«Denok beti talde bat bezala lan egitea da gure indargunea»
Gipuzkoako harrobi emankorraren fruitua, Intza Egiguren (Anoeta, 2005) bikain aritu zen Realeko lehen taldearen dortsalarekin egin zuen lehen denboraldian. Txuri-urdinek Txapeldunen Ligarako txartela historian bigarren aldiz lor zezaten lagundu zuen, ziurrenik espero baino protagonismo handiagoarekin. Orain sariaz gozatu nahi du.

Soilik 16 urterekin eta oraindik bigarren taldeko jokalaria zela, Anoetako harmailetatik ikusi zuen Realaren eta Bayernen arteko norgehiagoka. Lau urte geroago, lehen taldeko jokalari gisa gozatuko du joan den denboraldian bere taldekideekin batera lortutako saria. Aurkaria beste bat da, Chelsea ere Europako talde handienetakoa izan arren, eta orain «ahalik eta ondoen egiteko ardura» sentitzen du. «Ilusioa», berriz, berbera da eta goi-goian dago. Izan ere, Intza Egigurenen ustez, horixe izango da Realaren «armetako bat» asteazkenetik aurrera Londreseko taldearen aurka Txapeldunen Ligako liga faseko postu baten bila jokatuko duen kanporaketan.
Uda luzea egingo zen.
Ez, ez, gogo handia dugu hasteko, baina atseden hartu eta lan egin, gauza biak egin behar genituen, eta biak ondo egiteko denbora izan dugu. Lehenengo oporrak, deskonektatzeko, atseden hartzeko eta pilak berriro kargatzeko ondo etorri zirenak. Eta gero denboraldiaurrea, hori ere ezinbestekoa baita gero ondo egoteko. Egia da orain politena etorriko dela, denoi gustatzen zaiguna.
Denboraldi hasiera gogorra da eta, gainera, lehen zortzi egunetan jokatuko dituzuen hiru partidetatik bi oso garrantzitsuak dira. Udako prestakuntza aldatu da horretan pentsatuz?
Ez. Hasiera desberdina izango da, aurreko denboraldian egin genituen merituei esker. Baina prestakuntza ez da aldatu, berdina izan dela esango nuke. Iaz bezala, geure burua ondo prestatu dugula uste dut eta, gainera, jokatu ditugun partidek sentsazio onak utzi dizkigute.
Ezinbestekoa da sasoian egotea aurretik duzuen kanporaketa zailari aurre egiteko.
Dudarik gabe. Hala izango litzateke edozein kasutan, baina, gainera, Chelsea eta talde ingelesak, oro har, fisikoki oso indartsuak dira, eurentzat denboraldiko lehen partidak hauek badira ere. Futbolean fisikoa baino faktore gehiago sartzen dira jokoan, baina ezinbestekoa da erritmoa eta indarra edukitzea; haien mailara egokitu behar dugu, bi partidek izango duten exijentziarako prest egon behar dugu.
Bazenekiten aurkaria gogorra izango zela bai ala bai. Gogokoren bat al zenuen?
Egia esan, tokatu ahal zitzaizkigun aurkari guztiak zailak ziren, erakargarriak ere, baina zailak. Agian Chelsea zailenetakoa da, baina exijentzia handia izango zen kasu guztietan. Eta aurkarietako edozeinen aurrean, gure ideia ere bera izango litzatekeela uste dut: zein talde garen jakitea, zertarako gai garen jakitea, lehiatzea eta gure aukerak aprobetxatzen saiatzea.
Plantillagatik, esperientziagatik, Chelsea da faboritoa. Baina behartuago ere badago. Presioak, behintzat, zuen alde jokatuko du.
Daukaten plantillarekin, argi dago urtero duten helburuetako bat Txapeldunen Ligan lehiatzea dela. Baina ohituta daude presiora ere. Eta esperientzia dute txapelketa honetan, urtero jokatzen baitute. Baina uste dut guk ilusio puntu bat gehiago dugula. Azkenean, beraiek urtero daude hemen eta guretzat gauza berria da; Realak behin bakarrik jokatu du, gutariko gehienek inoiz ez... Nik uste dut hori ere nabaritu behar dela.
Garrantzitsua da itzulerako partida etxean jokatzea?
Bai. Aurkari guztiei asko kostatzen zaie hemen irabaztea, joan den denboraldian ikusi genuen bezala. Gure mailarik onena eman behar dugu han, kanporaketa etxean erabakitzen saiatzeko. Hemen zaleen laguntzak asko ematen digu.
Pena da ez jokatzea ez Stamford Bridgen ez Anoetan.
Guretzat agertoki hau betikoa da. Eta joan den denboraldian Zubietan egin genuenaren ondorioz iritsi gara hona. Egia da polita izango litzatekeela Anoetan jokatzea, baina ezinezkoa denez, oso gustura lehiatuko gara Zubietan.
Kanporaketa galdu arren, Europan jarraituko duzue. Laguntzen du hori jakiteak?
Nik uste dut ez dugula horretan pentsatu ere egiten. Duela lau urte gertatu zena baino hobea da, orduan ezer gabe geratu baikinen. Baina oraintxe bertan kanporaketa hau irabazi eta Txapeldunen Liga jokatzea besterik ez dugu buruan. Eta lortzen ez badugu, orduan, bai, ilusio osoz joango gara Europa Cupera
Txapeldunen Ligarekin jarraituko dugu orduan. Zer duzu esateko Chelseari buruz?
Munduko jokalari onenetarikoak dituela posizio guztietan, niri adibidez asko gustatzen zait Lauren James, bat aipatu beharko banu. Ekonomikoki oso klub indartsua da eta hori plantillan nabaritzen da, ia jokalari guztiak internazionalak dira, eta, gainera, selekzio oso potenteetan. Indibidualki, talde ikaragarria da, eta, fisikoki, oso indartsuak dira.
Eta haiek zer nabarmenduko dute Reala aztertzen dutenean?
Taldea. Gure indargunea hori dela uste dut, talde bat garela eta denok beti lan egiten dugula talde bat bezala. Eta denok esaten dudanean, esan nahi dut zelai barruan daudenek eta kanpoan daudenek. Denok batera eta helburu berarekin lan egiten dugu. Eta, gainera, uste dut erakutsi dugula oso talde lehiakorra garela, oso zaila dela guri irabaztea. Horixe egin behar dugu kanporaketa honetan ere: euren indarguneak gure lanarekin neutralizatzen saiatu, oso kontzentratuta eta sendo egon eta gure aukerak aprobetxatu. Ilusioa ere sekulakoa dugu, inork baino gehiago; hori ere baliatu behar dugu.
Esperientzia, berriz, gutxi. Txapeldunen Liga jokatu duten taldekide bakanek zer esaten dizuete?
Bizitzan gutxitan izaten den aukera dela eta ilusioz bizi eta disfrutatu behar dela. Lehiatu, baina disfrutatu.
Txapeldunen Ligan ez, baina nazioarteko esperientzia baduzu selekzioen mailan. Gola ere sartuta final batean. Horrelako partiden aurrean lagunduko du.
Agian normaltasun handiagoz hartzen lagun dezake. Beste partida bat dela jakiteak… egiazki “beste bat” ez bada ere. Baina taldea orokorrean nahiko lasai dagoela uste dut, motibazioa eta ilusioa sekulakoak diren arren.
Txapeldunen Liga bakarrik ez eta Liga, Kopa eta Superkopa jokatuko dituzue aurten. Erronkaz beteriko denboraldi erakargarria, baina baita oso exijentea ere.
Bai, lau lehiaketa jokatzeak asko exijituko digu. Baina hori da futbolarioi gustatzen zaiguna. Partidak jokatzea gustatzen zaigu, eta zenbat eta gehiago izan, orduan eta hobeto. Eta gauza politengatik borrokatzeko bada, askoz hobe.
Hainbat fitxaketa egin dira, baina jokalari kopuruari dagokionez, plantilla aurreko denboraldikoaren antzekoa da. Nahikoa izango da?
Nik uste dut plantilla ona eta oso orekatua dugula, postu guztietan jokalari nahiko gaudela eta denok dugula gauzak ondo egiteko gaitasuna. Eta uste dut guztiok izango garela garrantzitsuak.
Zu iaz izan zinen. Zure lehen denboraldia zen lehen taldearen dortsalarekin eta minutu asko eta errendimendu oso ona izan zenituen.
Uste baino gehiago jokatu nuen. Horri eutsi nahi diot, erregularra izan, ikasten jarraitu eta nire mailarik onena eman. Postu guztietan dago lehia, eta ziur denok dugula taldeari laguntzeko eta gure maila erakusteko aukera.
Zein dira zure helburuak, pertsonalki eta kolektiboki?
Pertsonalki, disfrutatu. Uste dut nabaritzen zaidala zelai barruan disfrutatzen ari naizenean eta hori da nire helburua. Ondo eta asko jokatu taldeari laguntzeko eta disfrutatu. Eta talde mailan, Ligan berriro erregularrak izatea eta beste txapelketetan disfrutatzea da helburua. Momentu onetan eta txarretan talde bateratua izatea, horrek asko ematen digulako.
Eta ametsa?
Hasteko, kanporaketa hau gainditzea.

Euskal Herria maite zuen ekintzaile eta bakezale sutsua

Relevo con polémica en el programa «En Jake»

Kantuan agurtu dute Sabino Ormazabal
