen halako batean, haurdun eta gaixo. Bere babesean hartutako Am Siki timortar xumearen laguntzarekin erditu ostean hil zen Laura, bere izenaren zein bizitzaren berririk inori eman gabe. Ipik berak ez ditu bere jatorriaren nondik norakoak ezagutzen eta horrela hilko da, talde komunista matxino baten eskuetan.

Ez da erraza “Oetimuko jendea”-n azaltzen diren gertaerak irakurtzea.